Domekan Jai Alairen hasiera arrakastatsua
Saretzea, harrobia, kirola eta aisialdi eskaintza uztartu ditu Domekan Jai Alai egitasmoaren lehen jardunaldiak, Artza udal pilotalekuan. Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak adin denetako partiduak antolatu ditu.

Bermeo tradizioz herri zestazalea izan baldin bada, zaletasun hori belaunaldi berrien artean suspertzeko eta errotzeko beharrean dabil, egun, herriko Zesta eta Pala Eskola. Ekin horren azken adierazlea abian ipini duten Domekan Jai Alai egitasmoa da. Zesta-punta oinarri eta saretzea ardatz, harrobian eragitea bilatu zuten iragan domekako [martxoak 23] lehendabiziko jardunaldian. Hainbat adin zein mailatako zesta-punta partiduak jokatu zituzten, gaztetxoenetatik hasita eta elite kategoriara arte. Gainera, ikusleek frontoira doako sarrera eduki zuten. Kirola eta ikuskizuna, beraz, herritik eta herriarentzat.
Eskolako ordezkari eta antolatzaileek azaldu dutenez, “oso arrakastatsua” izan zen estreinaldia, eta hala jarraipenari, nola giroari dagokienez, “balorazio oso positiboa eta itxaropentsua” egiten dute. Ekimenaren funts esanguratsuenetako bat ere nabarmendu gura izan dute: “Euskal Herriko zesta-punta eskolen arteko saretzea bultzatu gura dugu, Bermeon ere eskola bat dagoela, martxan dabilela, eta bertako ateak zabal-zabalik dituztela ikus dezaten”.

Argazkia: Bermeoko Zesta eta Pala Eskola.
Domekako kartelera gaztetxoenek abiatu zuten, 16:00retan. Eskolako ordezkariak kantxaratu ziren, beraien jendaurreko lehen pilotakadak “inongo presio barik” egiteko: “Izei, Oinatz, Janel, Aiert, Markel, Oier, Nakor, Ethan… klubeko hainbat ordezkarik parte hartu zuten, eta denek ala denek tarte itzel bat pasatu”. Jarraian, kimu mailako banakako partiduaren txanda izan zen. Iruskieta II.ak Argoitia IV.a eduki zuen aurrez aurre; Iruskietak irabazi zuen, 2 eta 1 gailenduz. Ondoren, haur-kadete mailako binakako partidua jokatu zuten. Arakistainek eta Iruskietak Kareaga eta Argoitia III.aren kontra jokatu zuten. Bigarrenek lortu zuten garaipena: 0 eta 2.
Herriko izarrak, Alex Hormaetxeak, 2 eta 0 irabazi zuen, Oier Diazegaz batera, Aitzol Galletebeitiaren eta Iñigo Undaren kontra
Egitarauko azken partidua, elite mailako puntistena, izan zen jarraipenik azpimarragarriena eduki zuena: “Arratsaldeak aurrera egin ahala, ahoz ahokoak bere bidea egin zuen, eta apurka-apurka jende gehiago bertaratzen hasi zen frontoira. Elite mailako pilotariak kantxaratu zirenerako, harmailetan giro aparta zegoen, are gehiago, tartean frontoian bermeotar bat jokatzen ikustearren”. Hain zuzen, herriko puntista Alex Hormaetxeak bikotea osatu zuen Oier Diaz gernika-lumotarragaz. Aurkariei dagokienez, Aitzol Galletebeitia lekeitiarrak eta Iñigo Unda gernika-lumotarrak osatu zuten bikotea. Partidu “borrokatua eta polita” izan zela azpimarratu dute antolatzaileek: “Nazioartean jokatzea zer den dakiten puntistak dira, izendun txapelketetan aritutakoak. Ikuskizun ederra oparitu zieten ikusleei”.
Domekan, Bermeo-Noain zesta-punta topaketa egingo dute
Hurrengoa, aste honetan.
Antolakuntzak Domekan Jai Alai ekimena “modu erregularrean” egitea aurreikusten du. “Ez dugu epe edo egutegi zehatzik iragarri gura; izan daiteke hilero egitea, edo bi hilero. Oro har, egitasmo politak antolatu gura ditugu, herritarrengandik hurre egongo direnak, eta ahalik eta modurik erregularrenean”. Hain zuzen, domeka honetan [martxoak 30] Noaingo zesta-punta eskolako hartuko dute Artzan, Bermeo-Noain topaketa egiteko.
Arrantzale Egunean, emakumezkoen zesta-punta indartzea bilatuko dute, “zerbait berezia” prestatuz
Horrez gain, Arrantzale Egunerako “zerbait berezia” atontzen ari dira, emakumezkoen zesta-punta zutabe: “Klubean laupabost neska ditugu, eta gehiago izatea nahiko genuke. Hori dela eta, egungo emakumezko puntistarik onenak bilduko ditugu, berriki Euskotren Winter Series moduko txapelketetan aritu direnak, gaztetxoenek ikusteko emakumezkoen ere asko dutela esateko frontoi barruan; uste dugu neskek emakumezko erreferenteak edukitzea garrantzitsua dela, eta horren inguruan behar egitera gatoz”.