"Abiadurarekiko eta lehiarekiko pasioa odolean daramatzat"
Alain Azillona gernika-lumotarrak rally gidari modura debutatuko du, 206 Euskal Kopan, Kepa Urresti mendatarragaz. Batik bat, Urdaibaiko eta Lea-Artibaiko rallyetan ariko dira.

Automobilismoaren ertz guztiak ez badira, gehientsuenak ukitu izan ditu Alain Azillona Perezek. Abiadura iparrorratz eta lehia bokazio, urte luzez esperotako urratsa egingo du aurtengo denboraldian: rally lasterketetako pilotu bezala debutatzea. Gernika-lumotarrak bere ibilbidearen errepasoa egin du, eta estreinaldirako aurreikuspenak iragarri ditu.
Zeure jatorria beti gurpilen inguruan kokatu izan da.
Bai. Abiadurarekiko eta lehiarekiko pasioa odolean daramatzat. Umezaroa piezadun kotxeak muntatzen iragan nuen, baita Scalextricagaz ere. Urteekin, erradiokontrola ezagutu nuen, eta orduan kargutu nintzen mundu hark auto telegidatuak baino gehiagotik zuela. Automodelismoaz eta erradiokontrolaz maitemindu egin nintzen, eta lehiatzen hasi, 2017an: neure autoak piezaka muntatzen nituen, artisau erara, eta haiekin lehiatu.
Bizkaiko Txapelketa bategaz hasi zenuen ibilbidea, ezta?
Bai. Lehen urtean, zenbait proba besterik ez nituen lehiatu. 2018an, Euskadiko Indoor Txapelketara izena eman nuen, eta laugarren amaitu. Ordutik aurrera, hobetzen eta aurrera egiten joan nintzen. Burgosko lasterketa entzutetsu batean bigarrena izan nintzen, lur gainean lehiatzen nuen estreinako aldian. Halaxe piztu zitzaidan Espainiako Txapelketa batera aurkezteko ilusioa.
2019an iritsi zen hura.
Bai, Xixonen izan zen; lehen hamabosten barruan ibili nintzen, maila oso handia egonda. Edozelan ere, erradiokontrolarekiko pasioa amatatzen hasi zitzaidan, eta simulatzailea sartu zen neure bizitzan.
Erradiokontrola eta simulatzailea, antzekoak diruditen arren, eguna eta gaua dira
Oso bestelakoa al da?
Antzekoak diruditen arren, eguna eta gaua dira. Etxetik lehiatuta ere, denetariko lasterketak zeuden; gustukoen nituenak rallyak ziren. 2020an, lagunarteko txapelketak egin nituen, eta hurrengo urtean, berriz, RFEDAren Espainiako Txapelketara izena eman nuen, emaitza apartekin. Nire kategorian sailkapen orokorra irabazi nuen.
Artean, kanpoaldeko rallyetan ere parte hartutakoa zinen.
Bai, 2021ean. Ion Ugaldebere gernika-lumotarra nigaz hartu-emanean ipini zen, eta kopilotu baten bila zebilela esan zidan. Ugaldeberek irakatsi zidan kopilotuaren ofizioa zertan oinarritzen den. Errioxan debutatu nuen, lur gainean. Hurrengo urtean, Inhar Arrien busturiarragaz Euskal Kopako bospasei proba lehiatu nituen. Aldi hartan simulatzailea eta kanpoaldeko rallyak uztartu nituen: ikaspen urtea izan zen. Hurrengoak, 2023ak, jarraipen kutsua izan zuen: trantsizio urte legez gogoratzen dut, berritasun handirik gabe, eta pilotu izateko gogo handiekin.

