Zesta-punta, beste ikuspuntu batetik
Datorren zapatuan [martxoak 29] Out of Series txapelketaren bigarren ekitaldia hartuko du Ereñoko pilotalekuak. Aisialdiaren ikuspuntutik zesta-puntaz gozatzea du helburu ekimenak, eta 30 lagun elkartuko ditu.

Iaz Lezaman egin zuten Out of Series egitasmoaren estreinaldia, eta aurten Ereñok hartuko du aisialdia, kirola eta saretzea uztartzen dituen ekimenaren bigarren ekitaldia. Zesta-punta zaleen topaketa egingo dute, goizetik eguerdira arteko egitarauagaz, eta 30 lagun daude izena emanda. 10:00etan ipini dute hitzordua, herriko frontoian. Egitasmoaren azalpena egin ondoren, mailaren araberako hiru kategoriatan banatuko dira parte hartzaileak, eta kinielak jokatuko dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu dute parte hartzaileen arteko saretzea dela ekimenaren jomuga nagusia: “Inongo presio barik egitea da asmoa. Izena bera horren erakusle da: Winter Series profesional mailako txapelketa existitzen den legez, Out of Seriesek goi mailako dinamika horren aurkakoa bistaratzen du, hau da, kirolaz gozatzeko eta ondo pasatzeko egiten den zerbait”. 15:00rak arte ibiliko dira pilotalekuan, eta ondoren bazkaritarako bilduko dira, Herriko Tabernan. “Parte hartzaileek oroigarritxoa jasoko dute, eta espero dugu jende berria ezagutzeko eta elkarren artean harremantzeko balioko duela”.