Lointek Gernika kolore morez jantziko da
Lointek Gernikak domekan [martxoak 9] Joventut Badalonaren aurka jokatuko du 12:30etik aurrera, Malosten. Aldundiko Berdintasun Sailagaz elkarlanean hainbat ekintza prestatu dituzte.

Lointek Gernika-Gernika KESBek martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpaina antolatu du beste urte batez Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Sailagaz batera. Aurten, ordea, Malosten aurkeztu nahi izan dute.
Lointek Gernikak morez jokatu du Zaragozako Kopa, kasu honetan, lehen taldeak bakarrik ez, data berdinetan, Minikopa jokatuko duen talde infantilak ere morez jokatuko du. Domekako Joventut Badalonaren aurkako partidan ere jantziko dute, 12:30ean hasiko da partida Malosten. Horrez gain, beste hainbat ekintza antolatu ditu klubak eta berdintasun sailak elkarlanean.
Morea “berdintasunaren kolore” bezala aurkeztu zuten Gerardo Candina klubeko presidenteak eta Teresa Laespada berdintasun diputatuak. Talde gernikarrak azaroaren 25eko Emakumearen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako diseinatu zuen kamiseta eta martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira ere, berriro jantzi nahi izan du.
Laespadak argi utzi nahi izan du ez dela kasualitatea martxoaren 8ko kanpaina Malosten aurkeztu nahi izatea. “Kirolean oraindik bidea egiteko daukagu eta bide hori egitearen erakusle da Lointek Gernika Bizkaia, beraz, ez dago adibide eta toki hoberik aurkezpena egiteko. Kirolean oraindik emakumeek zailtasun handiak aurkitzen dituzte aukera eta eskubide berdinak izateko”. Denbora luzez elkarlanean daramatela azpimarratu dute bi eragileek.
Candinak berdintasun diputatuaren “babesa, konfiantza eta elkarlana” eskertu nahi izan ditu. Hain zuzen ere, Gernika KESBen proiektua mantentzeko eta aurrera eramateko instituzio ofizialen beharrizana nabarmendu du. Alde horretatik, Lointek Gernika Bizkaia eta Lointek Gernikako harrobiko taldeek duten “hauspoa” eskertu dute.
Lointek Gernika Bizkaiak 2017an jokatu zuen bere lehendabiziko Kopa Gironan eta ordutik guztietan parte hartu du 2018koan izan ezik. Hau da, zazpigarren urtez jarraian arituko da lehen itzuliko zortzi talde onenen aurka. Aurten, gainera, euskal talde bakarra izango da. Hori nabarmendu nahi izan dute Candinak eta Laespadak. “harrotasunaz” hitza egin dute biek ala biek.
Berdintasun diputatuak argi dauka oraindik kirolean bidea egiteko dagoela, batez ere kontuan hartuta kirolak gizartean duen “indarra eta garrantzia”, eta horregatik Lointek Gernika Bizkaiak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu, “harrobitik lehen taldera arte”. Lointek Gernikak martxoaren 8ra begira azken urteetan antolatutako kanpaina guztietan Berdintasun Saila bidelagun izan dutela gogoratu dute.
Babesa eta errespetua
Mario Lopezen auziari dagokionez, Candinak eta Laespadak biktimarekiko babesa helarazi nahi izan dute, “beti jarriko gara biktimaren alde”. Horrez gain, epaileen erabakiekiko “errespetu osoa” transmititu dute. Gaineratu dute klubak “eman beharreko pausoak” eman dituela orain arte eta “ostera ere ez errepikatzeko erabakiak” hartu dituela. “Orain eta beti emakume guztiak babesteko unea da, eta Gernika KESBek hori egiten du”.