Nautika eskolako ikasleak 'Ortube' itsasontzia birgaitzeko lanetan parte hartzen ari dira
Oinarrizko Lanbide Heziketako 13 ikasle "aktiboki" parte hartzen ari dira Ortube zaharberritze lanetan, sektoreen errealitatera hurbiltzeaz gain, funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen dien praktika programaren bitartez.

Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIk eta Ortube itsasontziak sinatutako lankidetzari esker, itsasontzia birgaitzeko lanek “indartsu” jarraitzen dute, beste urte batez. Izan ere, Oinarrizko Lanbide Heziketako 13 ikasle “aktiboki” ari dira parte hartzen Ortubeko zaharberritze lanetan.
Ikastaroa hasi zenetik, 13 ikasleek astero, eguaztenetan, lanaldi oso bat egiten dute Ortube birgaitzeko lanetan. Bertan, teknika espezifikoak hobetu, eta “erantzukizunaren, segurtasunaren eta laguntasunaren garrantzia” ikasteko aukera izaten ari dira.

Argazkia: Bermeoko Udala
Praktika programa lehen mailako modulu espezifikoen funtsezko zatia da, ikasleei sektoreen errealitatera hurbiltzeaz gain, funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen diena, esaterako, kontzentrazioa, talde-lana eta tresnen erabilera segurua. Izan ere, ikasleei ikasgelan eskuratutako ezagutzak praktikara eraman eta ingurune erreal batean aplikatzeko aukera eskaintzen die proietuak, irakasleek eta proiektuko boluntarioek gainbegiratuta lan eginez.
Balorazio positiboa
Nautikako irakasleek “oso positiboki” baloratzen dute ikasleak Ortuben egiten ari diren lana, eta ikasturte hasieratik izan duten “bilakaera eta konpromisoa” nabarmendu dituzte. Horrez gain, “lankidetzaren balioa” azpimarratu dute, gazteen prestakuntzari ekarpena egiten diolako eta, gainera, itsasontzia berreskuratzen laguntzen duelako.
Maila instituzionalean ere modu oso positiboan baloratu dute proiektuaren eragina. Iaz egin bezala, ikasleen lana gertutik ezagutzeko Ortuben izan dira Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Xabier Ortuzar Butron alkateordea, eta biek ere hitzarmenaren garrantzia azpimarratu dute, ikasleei mesede egiteaz gain, tokiko itsas ondarearen zaintza ere bultzatzen duelako.