Sukarrieta sagarrondoa berreskuratzeko landaketa hasi dute
Sukarrietako Udalak udalerrian izena daraman sagarrondo barietatea berreskuratu nahi du, eta herritarrekin batera horretarako landaketa hasi dute, herrian zehar. Hazien Sareari beste ale sorta bat eskatu diotela jakinarazi dute.

Sukarrietako Udalak udalerriaren izena daraman sagarrondo barietatea berreskuratu nahi du, eta, horretarako, ekintza prestatu du herritarrekin batera. Azaldu dutenez, sagarrondo horren azken erreferentzia Etxebarriagatik (Gatika), jaso zuten, “sagarraren laborantzan espezializatuta” zegoelako, eta Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko “sagar lehiaketa asko” irabazi zituelako.
Udala oinordekoekin harremanetan jarri zen: “Jada barietate hori ez zutela esan ziguten, aleak kendu zituztelako”. Hala ere, Hazien Sareak “aleren bat” gorde zuela adierazi zien, “ez galtzeko”. Orduan, sareagaz kontaktuan jarri ziren, baina arrakastarik gabe: “Ez ziguten landare batzuk ugaltzeko aukerarik eman”. Bi neguz deiaren zain egon ostean, baina, “ale gutxi batzuk” eman dizkiete.
“Sustrai hutseko ale gutxi” dira, lehenbailehen landatu beharrekoak. “Sukarrieta sagarrondoa udalerri osoan zehar egotea ahalbidetuko duen kokapenen zerrenda bat egitea erabaki genuen”, adierazi dute udaletik. Hala, bizilagun batzuen laguntzaz, “espazio publiko eta kolektiboetan —komunitateetan— eta partikular batzuetan” egingo duten landaketari hasiera eman diote aste honetan. Zuhaitz bakoitzak arduradun bat izan du: “Udaletxetik pasatu dira arduradunak, arbola hartzeko, eta gero dagokion lekuan dantatu dute”.
Horrez gain, beste ale sorta bat enkargatu dute, eta, lehen egin bezala, “negu pare bat” itxaron beharko dituzte, eskuragarri izateko. Sorta berriarekin, espazio publikoetan eta kolektiboetan dagoen zuhaitz horen “presentzia indartuko” dutela azaldu dute. Gainera, “posible bada”, inguruan ale bat izatea gustatuko litzaiekeen herritarren eskaerari erantzungo diotela iragarri dute, “betiere udalerri osoa betetzeko eta lehen jarduketa horretan egin ditugun akatsak eta omisioak zuzentzeko helburuarekin”.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Sukarrieta sagarrondo “enblematikoa” berreskuratzeko ekintzan parte hartu eta lagundu duten herritar guztiei.