Ekoetxea sareko zentro berria inauguratuko dute

Uraren Mundu Eguna da martxoaren 22a, eta egun hori aukeratu dute Arabako Lantaron udalerrian dagoen Ekoetxea Añana Sobron inauguratzeko; izan ere, antzinako Uraren Museoan kokatuta dago: «XIX. mendean eta XX. mendearen erdialdera arte, leku honek distira handiko garaia izan zuen, antzinako bainuetxeko ur mineromedizinalei esker. Hemendik aurrera, Ekoetxea Sobronek emango digu aukera leku pribilegiatu honetan urak gure bizitzan duen garrantziaz jabetzeko».
Hori da Arabako zentro bakarra, Ekoetxea sarea osatzen duten beste lau zentroak Bizkaian eta Gipuzkoan baitaude: Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian eta Azpeitia eta Txingudi, Gipuzkoan. «Astronomian, beste planeta batzuetan bizitza-arrastoak bilatzen dituztenean, ura ba ote dagoen izaten da darabilten markatzailea. Izan ere, ura ezinbesteko baldintza da bizitza egon dadin, ezagutzen dugun moduan, eta, gainera, bizitzaren modelatzaile handia da. Planeta honetan bizi garen izakiak garen modukoak gara, elementu preziatu honen eskuragarritasunaren arabera. Ura bizitza da, eta horregatik, naturari eta ingurumenari eskainitako zentroen sare batean, hau da, Ekoetxea Sarean, ezinbestekoa zen elementu modelatzaile handi honi buruzko zentro bat egotea», azaldu dute sarearen arduradunek.
Jarduerak. Zapatuan, 10:30ean hasiko dute inaugurazio ekitaldia. Gero, ur-dastaketa egingo dute, Israel Gomez sommelierrarekin. Bertaratzen direnek «hainbat uren ñabardurak eta ezaugarriak» ezagutu ahal izango dituzte. Arratsaldean, berriz, familiei zuzendutako Uraren Memoriak ginkanari esker, parte hartzaileek Sobrongo bainuetxearen historia esploratuko dute, pisten eta jokoen bidez.
Domekan, ostera, Kantu Kantari, Ura Dantzari ipuin-kontalariaren saio eskainiko dute: «Haurrek rarekin gozatu ahalko dute, istorio eta abestien bidez». Asteburu berezi hori musikagaz biribilduko dute; Neønymus artistak zentzumenetan ardaztutako kontzertu bat eskainiko du Sobrongo haitzartean, ahotsa, teknologia eta antzinako tresnak uztartuz, esperientzia paregabe batean.