Astra metal musikaren tenplu izango da, bederatzigarrenez
Metal Fabrika ekimenaren bederatzigarren aldia ospatuko dute bihar (martxoak 28). Metal musika eta zuzenekoak hauspotzea eta indartzea helburu izanik, Txatar talde azpeitiarra eta The Blackening talde iruñarra izango dira Astran, 20:30eatik aurrera.

Ez bat, ez bi. Bederatzi. Bederatzi urte, eta bederatzi mila esperientzia partikaratuta dituzte dagoeneko Gernika-Lumon errotuta dagoen Metal Fabrika ekimeneko antolatzaileek. Izan ere, bihar (martxoak 28) ekimenaren bederatzigarren jardunaldiak eskainiko dituen metal soinuek beteko dute Astra Kultur Faktoria, 20:30eatik aurrera. Bederatzigarrenera heltzeko bidean, hastapenak gogoratu dituzte antolatzaileek: “Astran irrati libre bat dugu. Hori finantzatzeko asmoz hasi ginen kontzertuak eskaintzen. Guri gustatzen zaigun musika, zaletasuna dugun musika estiloa nolabait suspertzeaz eta ikustarazteaz gain, diru apur bat lortzeko modu bat ere bazen”.
Metal musika oinarritzat izanik, “gogotsu” agertu dira, beste behin. Hala, gaur egunera arteko bilakaera edo hazkundea nabarmendu dute: “Hasieran bi lagun ginen, gaur egun, bederatzi urteren ondoren, berriz, 7 pertsona gaude Metal Fabrikaren atzean”. Urtean bizpahiru kontzertu egiten dituzte, eta esan dutenez, irratia finantzatzeko helburuz hasi zen horrek, gaur egun “bere pisu propioa” hartu du herrian, eta eskualdean. Horrek, irratia “albo batera” uztea eragin izan duen arren, hastapenetan tinko mantentzeko saiakerarik ez zaie falta: “Nahiz eta gura duguna baino gitxiago ekiten diogun irratiari, noizean behin podcast edo irratsaioak egiten ditugu oraindik”.
“Aurreikuspen handirik barik” hasitako ekimena dela gogoratu dute antolatzaileek, eta horrek, begirada atzera botata, “balorazio ona” egitea ahalbidetzen diela argi dute. “Guri musikak betetzen gaitu. Gustatu egiten zaigu, eta beraz, kasu honetan metal doinuei Gernika-Lumon eta Busturialdean zuzeneko kutsu hori eskaintzea soilik geneukan buruan. Hortik etorriko zena pentsatu gabe”, arrazoitu dute.
Esan daiteke Metal Fabrika herrian errotuta dagoela, bederatzi urte eta gero. Aurrera begira, “motibazioa” azpimarratu dute: “Gu ere gero eta nagusiagoak gara, batzuek haurrak ditugu, eta denbora aldetik ez da erraza, baina dugun motibazioak hor jarraitu bitartean, Metal Fabrika kontzertuek ere hor jarraituko dute nola edo hala”. Horren erakusletzat, denboraldi honetan kontzertu bakar bat egingo dutela aipatu dute; biharkoa, hain zuzen.
Metal musika estiloa hauspotzearen garrantzia nabarmendu dute, halaber. Musikak abaniko “oso zabala” eskaintzen du, eta beraien hitzetan, “metal musikako zuzenekoetara gero eta jende utxiago hurbiltzen da”. Horregatik, falta zaion bultzada emateko, Metal Fabrikak duen “indarraz” baliatuko dira, gaineratu dutenez. “Gu asebetetzeko egiten dugu lan lehenik eta behin. Jendea hurbiltzen bada, eta gurekin gozatu nahi badu, ongi etorriak izango dira gurean”.
Txatar eta The Blackening.
Txatar eta The Blackening izango dira bihar, Astrako protagonista. Lehenak azpeitiarrak, eta bigarrenak iruñarrak. Izan ere, euskal taldeei plaza ematea da Metal Fabrikaren ezaugarri nagusia: “Guretzat berebizikoak dira euskal taldeak. Eszena ikusita, planteatzen hasten gara, nor ekarri, zenbat, zer bilatzeko, etabar. Kasu honetan, barikua izanik, bi izango dira bertaratuko diren taldeak, eta Astra metalez beteko dute”. Talde bi horiez gain, ohi modura, DJ Welder izenpean, “antolakuntzako bi lagun” ariko dira hutsune tarteak musikatzen, lau orduz “Astra metalgune bihurtzeko”.
30-50 lagun espero dituzten arren, “jende kopurua gutxienekoa” dela adierazi dute: “Hori ez da kezka bat guretzako. 50 badira, itzel, baina 15 badira ere, ez dugu arazorik. Ez dugu presiorik alde horrekiko, eta datozen taldeek ere argi daukate nora datozen, beraz, ez da arazorik egongo”. Hala ere, herritarrei animatzeko deia luzatu nahi izan diete Metal Fabrikakoek. “Bai Metal Fabrikara, baina baita Parnasus, Iparragirre edota Astran bertan eskaintzen diren beste hainbat zuzenekoetara animatzen ditugu herritarrak. Nahiz eta bakoitzaren estiloa ez izan, aukera bat ematera, probatzea, entzutea eta ikustea. Zuzeneko musika ororekiko apustua egitera animatzen ditugu”, azpimarratu dute.
Hortik tiraka, biharko ekimenerako sarrerak zortzi eurotan erosi daitezkeela gogoratu dute. Entradium-en bidez erosi daitezke sarrerak hasi baino bi-hiru ordu lehenagora arte. Hala ere, Astran bertan ere, momentuan erosi ahalko direla ziurtatu dute, “arazorik barik”.