Haurreskolak Partzuergoak eta LABek lan hitzarmen berria sinatu dute
2026ko abenduaren 31ra arteko iraupena dauka eta indarrean segituko du berri bat izenpetu arte. ELA eta Steilas sindikatuek uko egin diote hitzarmena sinatzeari, "akordio hobe bat" merezi dutela-eta, baina greba deialdia bertan behera utzi dute.

Haurreskolak Partzuergo Publikoak eta arlo horretan gehiengo sindikala duen LAB sindikatuak lan hitzarmana sinatu zuten atzo (otsailak 10). 2026ko abenduaren 31ra arteko iraupena dauka eta indarrean segituko du berri bat izenpetu arte. ELA eta Steilas sindikatuek uko egin diote hitzarmena sinatzeari, “akordio hobe bat” merezi dutela eta honek “gabeziak” dituela argudiatuta, baina greba deialdia bertan behera utzi dute.
“Osotasunean” berritu dute lan hitzarmena hamaisei urteren eta “hamaika greba eta mobilizazioren ostean”. Hala, “borrokak merezi duela” nabarmendu du LAB sindikatuak.
Hitzamenak urteko lanaldian 100 orduko jaitsiera jasotzen du, lan zama arintzeko hainbat neurrigaz batera. Horrez gain, ikasturtean sei jai egun gehiago izango dituzte datorren ikasturtetik aurrera. Erosahalmena berreskuratzeari dagokionez, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko dituzte, osagarriak eguneratu eta gizarte funtsa eta formakuntza funtsak lortzeagaz batera. Aseguruen primak igo eta lana eta bizitza uztartzeko hainbat lizentzia eta baimen berri jasotzen ditu hitzarmenak, Hezkuntza saileko hezitzaileek dituztenekin parekatuz.
Lan osasunean hobekuntzak, berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak jaso dituztela diote sindikatukoek. Eta gogoratu dute hobekuntza horiei batu behar zaizkiela iaz lortutako bi akordioak, negoziaketa honen baitan egindakoak eta lan hitzarmenean txertatuta daudenak.
“Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handituko da, behin behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dugulako eta beste horrenbeste lortuko ditugu negoziazio honen ondorioz”, gehitu dute sindikatukoek. Gainera, behin-behinekotasun tasa gehienez %5era mugatzea ere jaso dute eta hurrengo oposizio eredua negoziatzea eta adostea ere bai.
Ordezkoen araudi berria adostea eta lan hitzarmenean jasotzea ere lortu dute, baita behin-behineko lanpostuak telematikoki betetzeko aplikazioa (ordezkagunea) aurtengo irailaren 1etik martxan jarriko dela jasotzea ere.
Bestalde, hitzarmen honek ez diela bakarrik lan baldintzei eragiten diote sindikatukoek, haurrei eskaintzen zaien hezkuntza zerbitzuan ere eragina izango duela esanda; izan ere, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio “murritzak” alboratu dituztela diote. “Askoz hobeak diren eta gaur egun Partzuergoan aplikatzen direnak jasotzea lortu dugu, hilabete honetan bertan negoziatuko diren plantillak esleitzeko irizpideak zehaztu bitartean”, azaldu dute sindikatukoek. Eta, gainera, pantillak esleitzeko irizpideak negoziatzeko egutegia eta aldagaien dokumentua sinatu dituzte.
Sindikatuak adierazi du lanean jarraituko duela “Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortu arte”.
Jaurlaritzan ere, pozik.
Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailak esan du hitzarmen horri esker “etorkizunerako zerbitzu egokia” bermatuko duela. Hain zuzen ere, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua pozik agertu da lortutako akordioagaz. “Gogobeteta” agertu da bi aldeen arteko elkarrizketak akordio bat ekarri duelako, eta nabarmendu du akordio horri esker Haurreskolak Partzuergoak bere helburua “familientzat zein hezitzaileentzat berme eta kalitate osoz” garatzen segitu ahal izango duela.
Hezkuntza sailburuak aditzera eman duenez, azken urteotan “hobekuntza zehatzak” lortu diren arren, une honetan behar beharrezkoa zen “zerbitzu pubkikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa indartzearen aldeko apustu sendoa” egitea: “Haurreskolen proiektua indartzen jarraitu nahi dugu, eta familia guztiei hezkuntza eta laguntza zerbitzurik onena egin nahi diegu”.
ELA eta Steilasentzat ez da nahikoa.