Argazkia: Martina Dublang.
Motorrik gabeko lehiaketetan ere ibilitakoa zara, kasurako, goitibeheretan.
Bai. Egia esan, ni berandu hasi nintzen goitibeheretan. Pilotu modura egin nuen debuta, Gernikako jaietan. Pilotu modura lehiatzea, hain zuen, desberdina dela uste dut: urduritasun handiagoa eskatzen du, eta maite dut tentsio hori. Sasoi hartan Kepa Urresti umetako lagunagaz erlazioa estutu nuen. Gainera, zenbaitek Busturialdeko Inertzia Kopa sortu genuen elkarlanean; aldi polita izan zen. Kopilotu ona izatean zentratu nituen indarrak, eta simulatzailea alboratu egin nuen.
“Auto umila baina lehiakorra lortu dut, eta prest nago debuta egiteko”
2024aren amaieran erronka berri bati ekitea erabaki arte, ezta?
Bai. Azaro aldean erabaki nuen une egokia zela, pilotu modura lehiatzen saiatzeko. Auto umila baina lehiakorra lortu dut, eta prest nago debuta egiteko. Julen Aldanak asko lagundu dit proiektua aurrera eroaterakoan; bere esku hartzea ezinbestekoa izan da beti. 206 Euskal Kopa txapelketa lehiatuko dugu, apirilaren 5eko Urdaibaiko Rallytik hasita. Seguru asko, azaro aldera amaituko dugu, lur gainean. Gainera, junior txapelketan ere ariko gara: 25 urtez azpikoentzako lehia da, guretzat helburu polita izan daitekeena. Izan ere, sari oso interesgarriak eduki ohi ditu lehiaketa horrek.
Zein, esate baterako?
Oraindik ez dute zehaztu, baina urte batean 206 Kopako junior txapelketaren garaileak Espainiako Txapelketarako beka lortu zuen.
“Geure helmuga egutegiko lasterketak osorik amaitzea izan behar da, alde mekanikoari eutsiz”
Helburuetako bat horixe izango da, beraz?
Bai eta ez. Hori jomuga polita litzateke, baina gaur-gaurkoz ez dakigu ezta beka egongo ote den ere. Gure helmuga lasterketak osorik amaitzea izan behar da, alde mekanikoari eutsiz, ahalik eta txukunen. Ez diogu inori ezer erakutsi behar: erregular azaldu behar gara, fidagarritasunez lehiatu eta, batez ere, ahal bezainbeste ikasi.
Alor mekanikoaz gain, alde fisikotik eta mentaletik prestakuntzaren bat egingo al duzue?
Gai potoloa da hori. Fisikoki osasuntsu eta sendo egotea beti da garrantzitsua, baita mentalki argi aritzea ere. Benetan bizkorrak diren baina rallyak amaitzeko gai ez diren pilotu ugari ezagutzen ditut. Presiopean jarduten ikasi behar da, norbere burua mugara eroaten, eta egoerarik gaitzenetan lehiakorra izaten. Beroa ere azpimarragarria da: gorputza tenperatura altuetan aritzera doitu beharra dago.
Mundu sakrifikatua da automobilismoa.
Oso gogorra. Esfortzu ekonomikoa eskatzen duela ukaezina da, baina jendeak ez dakiena da alde mentaletik ere ez dela batere erraza: ordu pila bat eskatzen du.
“Ametsak amets dira, baina betidanik argi izan dut bigarren postua sinatzea ez dela aukeretako bat”
Ba al dago debut urtean ilusio berezia egiten dizun probarik?
Bai: etxeko bi probak. Alde batetik, Urdaibaiko rallya; bestetik Lea-Artibaikoa. Lehenengoa apirilean izango da, eta hurrengoa maiatzean. Oso ondo ezagutzen ditugun errepideetan konpetituko dugu, etxekoen aurrean.

Argazkia: Martina Dublang.
206 Euskal Koparako proba puntuagarrietan baino ez duzue irteera hartuko?
Hasierako plana horixe da. Asfaltozko eta lur gaineko hiruna proba izango dira. Dena dela, hilabeteek aurrera egin ahala, ikusiko dugu ea txapelketaz kanpoko beste lasterketaren batean ariko garen ala ez.
Helburuak aipatu dituzu, baina, behin amesten jarrita, non ikusten duzue zuon sabaia?
Ametsak amets dira, baina betidanik argi izan dut bigarren postua sinatzea ez dela aukeretako bat. Berba bitan: kirolari oso lehiakorra naiz, eta nik irabazteko konpetitzen dut beti.