Udal egoitza Pertsonarengan Zentratutako Arreta eta Lotura Fisiko/Kimikorik Gabeko Zentro izendatu dute
Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak Pertsona Erdigune duen Arreta (PEA) ereduaren helburuak bete ditu Etxekulez proiektuagaz, eta "pertsonaren izaeran" oinarritutako arreta bateranzko emandako urratsa islatzen duen ziurtagiria jaso du, Cuidados Dignos Fundazioaren eskutik.

Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitza Pertsonarengan Zentratutako Arreta eta Lotura Fisiko/Kimikorik Gabeko Zentro izendatu dute, eta gaur goiziean jaso dute ziurtagiria, Cuidados Dignos Fundazioaren eskutik. Ospitale-arretako “ospitale eredu tradizional” batetik “pertsonaren izaeran” oinarritutako arreta bateranzko urratsa eman zuen egoitzak 2023an, gaur egun “ondo baino hobeto” betetzen ditu Pertsona Erdigune duen Arreta (PEA) ereduaren helburuak.
Bi urte eta gero, gaur amaitutzat eman dute Etxekulez izeneko proiektua. Izena egoitza osatzen duten “pertsona guztien” parte hartzeari esker aukeratu zuten, hau da, erabiltzeen, langileen eta senideen iritziagaz, eta “etxeko berotasuna bueltan ematea” islatu nahi du. “Etxekulez zaintzaren kultura aldatzearen, egoitzan bizi diren pertsonen gaitasunekiko ikuspegia aldatzearen, paternalismoa alde batera uztearen et zaintza autonomistago eta parte-hartzaileago baterantz joatearen emaitza da”, azaldu dute Bermeoko Udaletik: “Hau da, pertsonenetan oinarritutako zaintza eredua”.
Egoiliarrak hobeto ezagutzeko.
Ramon Alberdi Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko zuzendariak udal zaharren egoitza zerbitzu publikoa dela aprobetxatu du “zerbitzu publikoen garrantzia” aldarrikatzeko. “Gure zerbitzu publikoa berezia da, pertsona nagusien zaintzan oinarritzen delako”, adierazi du. Familien eta gizartearen “konfiantzari erantzuteko erantzukizuna” dutela nabarmendu du Alberdik, eredu aldaketaren “eguneratzea” azaltzean. Era berean, arreta eredu aldaketak “onura handiak” ekarri dituela zehaztu du: “Egoiliarrak hobeto ezagutzen laguntzen digu eta gure ikuspegia aldatzen du. Hala, udal egoitzako langile eta senide guztiek egindako lana eskertu du.
Udal langileek “lan handia” egin behar izan dutela azaldu dute; izan ere, sail guztitako langileek —garbitasuna, sukaldea, arreta zuzena, erizaintza eta zuzendaritza taldeak— 100 ordu inguruko formakuntza jaso dute. Horrez gain, aldaketa ezartzen laguntzeko “diziplina anitzeko Talde Gidaria” sortu zuten. “Kultura-aldaketa” hori Cuidados Dignos Fundazioagaz elkarlanean egin dutela azaldu dute, prestakuntza eta aholkularitza eskaini baitizkiote egoitzako profesional guztie.
“Guk ere gauza asko ikasi eta aldatu behar izan ditugu, gauza asko ez ditugulako jakin, baina pausoz pauso ikusi dugu gauza berriak lortzen goazela”, azaldu dute langileen ordezkariak. Prozesua “gogorra” izan dela zehaztu dute, “antzinako pentsamoldea” aldatzeagaz batera lan egiteko modua ere aldatu behar izan dutelako. Proiektu berriagaz, egoiliar bat egoitzar iristean “bere bizitza nolakoa izan den” ikasi behar dute: “Ezin dugu bost ordu lo egiten duen pertsona bat hamabi orduz ohe gainean egotea espero”. Egoiliar bakoitzaren bizi-historia ezagutzea “garrantzitsua” dela nabarmendu dute: “Lehen ere ezagutzen genituen, baina orain sakondu egin dugu”.
Etxekulez proiektua “hasi bakarrik” egin dela eta “gutxi-gutxika eta denen laguntzagaz” aurrera jarraitu behar dutela zehaztu dute: “Lan talde gogorra dugu, eta familiak ere oso garrantzitsuak direla. Etxekulez izena du, egoiliarrak etxekulez sentitzea nahi dugulako, eta gu ere etxekulez gaudelako”.
“Benetako aldaketa”.
Ana Urrutia Cuidados Dignos Fundazioko presidenteak gogoratu du duela 15 urte hasi zela fundazioa zaintza duinen alde lanean eta “lotura fisiko eta kimikoak egoitzetatik kentzen”, Urrutiak Bermeon “helburu guztiak” betetzea lortu dutela azpimarratu du, egin duten “lan itzela” goraipatzeagaz batera: “Talde oso ona izan da, oso inplikatua”. Zehaztu duenez, udal egoitzan ez zegoen ia lotura fisikorik, baina kimikoak asko”, eta orain ez daude: “pertsonenganako arreta eredua oso ondo ezarri dute: benetako aldaketa egin dute”. Nabarmendu duenez Bizkaian eredu hau ezarri duen bigarren egoitza da Bermeokoa.
Endika Etxebarria Gizarte Ongizaterako zinegotzia “oso pozik” agertu da udal egoitzak lortutako ziurtagiriarekin: “Hilabete askotako lan garrantzitsua dago honen guztiaren atzean, eta esfortzu handia egin dute Bermeoko udal egoitzako langileek eredu hau aurrera eramateko. Pertsonarengan Zentratutako Arreta eta Lotura Fisiko/Kimikorik Gabeko Zentro izendatzea oso garrantzitsua da guretzat baina, are garrantzitsuagoa da eredu berritzaile hau gure egoitzan ematea, izan ere, Bizkaiko bigarren egoitza publikoa gara eredu hau ematen duena. Bertoko langile guztiek egindako lanak fruitua eman du”.
Egoiliarren familiek “izugarrizko esperientzia” izan dela adierazi dute eta Etxekulez proiektuaren “balorazio ona” egin dute. Hasieran langile eta senideen aldetik “erresistentziak eta mesfidantzak” gainditu behar izan zituztela gogoratu du Alberdik; mesfidati horietako bat zen egoitzak ama daukan Josune Gabantxo: “Ama zelan zegoen ikusita, ez nuen uste aldaketarik egon zitekeenik, baina denbora gutxian hobekuntza handiak eman zituen. Jesarrita eta mugitu gabe egotetik, gaur egun, aktibo egotera pasatu da ama, gure izenak gogoratzen ditu, eta lehen ez bezala, gaur egun barre asko egiten du, baita abestu ere”.
Hala, proiektuak “eszeptikoak konbentzitu” dituela zehaztu du Alberdik. Gogoratu du egoitzan zaintzako paradigma aldaketa eman eta “pertsonetan zentratutako eredua ezarri dutela”. Lehenik eta behin mugimenduak mugatzen zituzten mota guztietako lotura mekanikoak kendu zituzten, gerrikoetatik hasita, oheko barandetara. Hurrengo urratsa, berriz, “kimiko-farmakologikoak baztertzea” izan zen; modu horretara, egoiliarrek beraien gaixotasun eta nahasmenduen barruan, “benetako izaera” berreskuratu dute, unera arte “botikek ezkutatutakoek”.