Aniztasunari erantzuna emanez
Ikasleen gaitasunak goraipatzeko eta haurren emozioei beharrezko tokia emateko etengabeko elkarlanean ari dira Allende Salazar Herri Eskola eta Eskola Komunitatea. Aniztasunaren erantzun izan nahi dute, Amara Berri proiektua eta beste hainbat funtsezko ezaugarri oinarritzat hartuz.

Ikaslea erdigunean egotea eta beraien beharrak ardatz izatea. Allende Salazar Herri Eskolak argi ditu bere helburuak. Publikoa goraipatzeaz gain, zaintza eta ongizatea nabarmendu ditu Gernika-Lumoko Herri Eskolak. Euskal Herri mailako beste 26 bat eskolak bezala, Amara Berri sisteman oinarritutako hezkuntza eskaintzen duen hezkuntza-zentroa da.
Sistema ireki gisa definitu dute Amara Berri, eta haren oinarrizko berezitasunak eman bitartean, adin desberdinetako haurrak zikloka kokatzen direla azaldu dute: “Lehenengo eta bigarren mailako ikasleak gela berean daude, hirugarren eta laugarren mailakoak ere bai, eta bosgarren eta seigarrenekoak, berdin”. Hala, haurren eguneroko autonomian jarri dute fokua. Izan ere, herri eskolarekin batera, “gainontzeko metodologietatik bereizten” dira: “Gelan, haurrek gauza desberdinak egiten jarduten dute; hemen ez daude gelako 20 ikasleak liburuxkako 17. orrialdeko bigarren ariketa egiten eta irakaslearen azalpenak entzuten, hemen, haurrek autonomoki jarduten dute egunero”. Ikaslea erdigunean jartzearen beste arrazoi bat gisa du eskolak Amara Berri sistema, alegia.
“Curriculum ofizialak eskatutako komunikazio gaitasunei argiki erantzuten die ikastetxeak”.
Bakoitza berea egiten egon arren, ordena jarraitzea “erraz” dute herri eskolako geletan. Horrela, Lan metodoa deritzon ezaugarri bat dute, zeinek jarraitu beharreko pausoak argitzen dizkien. “Ikasle bakoitzak bere interesgune eta abilezien arabera aukeratzen ditu egunero jorratu nahi dituen gai edo alorrak”, gaineratu dute. Irakaslearen roll-a ere ildo horretatik doa, bide batez. Hau da, sistema horrekin, lidergo roll horretatik “ikasleak motibatzea eta bakoitzaren prozesuan laguntzazko izatea” izan behar dira irakasleen helburuak, bakoitzaren “mailaren arabera” ikasleek aurrera egin dezaten.
Eskolan lantzen dena komunitatera zabaltzea da Amara Berriren beste ezaugarrietako bat, herri eskolaren ustez. Allende Salazar Herri Eskolak ikasleen komunikazio gaitasunei berebiziko garrantzia ematen die. Horrela, ikasleek irratia egiten dute egunero, eta edozein lekutatik online entzuteko aukera dago. Zirt-zart aldizkaria ere egiten dute bi asterik behin, egun horietan zehar beraiek egindako lanekin. Hiru hilabeterik behin, aldiz, Lumope aldizkaria ere egiten dute, Gernika-Lumon zabaltzen dena. Telebista ere grabatzen dute, halaber. Beraz, geletan egiten den orok irteera edo zabalkunde handia du, Hedabideak deituriko atal bat oinarritzat harturik. “Curriculum ofizialak eskatutako komunikazio gaitasunei argiki erantzuten die ikastetxeak”, goraipatu dute.
“Komunitateak osatutako eskola bat gara. Komunitatearen seme-alabak daude hemen, eta haien gurasoen eta gure arteko lankidetzatik sortzen da eskola”.
