"Artista izateko, atzean istorio bat izatea ezinbestekoa da"
Txikitatik sentitu du hurbil artea Maria Unamunok (Gernika-Lumo, 2000). Haur ilustrazioaren jarraitzaile den arren, bere estiloa "anitz" gisa definitzen du, paperean hamaika estilo desberdin islatuz.

Ilustratzailea zara. Zein da zure estiloa?
Ilustratzailea naiz, bai, baina esango nuke ez dudala estilo finkorik. Hamaika estilo desberdin naiz ni, eta hori gustatzen zait, edozein estilo ateratzeko gai izatea. Abantaila gisa dut. Gauza bat ala beste egin dezakedan arren, bat aukeratzekotan, agian, haurren ilustrazioa aukeratuko nuke. Asko gustatzen zait, baina erretratuak egitea edo akuarelarekin paisaiak margotzea ere maite dut, adibidez. Beraz, nire estiloa anitz gisa definituko nuke.
Nola definituko zenuke artea?
Galdera ona da hori. Apur bat subjektiboa da horren erantzuna, baina, nire ustez, artea da norbanako bakoitzak sortzeko duen ahalmena.
Terapia mota izan daiteke?
Bada, bai. Nire hurbileko asko ezagutzen ditut artea salbatzaile izan dutenak. Azken finean, ihesbidea da artea, eta hori sarri lagungarria izan daiteke. Nik, adibidez, arazoren bat dudanean, arkatza, akuarelak edo dena delakoa hartu, eta margotzen nagoen unean askatasuna aurkitzen dut. Beti lagundu izan dit arteak, bere osotasunean, eta nire ezagun askori ere bai. Pertsona askok uste dute artistak zoratuta gaudela, baina, nire ustez, artista izateko, atzean istorio bat izatea ezinbestekoa da.
“Ilustratzaile izatea ez da bakarrik talentua izatea eta marraztea”
Nondik datorkizu artearekiko hurbiltasun hori?
Txikitatik. Hiru urtegaz hartu nituen lehen aldiz arkatza eta papera, eta ordutik ez ditut soltatu. Etxean beti ikusi izan dut artearekiko miresmen hori: nire aitari asko gustatzen zaio margotzea, museoak bisitatzea, eta artearekin lotutako edozer. Beraz, esan dezaket hortik datorkidala niri ere maitasun hori. Amak ere, txikitan, kalera gindoazenean, beti eramaten zuen papera eta arkatz edo errotuladorea motxilan; negar egiten nuenean, lasaitzeko modu errazena zen.
Ilustratzaile batek formakuntza behar du ala norbere kabuz bihurtu daiteke ilustratzaile?
Izatez, pertsona bat izan daiteke ilustratzaile bere kabuz. Nik uste dut, baina, ilustratzaile izatea ez dela bakarrik talentua izatea eta marraztea. Ilustrazioa hortik harago doa; teknika eta marrazketa modu desberdinak daude eta, horiek ezagutzeko eta barneratzeko, gutxieneko formakuntza bat beharrezkoa dela uste dut.
Zein ikasketa edo formakuntza duzu zuk?
Batxilergo artistikoarekin hasi nintzen, eta, ondoren, goi mailako ilustrazio gradu bat egin nuen Argiarten. Horretara sartzeko, bi proba pasatu nituen: batetik, teorikoa, Avilan; bestetik, praktikoa, Gasteizen.
Nola hasten da zerotik ilustrazio bat?
Bakoitzak bere teknikak ditu, ilustrazio batekin hasteko. Ezagutzen dut zirriborroak egiten hasten den jendea, edota brain storming-a egiten hasten den jendea. Nik, ordea, ez dut horrelako ezer egiten. Paperean islatu nahi dudana irudikatu, eta jarraian hasten naiz horrekin. Hobeto irtetzen zait horrela, zirriborroak eginez baino. Baina, esan bezala, mila modu daude ilustrazio bat zerotik hasteko. Bizitza bera nire inspirazio iturria dela esango nuke, gainera. Mendia, itsasoa, jendea, zinema, herria, natura… dena. Edozer ikusi, eta hori marrazten hastea dut gustuko.
“Orokorrean ez da batere baloratzen artiston lana”
Gaur egun proiekturen batean zaude?
Mertzede (Gernika-Lumo) eta Haizeder (Natxitua) hezkuntza zentroetan egiten dut lan, gaztetxoei marrazketa irakasten. Enkarguak ere egiten ditut, eta momentu honetan horietako koadro nahikoa handi batekin nabil.
Etorkizunerako, zein asmo?
Proiektu asko ditut buruan etorkizunerako, egia esan. Asko gustatuko litzaidake erakusketa propioak egitea, batez ere, haur ilustrazioan oinarrituta. Ipuinak ilustratzearen ideia ere buruan daukat. Izan ere, idazle pare bat daude elkarlan horretan interesa dutenak, eta espero dut etorkizunean horiek argia ikustea. Artetik nolabait aldenduz, gainera, irakaskuntzan sartu nahi dut, horrela hezkuntza metodoak aldatzeko eta artearen ikuspuntu horretan murgiltzen saiatzeko.
Zaila da artetik bizitzea?
Tamalez, bai. Oso gutxietsita dago artea. Gainera, orokorrean ez da batere baloratzen artiston lana. Adibidez, artelanen prezioak gehiegikeriatzat ditu jendeak, baina koadro horren atzealdean dagoen lana baloratzen al da? Denbora, materiala edota teknika kontuan izaten al dira? Artelan bakoitza bakarra da, eta jendeak ez du hori ikusten.
Zein gomendio emango zenizkioke artea maite duen eta horretara dedikatu nahi duen gazte bati?
Gogor lan egitea eta, benetan hori nahi badu, beldurrik ez izatea gomendatuko nioke. Zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta erantzun hobeak izango ditu bere lanak. Bere buruan sinesteko ere esango nioke, nahiz eta batzuetan ez den erraza eta irtenbideak bilatzea zaila den. Eta, noski, positiboki laguntzen diotenen gomendioak entzuteko ere esango nioke, eta gainontzekoak ahazteko.