Urdaibai Bird Centerren boluntario izateko aukera emango dute aurten ere
Urdaibai Bird Centerrek udaberri honetan egingo den urteko boluntariotza-kanpainaren berri eman du. Boluntariotza apirilaren 12an hasi eta apirilaren 27an amaituko dute.
Interesa daukatenek zentroaren webgunean ipini duten inprimakia bete behar dute, eta izena emateko epea apirilaren 1ean amaituko da; apirilaren 4an jakinaraziko diete hautatuei. Kanpainan parte hartzen dutenek Urdaibai Bird Centerreko instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango dute; mantenua eta joan-etorriak boluntarioaren kontura izango dira. Boluntariotza amaitutakoan, boluntariotza epean egindako lanen gaitasun-ziurtagiria jasoko dute parte-hartzaileek.
Programa horren helburua pertsonak prestatzea da, ingurumenarekin eta natura-turismoarekin lotutako arloetan esperientzia har dezaten eta, horrela, ingurumen-hezkuntzaren, ekoturismoaren eta ikerketaren esparruan gaitasunak gara ditzaten. Beraz, honako hauek izango dira boluntarioen zereginak: Urdaibaiko natura-baliabideen ingurumen-hezkuntza eta dibulgazioa, bisitariei informazioa eta arreta emateko eta padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jarduerak egitea, hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartzea, eraztunketa zientifikoa eta hegaztien erroldak egitea eta habitataren kudeaketarekin lotutako proiektuetan parte hartzea. Izena ematen dutenen artean aukera egiteko kontuan hartuko dituzte boluntariotzan parte hartzeko emandako arrazoiak, ornitologian, ekologian, ingurune naturalean zein jendearen arretan esperientzia izatea eta hizkuntzen ezagutza (euskara, ingelesa, frantsesa…), baita Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natura-balioak ezagutzea ere.