Oinarrizko futbola hauspotzeko jaian elkartuko dira Busturian
Athletic Fundazioak antolatutako hirugarren Non League Day egunagaz bat egin eta herri jaia antolatu du Busturia Ur-Zelai Futbol Klubak zapatuan [martxoak 22]. Egun guztiko egitaraua prestatu dute, eta ez dira zozketak, futbol partiduak eta herri bazkaria faltako.
Gizonezkoen futbol profesionaleko nazioarteko geldialdietan jendea futbol partida ez profesionaletara joatea sustatzea. Helburu horrekin sortu zen britaian Non-League Day mugimendu britainiarra 2010. urtean. Athletic Clubek, bere fundazioaren bitartez, 2023an egin zuen bat ekimenagaz, eta asteburu honetan (martxoak 22 eta 23) Euskal Non-League Day ospatuko dute, athleticzaleei klubarekin hitzartutako taldeen zelaietara joateko deia eginez. Jaialdiaren hirugarren aldia izango da, Dena hasten den lekuan lelopean.
Oinarrizkoa futbolari “balio sozioala” aitortzen dion jaia da asteburukoa, eta horrez gain, formakuntza-kategorietan baliabide ekonomikoak lortzeko aukera ematen du. Horregatik, Athleticekin hitzarmena duten 179 klubek eman dute izena, tartean, Busturia Ur-Zelai Futbol Klubak.
Egun guztiko jaia.
Busturiarrek Euskal Non League Herri Jaia antolatu dute zapaturako, iaz sortutako herriko futbol taldeari bultzada eman eta “oinarri futbola hauspotzeko”. “Klub bakoitzak aukeratzen du zer egin, batzuek partiduen atsedenaldietan zozketa bakarrik egingo dute, baina guk, lehenengo urtea izanik eta herria oso ondo erantzuten ari dela ikusita, eta jendea futbolagaz oso emozionatuta dagoenez, eguna herri mailako jai bat egiteko aprobetxatea pentsatu genuen”, adierazi dute klubeko ordezkariek. Egun guztiko egitaraua prestatu dute, denetariko ekintzez osatuta: 11:00etan jarri dute hitzordua, Itxas-Adar futbol zelaian, jaialdiaren aurkezpena egiteko, eta segituan, haur eta gurasoen arteko futbol partidei ekingo diete.
Kirola eta jan-edana uztartuko dituen ospakizuna izengo da, herri kirolak, karro-poteoa eta herri bazkariak ez direlako faltako. Futbol ekitaldi nagusia arratsaldean izango dute, 17:00etan: “Beteranoak, lehenengo Busturiako jokalariak Ur-zelaiko erregional mailako jokalarien kontra jokatuko dute”. Ostean, DJ Jaikide arduratuko da jai giroa mantentzeaz.
Herri bazkarian 150 pertsonatik gora elkartuko dira futbol zelaian, eta euria egingo balu, frontoian elkartuko direla zehaztu dute klubetik. Bazkarirako tiketak “agortuta” badaude ere, herritarrei bertaratzeko deia egin diete: “Egun guztian zehar zelaian edo, euria baldin bada, frontoian, pintxoak izango ditugu, eta iluntzean, 22:30era arte DJ Jaikide egongo denez, txosnetan egiten dugun moduan bokatak izango ditugu aukeran”.
Zozketak.
Euskal Non League Day -ean parte hartuko duten hitzartutako klub guztiek asteburuan zozkatzeko txartel sorta bana jaso dute Athleticen partetik. Txartel bakoitzaren prezioa 3 eurotan finkatu dute, eta talde bakoitzak lortzen duen dirua klubarentzat berarentzat izango da. Athleticetik adierazi dutenez, “bildutako zenbatekoaren zati bat komunitatearen gizarte-antolaketa baterako erabili ahal izan izango dute”.
Ur-Zelaitik zozketagaz eta oro har, jaiagaz, “diru zeozer” lortzen saiatu direla zehaztu dute: “Ekonomikoki diru apur bat lortzen saiatu gara, asko ez. Esaterako, bazkariak 20 euro balio du, baina gure 19 eurotik gora kostatuko zaigu. Ez gaude dirua biltzen, baina jaia antolatzeko aukera eta udala ere laguntzeko prest egon zela ikusita, apur bat aprobetxatzen saiatu gara”.
Hala, hitzartutako klub bakoitzak San Mameserako (Athletic Club-Rayo Vallecano partidurako) sarrera bikoitza zozkatuko du, Athleticen eskutik. Ur-Zelaik, baina, sari gehiago gehitu ditu zozketara, hala nola, bi pertsonentzako afari bat edo Athleticeko jokalariek sinatutako kamiseta bat. Zozketa hau zapatuan egingo dute, 15:00etan, nagusien herri bazkariagaz batera.
Horrez gain, Athleticek hiru sari orokor zozkatuko ditu kluben artean, irabazleek gero txartelak erosi dituztenen artean berriro zozkatu ditzaten: Sarrera bikoitza, bidaia eta egonaldia bi pertsonentzat, gizonezkoen lehen taldearekin, Players Zone VIP sarrera bikoitza LaLigako partida batean San Mamesen eta bi pertsonentzako pasea emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera eta bisita gidatua Lezamako instalazioetara. Sariren bat Ur-Zelaik irabaziko balu, zapatuan Itxas-Adarren egingo duten zozketaren txartel berdinak erabiliz zozkatuko dute, martxoaren 29an [zapatua].
Zozketan parte hartu gura dutenek eskuragarri ditu txartelak Busturiko Kultur Etxean barikura [martxoak 21] arte, eta Itxas-Adar futbol zelaian barikuan, 17:30etik 20:30etara. Jaialdiaren egunean ere eskuragarri egongo dira.
EGITARAUA
- 11:00. Jaiaren aurkezpena.
- 11:15. Haur eta gurasoen arteko partiduak.
- 12:30. Herri kirolak Sustabiz eta Harri Berri elkartearen eskutik.
- 13:30. Karro-poteoa, Otsozuloren eskutik.
- 14:00. Haurren bazkaria.
- 15:00. Nagusien bazkaria eta zozketa.
- 17:00. Partidua: Erregional mailako Ur-Zelai – Busturiko jokalari ohiak.
- 18:30-22:30. DJ Jaikide.