Euskaraldian belarriprest eta ahobizi gisa izena emateko epea zabalik dago
Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean egin zuten ekitaldia zapatuan [martxoak 15], eta bertan batu ziren erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak.

Txapa paparrean jantzita ibiltzeko bi hilabete gelditzen diren honetan, Euskaraldiko laugarren edizioan belarriprest eta ahobizi moduan izena emateko epea zabaldu zuten zapatuan [martxoak 15] Gasteizen. Izaskun Arrue kulturgunean izan ziren erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak, eta maiatzaren 15etik 25era izango den egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburuak; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilariak; Irati Iciar, Taupako lehendakariak; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile orokorrak.
Euskaraldiko koordinatzailea den Goiatz Urkijok ahobizi eta belarriprest guztiek izena ematearen garrantzia azpimarratu du. Euskaraldiko webgunean dagoen formularioa beteta eman daiteke izena, “oso modu errazean”. Horrez gain, Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea ahalbideratuko du izen-emateak: “Parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea”. Behin izena emanda, txapa eskuratzeko momentua izango da, eta parte hartzaile bakoitzak aukeratutako rolaren araberakoa hartu beharko du. Euskaraldiko lantaldearen iritziz “ezinbestekoa” da Euskaraldiak irauten duen tartean txapa paparrean erabiltzea. “Aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko du txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da”.
Aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko du txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da.
Euskaraldiaren garrantzia. Euskaraldia “euskararen erabilera aktibatzeko” mugimendua dela zehaztu zuten ekitaldian, eta euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktiko gisa definitu zuten. “Urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foku nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur gaurkoz, Euskaradia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena”, zehaztu zuen Irati Iciar Taupako lehendakariak. Erabilerarentzat “mesedegarri” diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea du helburutzat egitasmoak, eta “lortu duela” azpimarratu du Iciarrek. “Geroz eta jende gehiagok ulertzen du lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia, elkarrizketa elebidunak gero eta arruntagoak dira gure inguruan. Eta horrek guztiak, Euskaraldiak, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea ahalbideratzen du”. Hala, Euskaraldia “arnas luzeko” egitasmoa dela zehaztu du Iciarrek, ohiturak aldatzea ez delako “lan erraza”: “Edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.
Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarriprest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera ona da.
Belarriprest eta ahobizi roletan jarri du fokua Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkariak, eta nahiz eta Euskaraldian orokorrean, ahobizi rola izan den nagusi, belarripresten garrantzia azpimarratu du, pertsona askorentzat “oso egokia” dela zehaztuz. “Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik beraientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren, gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarriprest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera ona da”.
Horrenbestez, maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek, eta hamabigarren egunetik aurrera ere, Euskaraldiak sustatzen dituen jarreretan mantentzen jarraitzeko eskatu dute.