Norabidea aldatzeko aukera
Iñaki Barcenak, Alfonso Cañok eta Ritxi Hernandezek eskualdearen etorkizunari buruzko ikuspegia sakon aztertu dute, eta trantsazio ekosozialak ekarriko dituen aldaketei "behar bezala erantzuteko" gaitasuna izatea bilatzen duen Iraunkortasun Indizea garatzen ari direla plazaratu dute.

Zein Busturialdea-Urdaibai eraikitzen lagundu nahi dugu?. Galdera hori aireratuz hasi dute Iñaki Barcenak, Alfonso Cañok eta Ritxi Hernandezek beraien hausnarketa. Horrela, erantzunak marraztu behar duen horizontea, bertarantz ibiltzera animatzeko modukoa izan behar dela argi dute, eta aitortu dute, etorkizun “itxaropentsua, ilusionagarria eta erakargarria” irudikatzen dutela eskualdearekiko.
Busturialdea-Urdaibai lehen lerroan jarriz, amets egiteko kutsutzat dute beraien etengabeko konpromisua: “Energia era mateliaren kontsumoa eta kanpoarekiko mendekotasuna murriztuko dituen Busturialdea-Urdaibai batekin amesten dugu; zaintzen etikaren inguruan egituratuko dena; migratzaile eta errefuxiatuekin abegikorra izango dena; hurbileko elikadura eta elikadura agroekologikoa lehenetsiko dituena; uraren kudeaketa arro hidrografiko osoa kontuan hartuta garatuko duena, basogintzaren kudeaketa espezie autoktonoetan eta aniztasunean oinarrituko duela; plan eta programa bereziak sustatuko dituena, energia, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza herritar guztien eskura egon daitezen; garraio publikoa sustatuko duena, eta abar luze bat”.
Gauzak horrela, horizonte horretara heltzeko bidea Trantsizio ekosozial justua izenarekin definitu dute. Baina “horrelako trantsizio batek, eskualdeko plan orokor bat eskatzen du”, beraien hitzetan. Plan horrek bete beharreko baldintzak ere gaineratu dituzte: “Epe laburrean geratuko ez den ikuspegi bat izatea, begirada multidimentsionaletik abiatzea, plan bera egin ahal izateko tresna espezifiko batzuk garatzea, eta konpromiso eraginkor bat izatea eskualdeko herritarren parte-hartze zuzena benetan ahalbidetzeko, baita erabakiak hartzerakoan ere”.
Iraunkortasun Indizea garatzen ari dira, halaber, Barcena, Caño eta Hernandez, eta “ziur” daude, hori, aipatutako tresna espezifiko bat dela. Azaldu dutenez, eskualde-indizea da, horren azterketa eremua eskualdea delako, eta izaera multidimentsionala duelako. Hurrenez hurren, beraien indizeak aztertzen dituen eskualdearen dimentsioak bost dira; dimentsio metabolikoa, gizarte-kohesioa eta parte hartze komunitarioen dimentsioa, jarduera ekonomikoaren dimentsioa eta bizi-dimentsioa.
Erantzunteko gaitasuna.
Helburu argia du Iraunkortasun Indize horrek, beregain, eta horrela adierazi dute beren sortzaileek: “Eskualdearen egungo egoera eta trantsazio ekosozial justuak ekarriko dituen erronkei eta aldaketei behar bezala erantzuteko gaitasuna izatea da indize horren azken helburua”. Hala, behin betiko adierazleen bidez, indizeak “eskualdeari buruzko ezagutza zientifikoa eta datu giltzarri eguneratuak” ahalbidetuko dituen heinean, sortzaileek uste dute, “oso tresna baliotsua” izan daitekeela eskualdeko Plan Orokorra orientatzeko.
Horrez gain, azaldu dute, Guggenheim museo berriren proiektuak komunikabideen begirada eskualdean kokatu duela berriz. Eskualdeko etorkizunari buruzko eztabaida zabala irekitzea, baina, “ona” dela aurreratu dute: “Alferrik galdu behar ez dugun aukera baten aurrean gaude”. “Urteak daramatzagu Busturialdea-Urdaibairen etorkizunari buruzko ikuspegia ematen, eta ezinbestekotzat jotzen dugun funtsezko norabide aldaketa horretan urratsak ematen”, aipatu dute, azkenik.