"Gimnastika erritmikoa entrenatzeko modua aldatu beharko litzateke"
5 urterekin hasi, eta kirol desberdinak probatu ditu Garazi Asla muxikarrak bere bidea aurkitzeko. "Deskonexiorako tartea" ahalbidetzen diolako maite du gimnastika erritmikoa.

Bere bizipenak oinarri, eta bere unibertsitateko irakaskuntza ardatz izanik, gimnastika erritmikoa entrenatzeko modu berri batengatik borrokatu nahi du Garazi Asla muxikarrak, gorputzen zaintza bultzatuz.
Noiz eta zergatik aukeratu zenuen gimnastika erritmikoa?
5 urte nituela hasi nintzen honetan, eta orain 22 ditut, beraz, denboratxoa daramat dagoeneko. Zergatik hasi nintzen? Bada, beti izan naizelako oso malgua; txikitatik etxean spagat, pinoa eta abar egiten nituen gurasoen aurrean, egun batean amak kirol hau probatzera eraman ninduen arte. Hor maitemindu nintzen erritmikoaz. Egia da, gimnastika erritmikoa egin bitartean, beste hainbat kirol ere probatu ditudala, baina aukeraketa egin behar nuenean, argi izan nuen.
Zer da gimnastika erritmikoa egitean gehien disfrutatzen duzuna?
Txikitan jolas moduan hartzen nuen, eta orain, nagusiagoa naizenez, esango nuke gehien gustatzen zaidana deskonexiorako tarte hori dela. Entrenatzeak eta lehiatzeak hori ahalbidetzen dit; niretzako momentu bat. Irtenbide bat da, nire buruan sortzen diren arazoekiko. Lasai bizi naiz. Azterketaren batengatik edota liskarrengatik gaizki egon arren, badakit arratsalde horretan bertan izango dudala horretaz ahazteko tartea.
Zein aparaturekin moldatzen zara hoberen?
Bost aparatu daude gimnastika erritmikoan: soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta. Bakarka edo taldeka lehiatzeko aukera dago, gainera. Nik normalean bakarka lehiatzen dut, eta nahiz eta denboraldi honetan ez zaidan horiekin lan egitea tokatu, uste dut mazoekin moldatzen naizela hobekien. Arinagoak dira, eta erosoen horiekin sentitzen naiz.
“Hamasei edo hamazazpi ordu entrenatzen ditut astean”.
Zenbat ordu entrenatzen dituzu astean?
Kalkuluak egiten aritu naiz, eta hamasei edo hamazazpi ordu entrenatzen ditut astean. Egunero entrenatzen dut; astelehenetik zapatura, etenik barik. Astelehen, eguazten, bariku eta zapatuetan ordu gehiago sartzen ditut, gainera. Martitzen eta eguenetan saio lasaiagoak izaten dira, baina, hala ere, entrenatu egiten dut.
Eta, nola kudeatzen duzu hori zure egunerokoagaz?
Zaila da. Azken finean, gimnastika erritmikoak eguneko ordu asko kentzen dizkit. Uste dut orain hasiko banintz, ez nintzela guztia ondo kudeatzeko gai izango, baina txikitatik horrela bizi naizenez, horrela hazi eta hezi naiz; ohikoa da niretzat. Esan behar dut, gainera, honi esker, nire burua eta eginbeharrak hobeto antolatzen ikasi dudala. Arraroa izan daitekeen arren, hainbeste ordu kentzen dizkidan horrek nire bizitzaren antolakuntzan asko lagundu dit. 11 urtegaz joan nintzen lehendabizi Espainiako txapelketa batera, eta nire gurasoek txikitatik esaten zidaten: ‘Ez badituzu etxeko lanak egiten, ez duzu lehiatuko’. Beraz, txikitatik ezagutu nuen nire erritmoa, eta horrekiko antolakuntza bat sortu nuen nire baitan, gaur egun oraindik ere erabiltzen dudana.
Helburu zehatzik baduzu?
