Zabalik dago herri kirol txapelketan izen emateko epea
Apirilaren 25 eta 26an Bermeoko II. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia hartuko du udalerriak. eta interesa dutenek apirilaren 11ra bitartean zabalik dute izena emateko aukera, Sustabiz Fundazioaren webgunean.

Bermeoko Udalak eta Sustabiz Fundazioak iaz hasitako bideari jarraipena eman eta Bermeoko II. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia antolatu dute apirilaren 25 eta 26an. Antolatzaileek azaldu dutenez apirilaren 25ean [zapatua] entrenamendu saioa egingo dute, eta 26an [domeka], berriz, txapelketa. Dagoeneko zabalik dago izen emateko aukera eta horretarako azken eguna apirilaren 11a [barikua] izango da, Sustabiz Fundazioaren webgunean dagoen galdetegia beteta.
Txapelketan parte hartu gura dutenek hiru partaidetako taldeak osatu beharko dituzte, eta nabarmendu dutenez, horietan “ez da generoa kontuan hartuko”. Izan ere, lehiaketan erabiliko diren pisuak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietakoak izango direla zehaztu dute. Taldearentzat izen bat aukeratu beharko dute, “euskarazkoa eta inoren ofentsarako adierazpenik gabekoa”.
Galdetegia betetzean parte hartzaileak entrenamendu saiora bertaratuko diren edo ez zehaztu beharko da. Hautazkoa den arren, antolatzaileen esanetn “guztiz gomendagarria” da saiora hurbiltzea.
Txapelketa sistema.
Txapelketa sistemako lana izen ematea itxita dagoenean argitaratuko dutela iragarri dute Sustabizetik, eta parte hartzeko interesa dutenei adi ibiltzeko gomendatu die, “sorpresaren bat egon daiteke eta”.
Era berean, txapelketa egunean sailkapen fasean zein fase finalean egingo dituzten probak jakinarazi dute. Sailkapenean trontza, harri jasotzea, ingude jasotzean eta txinga erutean trebatuko dira izena ematen dutenak. Fase finalean bosgarren proba bat ere egi beharko dute: zaku eramatea. Parte hartzaile guztiek kategoria bakarrean lehiaketuko dira.