Udal zerbitzuei buruzko iritziak bilduko dituzte
Bermeoko Udalak erabiltzaileek udal zerbitzuei buruz duten iritziak bilduko ditu, "hobetu beharrekoen ekintza plana garatzeko". Zerbitzu bakoitzak inkesta betetzeko "bere modua" izango du, eta horretarako azken eguna martxoaren 4a [martitzena] izango da.
Azken urteetan egin bezala, Bermeoko Udalak udal zerbitzuen erabiltzaileek horiei buruz duen iritzia ezagutu nahi du, eta, horretarako, herritarren balorazioak biltzen hasi da. Azpimarratu dutenez, lanketa hori “oso garrantzitsua” da udalarentzat, “hobetu beharrekoen ekintza plana garatzeko” aukera eskaini dielako. Zehaztu dutenez, herritarren asebetetze mailak “eragin zuzena” du, bai zerbitzuak ematerako orduan, bai urteko helburuak finkatzean.
Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta Sailetik adierazi dutenez, herritarrek duten zeresana entzutea “udal zerbitzu kartekin erlazionatuta” dago, eta “behar-beharrezkoa” da hobetzen joan ahal izateko. Aurreko urteetako informazioa, datuak eta ekintza plana ezagutu nahi duenak udalaren webgunean aurkitu dezake.
Inkestak.
Udal zerbitzuei buruzko iritzia eman gura dutenek martxoaren 4ra [martitzena] bitartean izango dute inkestak betetzeko aukera. Adierazi dutenez, zerbitzuak hobetu ahal izateko “oso garrantzitsua” da ahalik eta herritar gehiengana iristea, eta horregatik, udal arduradunek inkestak betetzeko deia egin die herritarrei, “arin eta erraz betetzekoak baitira”.
Udaletik zehaztu dutenez, zerbitzu bakoitzak inkesta betetzeko “bere modua” izango du. Kultur zerbitzuei buruzko galdetegia, esaterako, Gizarte eta Kultura Etxean zein Nestor Basterretxea aretoan dauden kutxetan aurkeztu beharko da. Aurreratu dutenez, kultur taldeek “formulario elektroniko bidez” jasoko dute inkesta. Gazteria zerbitzuak ere formulario elektroniko bidez baloratuko dira, eta horiek sare sozialen bitartez zabalduko direla iragarri dute. Etxez etxeko zerbitzua baloratzeko, berriz, inkestak erabiltzaileei banatuko zaizkie zuzenean.
Bestalde, udal zaharren egoitzako zerbitzuen inguruko iritzia jasotzeko, “azken urtean egoitzan sartu diren egoiliarrei eta familiei eskatu zaie inkesta betetzea”. Hala ere, beste edonork ere bete ahal izango du, galdetegia egoitzako harreman eskatuta.
Berhaz bulegoko arrera zuzenetako zerbitzuari buruzko iritzia bulegoan jasoko da, bertan ipinitako kutxa batean. Arreta tetematikoari buruzko balorazioa egoitza elektronikoan bete beharko da, udala¡eko webgunean jarri duten banerrean klik eginda. Azkenik, 010 zerbitzuaren inguruan herritarrek duten zeresana jasotzeko, telefono horretara deitzen duten erabiltzaileei galdetegia telefonoz egingo diote.