"Obra berezia da, hasieran deskolokatu egiten duena"
‘Posdatarik gabeko gutunak’ antzezlanaren egile izateaz gain, aktorea ere bada Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981); 2023an aurkeztu zuten antzezlan hori ikusteko aukera egongo da bihar [martxoak 14], Nestor Basterretxea aretoan.

Bost urtez preso daramatzan eta ordubete barru aske geratuko den Mikelen azalean jartzen da Kepa Errasti aktore eta gidoilaria Posdatarik Gabeko Gutunak antzezlanean. Azken hilabeteetan gutunak jaso ditu, baina ez daki nork idatzi dituen. Hori oinarri harturik, bere bizitzaren errepasoa egingo du pertsonaiak, igorle misteriotsua nor den ezagutu arte. Errastik berak idatzitako bakarrizketatik jaiotako obra Nestor Basterretxean ikusi ahal izango da, bihar [martxoak 14], 20:00etatik aurrera.
Antzezlana bakarrizketa batetik jaio da.
Bai, bakarrizketa bati aurre egiteko erronka moduan jaio zen, komediatik aldentzen zen bakarrizketa modu batetik. Gero apur bat aldatzen joan zen; bakarrizketa izaten jarraitzen du, baina hasiera batean, pertsonaia bakarra egon behar zen, eta, orain, pertsonaia bi daude, nahiz eta horietako bat mutua izan eta bakarrak hitz egiten duen. Paradoxikoa iruditu zitzaidan bakardadeari buruz hitz egiten duen bakarrizketa bat, eta poliki-poliki joan zen historia sortzen.
“Paradoxikoa iruditu zitzaidan bakardadeari buruz hitz egiten duen bakarrizketa bat egitea”
Prozesuan aldaketa asko egon dira?
Prozesu oso luzea izan da. Zailtasun batzuk pasatu ditugu, antzezlana bakarrizketa bat delako, baina testu hutsean ez geratzeko akzioa izan behar zuelako. Bizitza hori ematea batez ere entsegu prozesuan irten da, batez ere Getari Etxegarai zuzendariaren begiradatik. Pertsonaia mutu bat dagoenez, idazteko prozesuan oso zaila da irudikatzea pertsona mutu batek zer egin ahal duen.

Argazkia: Xake Produkzioak
Bakarrizketa-lagundua legez definitu duzue.
Bai, protagonsita espetxean dago, eta gutun batzuk jasotzen ditu kanpotik. Gutun horiek idazteaz arduratu zen Iñigo Legorburu idazlea, eta bere asmakizuna izan zen bakardade lagunduarena. Testua idaztean, argi nuen kanpoko gutun horiek idazten zituen pertsona beste norbait izatea gustatuko zitzaidala, nik idazten dudan modutik pixka bat aldentzeko. Joko moduan proposatu nion ea prest egon zen parte hartzeko, eta elkarri korrespondentzia bidaltzen aritu ginen, jolas horretatik zer sortu ahal zen ikusteko. Joko horretan erabili zuen bakardade-lagundua terminologia. ‘Bakardade lagunduak existitzen dira?’ bota zuen gutun batean, eta oso polita iruditu zitzaigun obraren ezaugarri moduan hartu daitekeelako.
“‘Bakardade lagunduak existitzen dira?’ bota zuen gutun batean (Legorburuk), eta oso polita iruditu zitzaigun”
Antzezlanak bakardadea jorratzen du, baina baita beste gai batzuk ere: askatasuna, maitasuna…
Gauza askotaz hitz egiten da. Obran zehar giro asko daude, eta horrek gai ezberdinei buruz hitz egiteko aukera ematen du. Obra pertsonaia baten erradiografia da. Mikel espetxean dago, eta kanpotik jasotzen dituen gutunak norenak diren jakin nahi du. Horretarako, kartak errepasatzen ari da. Errepaso horretan, nahi barik, bere bizitzaren errepasoa egiten du; 40 urte inguru dituen edonork izan ahal dituen ezinegon, zalantza eta guzti horren mosaiko modukoa da.
‘Aske izanda ere sentitu zaitezke bakarrik?’ moduko galderak egiten dizkiozu zure buruari.
Galdera oso potoloak egiten dira, jendeak gogoeta egiteko. Kasu honetan, preso dagoen pertsona batez ari gara, baina bizitza errealean ere askotan planteatu ahal duzun gauza bat da. Askatasunak gura duzuna egiteko aukera ematen dizu, baina, bakarrik geratu nahi ez baduzu behintzat, komunitatea ere kontutan hartu behar duzu askatasun horretan. Horretaz ere hitz egiten da asko, inportantea da norbere burua zaintzea, baina baita beste pertsona batzuk ere badauden testuinguruan gaudela gogoratzea.

Argazkia: Xake Produkzioak
Ze generotan sailkatuko zenuke Posdatarik gabeko gutunak antzezlana?
Komedia puntu bat du, baina testuak baino gehiago, Bakarnek (Nerea Ariznabarreta), pertsonaia mutuak. Baina ez nuke esango komedia denik, ezta gutxiago ere. Gertuago dago drama batetik, komedia batetik baino. Bi pertsonaien arteko talkan dago komedia puntua.
Zein da Mikel eta Bakarne pertsonaien arteko harremana?
Bakarne Mikelen lagun imajinarioa da; Mikelek badaki imajinarioa dela, eta horretaz berba egiten ez bada ere, horren atzean eromena dago. Hainbeste denbora bakarrik pasatze horren ondorioz, bere buruari galdetzen dio ea erotuta dagoen. Zalantza izatearen arrazoietako bat da lagun imajinario bat egin duela, eta berarekin komunikatzen dela, Bakarnek hitz egiten ez badu ere. Egoera horrek komediarako bidea ematen du.
Musikak ere pisua du ikuskizunean.
Beti eman diogu bere pisua musikari, eta kasu honetan, bigarren pertsonaia bat egonda, polita iruditu zitzaidan pertsonaia horrek instrumentu bat jotzea, eta modu horretara abestiak sortzea. Nereak pianoa jotzen du, pianoa dago eszenatokian. Kantak hasieran ez geneuzkan argi, baina Mikelen iragana oso momentu konkretuan kokatuta dagoenez —Nikaraguan jaio zen, 80. hamarkada inguruan— , garai hartako kantautoreetara jo dugu: Silvio, Pablo Milanes… Horrek girotzea ematen dio, Mikelek momentu batean bere iraganaz hitz egiten duelako.
Zergatik joan beharko lirateke bermeotarrak antzezlana ikustera?
Uste dut obra oso berezia dela, hasieran deskolokatu egiten duena. Hasieran ez duzu ulertzen zer gertatzen ari den, eta horrekin jolastea gustatzen zaigu, uste dugulako interesa sortzen duela. Obra oso atsegina da ikusteko, eta danok, eta batez ere adin batetik aurrerakoak, bizitzen ditugun gai batzuen inguruan hitz egiten du; jende asko sentitzen da identifikatuta bertan jorratzen diren gaiekin. Uste dut oso gustura ikusiko duten zerbait izango dela. l