"Etengabe aldatzen doan mundu bat da kazetaritza"
Pertsona "kuriosotzat" du bere burua txikitatik Paul Elizondo Kortazar kazetari bermeotarrak. Bere benetako ametsa albaitari izatea den arren, gaur egun duen ogibidea "bokazioz" datorkiola argi dauka.

Komunikatzea maite du. Paul Elizondo Kortazarrek hamaikatxo esperientzia bizi izan ditu kazetari gisa, dagoeneko. Oraindik, ordea, ez dauka oso argi horren zein alor gustatzen zaion gehien. Irratia, telebista, sare sozialen kudeaketa eta abar luze batek osatzen duten multzoan ez daki bere bidea zein den. Euskararen erabileraren zifrak beherantz doazen heinean, euskarazko edukiak sortzea beharrezkotzat jo du bermeotarrak.
Zergatik aukeratu zenuen komunikazioa?
Txikitatik izan naiz pertsona kuriosoa; edozertaz galdetzea gustatzen zitzaidan, eta are gehiago hitz egitea. Beraz, bokazioz datorkidala esan dezaket. Hala ere, eta egiten dudanarekin pozik nagoen arren, esan beharra daukat nire bizitzako ametsa beti izan dela albaitari izatea.
Euskal Herriko Unibertsitatean egin dituzu ikasketak. Zeintzuk?
Bai, gauza asko ikasi ditut. Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan, lehenengo urtean Publizitate eta Harreman Publikoetarako egin nuen matrikula, Marketina eta Publizitateari zuzendutako goi mailako ziklo batetik nentorrelako. Baina, pixkanaka, gehien gustatzen zitzaizkidan ikasgaiak kazetaritzarekin lotuta zeudela konturatzen joan nintzen, eta, beraz, bigarren urtean matrikula kazetaritzako gradura aldatu beharrean, matrikula bikoiztu nuen. Hau da, familia berdinekoak diren bi karrerak independenteki batera egitearen erabakia hartu nuen. Gero masterra ere egin nuen han. Bueno, esan bezala, pertsona kuriosoa naiz txikitatik.
“Oraindik ez dut erabaki kazetaritzaren zein alor den gehien gustatzen zaidana”
Kazetaritzaren zein alor da gehien gustatzen zaizuna?
Bada, gaur egun oraindik ez dut erabaki kazetaritzaren zein alor den gehien gustatzen zaidana. Uste dut egunerokotasunean sortzen diren albisteak bezain anitza dela kazetaritza, eta horrek egiten duela berezi. Argi daukadana da komunikatzea gustatzen zaidala, edozein euskarritan, telebistan, zein irratian, eta horren barruan dauden lanpostu guztiak horretarako bidea dira.
Telebistan, irratian eta publizitate arloan aritu zara lanean, besteak beste.
Bai, nire ibilbide profesionala Gaztea irratian hasi zen, masterreko praktikak bertan ezarri zizkidatelako. Eta, gaur egun, kolaboratzaile bezala nago arratsaldeetako Gaztea GU saioan. Telebistan ere aritu naiz, pantaila aurrean erreportari lanetan, eta atzean erredaktore moduan. Beste mundu bat eta beste erritmo bat da. Community managerra ere izan naiz proiektu eta programa desberdinetan. Azkena, adibidez, 59. Durangoko Azokan.
Ze ezaugarri izan behar ditu komunikatzaile edota kazetari on batek?
Ogibidea gustatzea eta komunikatzen jakitea edo, gutxienez, komunikatzen ikasteko prest egotea funtsezkoak dira. Etengabe aldatzen doan lan mundua da kazetaritza, eta etenik gabe ikasten jarraitu behar dugu, gizarteko egoera, pentsamendu, ideologia, kultura eta abar luze batera moldatuz.
Bermeotarra zara eta herrian egindako hamaika ekitalditan aurkezle izan zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Beste urduritasun mota bat dela esango nuke. Irratian edo telebistan nagoenean, urduritasun hotz bat da, zuzenekoa eta momentukoa. Inongo eraginik izango ez duena. Baina herriaren aurrean zerbait aurkezten zaudenean, beste sentimendu bat da. Urduritasuna eta lasaitasuna sentitzen ditut aldi berean. Epaiketetatik askoz gertuago zaude, onerako eta txarrerako. Beraz, zirrara berezia da, baina gustura egiten dut.
“Kalean, lagunartean, etxean eta eskoletan euskaraz baldintzarik gabe egin behar da”
Zer espero duzu etorkizunaz?
Etorkizunerako, nik eta euskal herriko gazte langile guztiok espero duguna espero dut: egonkortasun profesionala. Lana badago, aukerak falta dira. Konbentzionalismo asko dago oraindik ere komunikazioaren munduan, eta, tamalez, esku-sartze gutxi daukagu gazteok erabaki horietan. Beraz, fruituak biltzeko eta aukerak izateko, lan egitea tokatzen da.
Kazetari izanik, euskararen eragile ere bazara nolabait. Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun?
Euskararen kaleko egoera eta komunikabideetakoa guztiz desberdinak dira. Oso garrantzitsutzat eta beharrezkotzat dut euskarazko edukiak sortzea, eta euskaraz egiten duten komunikabideak egotea. Baina hau, hizkuntza baten egoera linguistikoaren aurrean, gehigarri bat dela esango nuke. Errealitatea kanpoan dago, eta euskararen erabileraren zifrak beheraka doaz, euskarazko eduki eta kontsumo aukerek gora egiten duten arren.
Nola bultzatu hori?
Kalean, lagunartean, etxean eta eskoletan euskaraz baldintzarik gabe egin behar da, ongi zein gaizki egin. Baina egin. Guk komunikabide bezala sortzen dugunetik at ere, ohiturak aldatzea da gakoa. Lehen, euskaraz hitz egin ezin zenean, egin egiten zen, eta zigortzen gintuzten. Orain, hitz egin daiteke, eta ez dugu egingo?
Nola kudeatzen duzu zure ahotsa irratian entzutearen edo zure burua telebistan ikustearen sentsazio hori?
Lehen ez nintzen gai nire ahotsa Whatsappez bidalitako audio batean erreproduzitzeko, baina, azkenean, gezurra dirudien arren, nire ahotsera ohitzea lortu dut. Hala ere, programa batean neure burua entzun edo ez entzutearen artean aukeratzerik badaukat, nahiago dut ez entzun. Akatsetan edo lokuzioan baino ezin naiz konturatu. Kuriosoa da, komunikatzaileak izanda, zenbati gertatzen zaigun hori. Eta, une honetan pantaila aurrean lan egiten ez dudan arren, telebistan nenbilela asko kostatzen zitzaidan neure burua pantailan ikustea. Aspektu horiek ere epe luzera landu beharra dago, eta norbera ikusten edo entzuten ohitzea ere ikasi egiten da azkenean. l