Haurrek errespetuaz hausnartzeko obra: 'Moko'
Gorakada antzerki teatroaren Moko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute domekan, 12:30ean, Lizeo Antzokira bertaratzen direnek.
Gernika-Lumoko kultur etxeak etxeko txikienak artearen eta kulturaren mundura gerturatzea du helburu, eta, horretarako, familientzako ikuskizunak antolatzen ditu hilero. Hala, etzi, Gorakada antzerki teatroaren Moko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute 12:30ean Lizeo Antzokira bertaratzen direnek.
Moko errespetuaz eta tolerantziaz hausnartzeko antzezlana da, Bilintx bihurtzen den ume baten abenturak kontatuz enpatiari buruzko hausnarketa bideratzen duen obra. Izan ere, aurpegia bere abenturetako batean desitxuratu zuen ume bat da protagonista. Ordutik, moko deitzen zioten, eta hainbatentzako “monstruo” bat zen arren, eta bera bakarrik sentitzen zen arren, dohain magiko bat zuela ohartu zen: hitzak hegan ikusi, hartu eta bertso bihurtzen zituen. Hala, bere hitzei esker, ez zuten gehiago munstro bat ikusten, arima ederreko poeta baizik: herriak horrenbeste maite zuen Bilintx.
Lan hau Gorakada konpainiaren azken lana da, urtarrilean aurkeztutakoa eta Eneritz Artetxe aktore gernika-lumotarrak, Maren Basterretxea berriatuarrak eta Gaizka Chamizok antzezten dute.
Horrelako ekitaldiei eta familientzako prestatzen dituzten ikuskizunei esker, haurrak kulturaren munduan dauden hainbat formatutara gerturatu gura dituzte Gernika-Lumoko kultur etxekoek, bai antzerkira, bai dantzara, bai musikara: “Horrelako ekimenek arte eszenikoek beren seme-alaben prestakuntza pertsonalean duten garrantziaz jabetzen diren gurasoen eskaerari erantzuten die, mugikorraren eta pantailen etengabeko erabileratik, eta aisialdi kontsumistaren proposamenetik urrun dagoen esperientzia aberasgarri bat ematen baitie”.