Gimnastika erritmikotik ezin daiteke bizi, inondik inora. Hala ere, hilabete honetan hasten da denboraldi berria, eta absolutu mailan Espainiako txapelketarako sailkatzea dut helburutzat, esaterako. Horrez gain, CAFYD graduko ikasketekin nabil gaur egun, eta bertan jasotako irakaskuntzak kontuan izanik, gimnastika erritmikoa entrenatzeko modua aldatzea gustatuko litzaidake. Errusiar eskolako eredutik asko du gimnastika erritmikoak, eta uste dut karga eta deskantsu aldetik ez dagoela ondo antolatuta. Gorputza ez da ondo zaintzen, eta horren isla da gimnasten erretiro urtea batez beste 22 urtetan dagoela, gainontzeko kiroletan, kirolari baten goi-puntua 26-27 urterekin izan ohi denean. Beraz, zerbait helburutzat badut, hori aldatzea lortzea izango litzateke.
“Ariketa espezializatu asko eta zaintza askorekin egin izan diet aurre lesioei, batik bat. Atzealdeko lan handia dago, bai fisikoa, baita psikologikoa ere“.
Lesio bat zein beste izan dituzu. Nola egin aurre horiei?
Bi lesio garrantzitsu izan ditut. Alde batetik, txikitatik izan ditut hainbat arazo bizkarrean, eta gaur egun, ezin naiz hamar minutu baino gehiago zutik egon, minik gabe. Bestetik, duela urte bete, orkatila apurtu nuen. Ariketa espezializatu asko eta zaintza askorekin egin izan diet aurre horiei, batik bat. Atzealdeko lan handia dago, bai fisikoa, baita psikologikoa ere. Presioa ondo kudeatu behar da, eta denborak ere bai. Etengabeko irakaskuntza den arren, batez ere, hasieran, fustrazio maila altuak eragin izan dizkidate, oro har. Nituen helburuak aldatu behar izan nituen, eta errehabilitazio prozesu batean murgildu.
Presioa aipatu duzu. Nola kudeatzen da hori txapelketa batean?
Ez da erraza. Entrenamendu ordu asko daude atzean, baina lehiatzean, minutu eta erdian egindakoak soilik balio du. Koreografia bakoitza mila bat aldiz entseatu ondoren, batzuetan hobeto, eta beste batzuetan txarrago, minutu eta erdiko tartean dena ondo egin behar da, emaitza onak lortzeko. Ez dakit nola kudeatzen den presio hori, egia esan. Dena hain arin igarotzen denez, denborarik ere ez dugu horretan pentsatzeko. Egia da lehiatu aurretik entrenatzaileek ahalik eta torneo gehienetara apuntatzen gaituztela, behin eta berriz presio horretatik pasatzeko, eta momentua heltzean, lasaiago egoteko. Beste entrenamendu bat balitz bezala hartzean dago gakoa, esango nuke. Niri horrek asko laguntzen dit.
Talde lanak pisu handia du.
Bai. Gainera, zure taldekideekin ere lehiatzen duzu. Hau da, banakako lehian, bakoitzak berea egiten du, eta beste hainbat aurkari ezezagunen artean zure taldekide eta lagunak daude. Ez da erraza.
“Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gimnastika olinpiar jokoetatik kendu nahi du, mutilik ez dagoen diziplina bakarra delako“.
Baduzu erreferenterik?
Erritmikoan ezagunak diren hainbat izen esan ditzaket, baina nahiago dut Eneko Lanbea aipatu. Bizkaiko gimnasta bat da, eta lagun ona dut. Oso ona da honetan, eta ikusgarritasun oso gutxi dute mutilek, tamalez. Asko borrokatu du, eta bai, erreferentetzat dut. Ez ditu gauzak neskok bezain erraz izan. Orain, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gimnastika olinpiar jokoetatik kendu nahi du, mutilik ez dagoen diziplina bakarra delako. Espainia da horretan aitzindari, hain zuzen; mutilek ere lehiatzen dute, eta kristoren maila dute, gainera.