Indarkeria matxistari aurre egiteko "benetako neurriak" exijitu dituzte
Irungo erailketa matxista salatzeko elkarretaratzean elkartu dira gaur iluntzean Gernika-Lumon. Biktimaren familia eta lagunei babesa helarazi eta emakumeengako indarkeriari aurre egiteko "urgentziazko mekanismoak" aldarrikatu dituzte.

Urtea “nazkatuta, nekatuta eta haserre” hasi dutela nabarmendu dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek, Irungo erailketa matxista salatzeko deitu duten elkarretaratzean. Izan ere, eguaztenean, emakume bat labankadaz larri zauritu zuten, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, handik ordu batzuetara hil zen, “erasoan eragindako zauri larrien ondorioz”. Erailketa matxistaren ustezko egilea biktimaren semea da eta eguaztenetik atxilotuta dago: epaileak Martuteneko Espetxean sartzeko agindua eman du.
Sare feministatik “berri lazgarria” salatu eta “babes eta elkartasun osoa” helarazi diete senide, lagun eta gertukoei: “Ez zaudete bakarrik”. Erailketak jendartearen “egitura patriarkala agerian” uzten duela aldarrikatu dute: “Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalen ondorio izugarri eta lazgarrienak direla”.
Emakumeenganako indarkeriak “hamaika aurpegi” dituela gogoratu dute, emakumeen diru iturriak kontrolatzea, kaletik begiradarekin akosatzea, erasoa salatzen duenaren hitza zalatzan jartzea, gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta ardurei entzungor egotea horietako batzuk direla gehituta: “Indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez”.
Lehen mailako arazoa.
Emakumeak “emakume izateagatik” erailtzen dituztela eta errealitate horri aurre egiteko “urgentziazko mekanismoak” behar direla aldarrikatu dute. Era berean instituzioen “pasibotasuna” eta jendartearen “konplizitatea” salatu dituzte: “Horren ondorioz, emakumeen aurkako erasoek ez dute etenik”. Horregatik, indarkeria matxista lehen mailako “arazo sozial eta politikotzat” hartzea eskatu dute: “Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!·
Modu berean, autodefentsa feministarako deia zabaldu dute, bizitzaren aldeko “apustu erradikala” egiten dutela eta horretarako tresna eraginkorrenak antolakuntza eta autodefentsa izango direla zehaztuta. “Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!”.