Grebetan aldarrikatutako eduki nagusiak ez dituela jasotzen akordioak diote ELA eta Steilas sindikatuetako ordezkariek. Erosahalmena berreskuratzeko neurririk ez dagoela, lan zamak modu eraginkorrean arintzeko ratio hobekuntzarik ere ez dagoela, eta erretiroa hartzeko baldintzen hobekuntzarik ere ez dagoela gehitu dute, ezta enplegua egonkortzeko eta bermatzeko neurririk ere.
ELAren ustez akordio honegaz Haurreskoletako langileei “iruzurra” egin diete, eta uste du akordio hau hezkuntza publikoko gainerako sektoreetako negoziaketak “baldintzatzen saiatzeko tresna” ere badela. “Azken ikasturtean Haurreskoletako langileek 5 greba egun egin dituzte. Greba dinamika honi esker zenbait edukitan aurrerapausoak ematera behartu dute jaurlaritza, lanaldi murrizketen atalean, kasu, baina zalantzarik barik greba dinamika honek akordio hobea merezi zuen”, gehitu dute.
Lan zama arintzeko neurriak ez direla nahikoa uste dute bi sindikatuek. Hala, salatu dute ratioak negoziatzea etorkizunera bideratzen duela akordioak, “inolako bermerik barik”, eta urteko zein asteko jarduna murrizteari buruz, hezitzaile zein kudeaketa zerbitzuko langileentzat lanaldi murrizketa sindikatuok aldarrikatutakotik urrun geratzen da: “Kudeaketa zerbitzuko langileentzat jasotako urteko lanaldi murrizketa 50 ordu baino txikiagoa da. Hezitaaileentzat arreta zuzeneko lanaldiaren murrizketak ez du eragin erralik ratio hobekuntzarik barik”.
Horrez gain, erretiroa aurreratzeko edo baldintza hobeagoetan hartzeko neurri bakar bat ere ez dela jaso diote. Eta, galdutako erosahalmena betikotzen dela ere salatu dute. “60 euroko igoera eman digute, %0,17ko igoera urtean, %23a galdu dugun bitartean”, esan du Steilasek. ELAk gehitu du ez dela azken urteetan galdutako erosahalmnea itzultzeko neurririk hartu: “Ez eta etorkizunean KPIaren araberako soldata igoerak izateko konpromisorik jaso ere”.
Bere aldetik, ELAk dio ez dela enplegua egonkortzeko eta bermatzeko neurririk jaso: “EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete gabe jarraituko dute. 77 langile finkatu gabe, eta egiturazko lanpostutzat jotzen direnak zein diren adostu gabe. Beraz, behin behinekotasun errealak %30tik gorakoa izaten jarraituko du. 1.500 langile inguruko plantila batean 500 langiletik gora behin behinekoak izango dira egonkortze prozesuen ondoren ere”.
Lan osasunari erreparatuta, neurri zehatzak falta direla uste du ELAk. Izan ere, arrisku fisiko eta psikosozialen ebaluazioa egitea eta adostutako neurri zuzentzaileak hartzeari dagokion puntuari erreparatuta, salatu dute sei urtetik behin hartu dutela lan arriskuen azterketa egiteko konpromisoa, berme gehiagorik barik.
Eta, ordezkoen araudi berriari buruz, administrazioak hasieran proposatutako zirriborroa “asko hobetzea” lortu bada, Steilasek egindako ekarpenei esker izan dela diote sindikatu horretakoek: “Gureak izan dira ordezkoon eskubideak eta eguneroko arazoak ekiditeko baliabideak txertatzen dituzten proposamenak”.
– Hezitzaileen kasuan, urteko orduen kopurua murriztea, baita haurrei zuzeneko arreta emateko denbora ere.
– Kudeaketa pertsonaleko ordainsariak Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko langileen ordainsariekin parekatzea.
– Hezitzaileentzako jantziak erosteko osagarria hobetzea.
– Kontziliaziorako baimenak eta eszedentziak hobetzea.
– Modu partzialean ordaindutako baimen berria hezitzaileentzat (irakasleek dutenaren parekoa)
– Bizitza eta istripu aseguruak handitzea.
– Arrisku psikologikoei eta ergonomikoei buruzko azterketak egitea.
– Sexu-jazarpenari aurre egiteko protokoloa ezartzea.
– Hobekuntzak prestakuntzan (kudeaketako prestakuntza-orduak gehituko dira eta Hezkuntza Sailak antolatutako Prest Gara ikastaroetan parte hartu ahal izango dute).
Hitzarmenean jasotako puntuez gain, Haurreskolak partzuergoak Itzarri aurreikuspen-plana Haurreskoletako langileentzat ezartzeko konpromisoa hartu du.