Hamahiru urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri diote Mario Lopezi
Adin txikiko emakumezko bati hiru urtez “sexu abusu jarraituak” egitea leporatuta, Mario Lopezi hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta 80.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Zigorrak iraun bitartean, adingabeen saskibaloi entrenatzaile izateko inhabilitazioa ere jasotzen da epaian, eta gainera, espetxe-baimenak edo baldintzapeko askatasuna baliatzen hasten denetik aurrera edo beste edozein arrazoirengatik espetxetik irteten denean, bost urtez, biktimaren etxebizitzatik 300 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ezarri diote.
Urtarrilaren 14tik 16ra izan zen epaiketa. Sexu-eraso jarraituak direla frogatutzat jo du epaileak, “haragizko sarbidearekin eta larriagotzearekin”, biktima “bereziki zaurgarritzat” jotzen baitu. Hainbat komunikabidek jakinarazi dutenaren arabera, epaian zehazten denez, kondenatua biktimaren “babesgabetasun eta mendekotasun egoeraz baliatu” zen; izan ere, epaileak ondorioztatu du biktimak zuen “egoera pertsonala eta familiarra” baliatu zuela entrenatzaileak erasoak egiteko, bere adinak eta karguak ematen zion “botere posizioa” erabiliz. Biktimak harekiko zuen “beldurra” ere erabiltzen zuen.
Hain zuzen ere, epaian, Balorazio Integraleko Auzitegi Medikuntzako Unitateak egindako txostenak eta lekukoek egindako adierazpenek berretsi egiten dute biktimak urte horietan entrenatzailearen figurarekiko sentitzen zuen beldurra eta haren babesgabetasun egoera. Gainera, epaian azaldu dute “izuan” oinarritzen zela Lopezek entrenatzen zituen neskekin zuen harremana, “beldurra eta mendekotasuna erabiltzen zituela esanez”. Hala, auzitegiak dio “sexu askatasunaren aurkako atentatutak gauzatzearen arrazoia beldurraren eta mendekotasunaren testuinguru hori” dela. Saskibaloi entrenatzaile ohiak 31 urte zituen orduan, biktimak, berriz, 13 urte.
Epaian jasotzen da “gutxienez 50 alditan” elkartu zela Lopez adin txikikoarekin, eta horietan “sexu-izaerako jokabide ugari” izan zituela, eta “denboran eta intentsitatean areagotzen” joan zirela. Epaiak dio erasotzailearekiko zuen “menderakuntza” egoeraren ondorioz hartu zuela parte biktimak topaketa horietan, eta ez bere borondatez. Hain zuzen ere, hori argudiatzeko, salatzailearen lekukotza “koherentea, kontakizun logikoduna eta kontraesanik gabekoa” dela dio auzitegiak, baita biktimak testuinguruaren azalpen argia egin zuela. Hala, Bizkaiko Auzitegiak “fidagarritasun osoa” eman dio emakumeari.
Bestalde, epaian zehazten da akusatuaren jarrera “zalantzazkoa eta funts gabekoa edo hutsala” izan zela epaiketan; izan ere, instrukzio-epaitegian egindako lehen deklarazioan ukatu egin zuen edozein sexu-harreman, eta ahozko epaiketan “biktimaren onespenagaz izandako musuak eta ukituak aipatu zituen”. Hain zuzen ere, epaiak dio akusatuak sexu topaketa horiek egon izana aitortzea —nahiz eta denboran, maiztasunean eta edukian desadostasunak egon— “prozeduraren giltzarria” izan zela, “salatzailearen adierazpenari sinesgarritasuna emateko”.
Lopezek hamar eguneko epea dauka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkezteko.
Gaitzespena.
Epaiketak izan duen oihartzun mediatikoa oinarri izanda, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak gaitzetsi egin ditu justiziak indarkeria matxistaren biktimekin duen jokabideari buruz epaiketaren aurretik egindako zenbait adierazpen. “Ez pertsona batek, ez talde batek, ez inork ezin du beretzat hartu justizia nahierara banatzeko ahalmena”, azaldu du. Uste dute zilegi dela babesa ematea salaketa jarri zuen emakumeari zein indarkeria matxistaren biktimei, baina auziari buruz egindako zenbait adierazpen gaitzetsi dituzte, adibidez, hurrengoak: ‘ez dugu ezer espero sententziatik’, ‘sistema judizial honek ez ditu babesten biktimak’., ‘biktimari frogatzeko eskatzen zaiona ezinezkoa da’, ‘neska baten frogatzeko premian jartzen da arreta’ edota ‘ez dugu zigorri behar, bermeak baizik’.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak uste du ezin dela “horrelako urruntasunik eta nahitasun faltarik” izan erakunde judizialen zein horietan parte hartzen dutenekiko: “Inolako biktimari inoiz ez zaio exijitzen ezer frogatzeko. Bere kontakizuna entzuten da, eta erabakia hartu”.