Militantziaren garrantzia
Eskola publikoetan militantziak funtsezkoa beharko luke izan, eta hori argi du Allende Salazar Herri Eskolak: “Horrela sentitzen dugu guk, eta horregatik egiten dugu lan horrela. Nahi dugulako gaude hemen. Uste dugu Gernika-Lumoko seme-alabak garen heinean, Gernika-Lumoko eskola publikoari militantzia, elkarlan eta inplikazio aldetik, merezi duen kalitatea eman behar diogula. Hori lortzeko ez dago militantzia horretatik lan egitea baino gehiagorik”.
Gainera, herri eskolan badute altxor bat ere: Eskola Komunitatea. Plazer gisa definitu dute gurasoen, irakasleen eta edozein langileren arteko elkarlana. “Komunitateak osatutako eskola bat gara. Komunitatearen seme-alabak daude hemen, eta haien gurasoen eta gure arteko lankidetzatik sortzen da eskola. Horrek, lantalde desberdina eta anitza izatea ahalbidetzen digu; euskara lantaldea, jantoki lantaldea, eskolaz kanpoko lantaldea, eta abar luze bat dira horren erakusle”, azpimarratu dute. Erabakiak ere guztien artean hartzen dituztela aitortu dute, beti ere, ikasleen beharrizan eta ongizatea lehenetsiz.
“Egunero, eskolako jantokian eskaintzen dugun janariaren %40 Busturialdeko baserritarrek ekartzen dute, %15, berriz, Euskadikoek, eta %60 Euskal Herrikoek”.
Emozioak lehen planoan jartzen ditu, oro har, herri eskolak. Horren isla da bi urteko haurrentzako egiten dituzten egokitzapen prozesuak. Haurrak beren testuinguruan seguru sentitzen diren tokia bilatu nahian, irailean zein urrian egiten dituzte egokitzapen prozesuok. Jaiotako hilabetearen edota etxeko estimulazio prozesuaren arabera, haur bakoitza eta bakoitzaren beharrak oso desberdinak direla kontatu dute eskolako kideek: “Haurrek eskolekin duten lehen kontaktu hori gogorra izan ohi da, eta dolu txiki asko pasatzen dituzte. Momentu hori zaindu behar dela irmoki defendatzen dugu, eta hori lortzeko bidea gune ahalik eta seguruena lortzea dela jakin badakigu”.
Hori horrela, haurra herri eskolara ekartzekotan, gune seguru hori lortzeko lanetan dabiltzala eta haur bakoitzaren emozioetan zuzenduko diren mezua zabaldu nahi izan dute nerri eskolatik, batez ere, “2 urteko haurren gurasoek jakin dezaten”. Haurrak esponjak bezalakoak direla sarri entzun ohi den arren, emozionalki baldintza onetan egon behar dira dena xurgatzeko, Allende Salazar Herri Eskolakoen ustez.
Jantokia, bertokoa
Guraso elkarte eta komunitateagaz egindako apustu itzelaren erantzuna da ikastetxeko egungo jantoki eredua, batik bat. “Egunero, eskolako jantokian eskaintzen dugun janariaren %40 Busturialdeko baserritarrek ekartzen dute, %15, berriz, Euskadikoek, eta %60 Euskal Herrikoek”, nabarmendu dute. Nahiz eta egun duten jantoki eredua etengabe goraipatzen duten, beraien helburua eredu hori ezarri nahi duten ahalik eta eskola publiko gehienetara zabaltzea dela argi adierazi dute.
Gainera, “17 jarduera desberdin” eskaintzen ditu Herri Eskolako Guraso Elkarteak, Eskolaz Kanpoko Jardueren baitan. Gurasoek euren “erantzukizuna bereganatu nahi dute” seme-alaben heziketa prozesuan.
“Gairen baten inguruko zalantzarik izanez gero, hurrengo QR-a eskaneatzera gonbidatzen zaitugu”, azaldu dute. Bertan, eskolaren inguruko zalantza guztiak argitzeko informazioa eskaintzen dute-eta.