‘Bizkarsoro’ filma ikusi eta aztertuko dute Gautegiz Arteagan
Domekan [martxoak 16] 18:00etan elkartuko dira Aretxederreta Kultur Etxean.
Gautegiz Arteagan pixkanaka Euskaraldirako motorrak berotzen hastekoak dira. Hain zuzen ere euskara ardatz duen Bizkarsoro filma proiektatuko dute domekan [martxoak 16], 18:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean. Filma ikusi eta gero solasaldian elkartuko dira, gaur egungo euskararen egoerari buruz hitz egiteko.
Josu Martinezek zuzendutako filma existitzen ez den Bizkarsoro izeneko herrian dago oinarrituta, baina “Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro”. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, “euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak”. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizunak.
Zuzendariaren hitzetan, “euskararen desagertzea kontatu nahi izan du, eta biziraute borroka ere bai”. Hizkuntzarena baino gehiago, hiztunena. Euskara jendearena: “Histori bera beste hamaika euskal herritan ere gertatu da. Mundu osoan, 6.000 hizkuntza desagertu dira historian. Mundua ikusteko 6.000 modu. 6.000 mundu. Horregatik, film hau mapetan agertzen ez den herri baten kokatu dut, Bizkarsoron”.