Eguenetan ere, zesta-puntak beteko du Jai Alai
Afizionatuen mailakoen zesta-punta bultzatuko du Gernika Jai Alai Eskolak antolatu duen Eguenetan Jai Alai Txapelketak. Lehen mailako partiduak jokatuko dituzte eguenero, bihar hasita.

Gernika Jai Alai eskolak antolatuta, Eguenetan Jai Alai afizionatuen txapelketak hartuko du udalerriko Jai Alai frontoia bihar (martxoak 27) bertan hasi eta ekainaren 26ra bitartean. Eguenero, 20:00etan hasita, afizionatuen txapelketa lehiatuko dute, egun bakoitzeko bat, aste honetan salbu —barikuan ere jokatuko dute—, eta sarrera doakoa izango da.
Zortzi bikote ariko dira zein baino zein gehiago, bi taldetan banatuta: A taldean ariko dira Benetrix-Uranga, Aaron-Urrutxua, Garcia-Danel eta Txanika-Unda, eta B multzoan Leke-Oihenard, Celaya-Atain, Victor-Argoitia eta Javier-Oierdi. Bikote bakoitzak hiru partida lehiatuko ditu hasierako fasean, nork bere kategorian, eta gero, talde bakoitzeko bionenak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Sailkapen fase hori ekainaren 5era bitartean lehiatuko dute, eta finalaurrekoak ekainaren 12an eta 19an lehiatuko dutuzte. Finala, berriz, ekainaren 26an izango da.
Hala, bihar, Benetrixen eta Urangaren eta Txanikaren eta Undaren arteko aurrez aurrekoak abiatuko du aurtengo lehiaketa, eta, barikuan, Celaya-Atain bikotea Victor-Argoitiaren aurka ariko da.
Antolatzaileek esan dute bikoteak “maila onekoak” direla, lehiakorrak eta parekatuak, eta ez dute faboritorik zehaztu, hiruzpalau bikotek irabaz dezaketela uste baitute antolatzaileek. “Parekatuta dauden bikoteak dira. Badaude hiruzpalau bikote txapelketa irabaz dezaketenak: Unda-Txanika, Leke-Oihernad, Aaron-Urrutxua edo Celaya-Atain. Faboritoen artean Celaya-Atain izan daitezke faboritoenak, baina edonork irabaz dezake, nahiko berdinduta baitaude”.
Hala, txapelketagaz, afizionatuei zein eskolako kirolariei “txapelketa gehiago” jokatzeko aukera eskaini gura diete, baita udalerrian afizionatu mailako partida onak sustatu ere: “Gure helburua da afizionatu mailako bikote onen arteko partiduak bultzatzea udalerrian. Eskolan maila onean ari direnei partidak jokatzeko aukera eskaini gura diegu, beste eskoletako zestalari punta-puntakoenekin jokatzeko aukera emanez, euren joko maila hobetzeko”.
Horrelako txapelketek harrobia ere sustatzen dutela uste dute. Gernikakoa, hala ere, osasuntsu dago, “inoiz baino hobeto”: 100 gazte inguruk entseatzen dute bertan, eta hori “oso positiboa” dela diote. “Nahi dugu eskolako umeek partida onak ikustea, Gernikan ere maila onean aritu daitezkeela ikusaraziz eta partida horietaz gozatzera bultzatuz. Izan ere, maila handiko txapelketa da hau, afizionatu mailako onenak biltzen dituena”.
Iaz egin zuten lehenengoz eguenetan, aurreko txapelketan barikuetan izaten baitzen, eta erantzuna “oso posiitiboa” izan zela diote: “Jende asko etorri zen, asterik aste gero eta gehiago gainera. Sekulako giroa sortu zen, eta aurten ere berdina espero dugu. Beraz, herritar guztiak daude gonbidatuta, eta etortzeko deia egiten diegu, txapelketaz gozatzeko aukera ezin hobea delako”.