Gernika Memoriaren Lekukok "aukera galdu" gisa du Gernika Sarien esleipena
Iragan eguaztenean jakinarazi zuen Gernika-Lumoko Udalak 2025eko Gernika Sariak Antonio Guterres eta Argentinako Antropologia taldeak jasoko dituztela. Horren aurrean, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak erantzuna eman du, "aukera galdua" dela esanez.
Gernika-Lumoko Udalak iragan eguaztenean (otsailak 19) jakinarazi zituen 2025. urteko Gernika Sarien irabazleak; Antonio Guterres eta Argentinako Auzitegiko Antropologia Taldea izango dira apirilaren 26an saria jasoko dutenak. Horri erantzuna eman dio Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, eta “aukera galdu” gisa adierazi du esleipen hori. Gauzak horrela, beraien “atsekabea” argi adierazi dute, bereziki, saria nork jasoko ez duen ikusteagatik: “UNRWA errefuxiatuen agentziaren proposamena mahai gaineratu genuen Gernika Memoriaren Lekuko, Gernika-Palestina eta Mundubat elkarteak, elkarlanean, sarien parte-hartze prozesuaren baitan. Eta, bistan denez, ez da onartua izan epai-mahaiaren gehiengoagatik”.
UNRWAk etengabe egiten duen lana agerian utzi du plataformak, bide batez, proposamena mahaigaineratzerakoan erabilitako aldeko argudioak nabarmenduz. Horrela, elkartekoek azpimarratu dute “zeregin paregabea” egiten duela UNRWAk, Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa ematen, Sirian, Libanon, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian (Jerusalem ekialdean ere bai). Gainera, 75 urte daramatza biztanleria jakin bati bere zerbitzuak zuzenean ematen, “behin eta berriro sortzen diren gatazka bortitzen testuinguru batean”, Gernika Memoriaren Lekukoren hitzetan. Halaber, gogoratu dute 1949an sortu zela elkartea, eta ordutik ekarpen “nabarmena” egin diela Palestinako hainbat belaunalditako errefuxiatuen giza garapenari eta horiek babesteari, “autosufizientzia sustatuz eta krisialdietako sufrimendua arinduz”.
Besteak beste, azpimarratu dute, Gernika Sarien deliberazioa egin bitartean, Eusko Jaurlaritzak, “2024ko abenduan René Cassin giza eskubideen saria, eta laster (martxoan), Ignacio Ellacuria garapenerako lankidetzaren saria” emango diotela UNRWA Nazio Batuen errefuxiatuen agentziari. Biak ala biak, beregain, “positiboki” baloratu ditu Gernika Memoriaren Lekukok.
“Konplexua eta ezegonkorra”.
Su etenaren testuingurua ere plazaratu dute, Gazan, “giza hondamendiak bere horretan dirauela” gogora ekartzearekin batera. “Hori kontuan izanik, uste dugu, elkartasuna eta aitortza helaraztea aho batez eta orain, nondik eta Gernika-Lumotik, ezinbestekoa dela”, gaineratu dute. Egoera, baina, “konplexua eta ezegonkorra” dela aurreratu dute: “Adosturiko su etena uneoro kolokan dago. Alegia, Israelgo parlamentuak eskumena eman dio Netanyahuri bere aurka egiteko nazioarteko arautegi guztien aurka (bide batez esateko, azken hilabeteetan egin bezala NBEn begien aurrean bere agentziako kideak erail dituenean), horrek suposatzen duen guztiarekin”.
Hori guztia jasoz, berriro esan dute, aurtengo apirilaren 26an, “giza eskubideak eta justizia soziala sustatzen duten” Gernika Sariak UNRWAri ematea “zuzenena” dela, eta gainera, Gernika-Lumoko biztanleriaren gehiengoak “begi onez” ikusiko lukeela esleipena.