Indepe Eguna: elkar entzuteko eta elkarrekin ikasten jarraitzeko hitzordua
Indepe Eguna ospatzen ari dira Gernika-Lumon. Hainbat ikuspegi lantzeko Astrako gune irekian bildu dira goizean 60 pertsona inguru, eta elkar entzun eta elkarrekin hausnartu ostean, kulturarako fabrika sozialean bazkaldu dute. Gero, kalejiran aterako dira.

“Zer dakargu udaberrirako?”. Galdera horri erantzuten aritu dira gaur (otsailak 1) Gernika-Lumoko Astran, Herritar Kazetaritza Burujabeak eta Gune Irekiaren Lagunak taldeek antolatutako Indepe Egunean. Galderari nork bere ikuspuntutik helduta, elkar entzuteko, elkarrekin ikasten jarraitzeko, elkarrekin hazi eta ospatzeko eguna izan da gaurkoa kulturarako fabrika sozialean bildutakoentzat.
Izan ere, gune irekian bildu dira goizean 60 pertsona inguru, eta parte hartzaileek hitz egin nahi zuten gaiaren araberako taldeetan banatuta hausnartu dute denetariko gaiei buruz; esaterako, euskal Omertari buruz, Independentearen lerro editorialari buruz, horren funtzionamenduari buruz edota euskal historiari buruz aritu dira berbetan. Hezkuntzaren merkantilizazioarekin amaitzeaz, Independenteako informazioa eskualdera gerturatzeaz, euskal historiak izan behar duen lekuaz edo lantzeko eraz eta hainbat utopiaz ere hausnartu dute. Hala, batzar ireki eta parte hartzaileetan, auzoan, eskualdean zein munduan pil-pilean dauden gaiak jorratu dituzte.
Euskal indentitateaz sakondu dute, esaterako, talde batean: “Zertan ari naiz ni euskalduntasunaz ari naizenean? Ni bakarrik edo kolektibo bezala ari naiz?”. Galdera horiei erantzun diete, gizabanakotik, gizartekide izatetik eta gizadikide izatetik. “Bakoitzak beretik landu du gaia, baina gu, euskaldunok daukagun diskurtso propioaren beharraz aritu gara”, esan du beste parte hartzaile batek. Eta, taldean, horretarako tresna Independentea dela esan dute: “Hori baita Independentearen izateko arrazoia: herri bezala gure kontakizun propioa egin ahal izatea arlo oso desberdinetan, bai historian, bai osasunean, bai hezkuntzan, baina betiere burujabetza egiteko modu bezala izanda”.
Beste batzuek, historia izan dute oinarrian. “Gabezi bat sentitzen dugu Euskal Herriko historiari dagokionean. Badago elite akademiko bat, baina badirudi ez dutela euren lana egiten, beti izan dugulako espainiar edo frantses historiografiaren bazterretan egoteko kinka hori. Eta, euskaldunok erdigunean dituen paradigma historiografiko bat izatearen beharrari buruz aritu gara gu, hain zuzen. Horretarako hainbat aspektuak landu ditugu: antolaketa, epistemologia eta dibulgazioa”, azaldu dute. Eta, esan dute, dibulgazioari dagokionean, euskarazko wikipedia bat existitzen den arren, ereduak gehiago markatu beharko litezkeela, eta euskalpedia bat egin beharko litzatekeenari buruz hausnartu dute.
Beste batzuek Omerta izan dute abiapuntu. “Euskal herria dago tabuz josirik, Omertapean. Omerta da izendatu ezin den hori, eta horri buruz aritu gara. Horrez gain, Independentea eskualdeko prentsara nola gerturatu ere aztertu dugu, eta mapa geografiko bat egitea pentsatu dugu, Independenteako autoreak non dauden jakiteko eta zeri buruz idatz dezaketen jakiteko”. Hala, parte hartzaileetako beste batek ondorioztatu Omertaren o hizkiak “jatorria” esan nahi duela, m-k “sortzailea”, e-k “energia”, r-k “energia bidaltzen duena”, eta ta-k “obra”: “Jatorrizko sortzaileen obra da niretzako Omerta”.
Hala, denetariko gaiak jorratu dituzte, eta gizartekide izatean auzolanak duen garrantzia azpimarratu dute: “Horrelako ekimenek kontzientzia hori ematen dute, elkarrengandik ikasten dugulako”.
Izan ere, espazio ireki bat prestatu dute, bakoitzak bere ikuspuntua ematekoa edota galderak jaurtitzekoa. Eta ekimen “aberasgarria” izan dela ondorioztatu dute parte hartzaileek. “Indartsu joan da goiza. Horrelako ekimenek balio dute elkarri entzuteko, gure ondokoek gaiak nola ikusten dituzten jakiteko. Eta niri aberasgarria egin zait denetariko gaiei buruz denetarik entzutea”, azaldu du parte hartzaileetako batek. Izan ere, bateratze horrek bizitzaren praktikan independente izateko balio duela uste du: “Independentea izateko osotasunean izan behar dugu, eta gauza batzuk oso argi izateak ez du esan nahi besteak maila berean jarri behar ditugunik. Horretarako epaiketa erretiratzeak garrantzia handia dauka, etengabean ari garelako elkar epaitzen eta norbera epaitzen. Baina egokitu behar garela uste dut. Epaiketak kendu, beldurrak kendu eta osotasun horretan busti eta eraiki behar dugu. Egokitu egin behar gara”.
Hala, antolatzaileek esan dute jardunaldia “oso ondo” joan dela, eta labur gelditu dela, “beti bezala”. Hala ere, gogoratu dute eguna prozesu baten parte dela, eta honek bigarren atala duela: “Gaurko saioen ostean, aktak jaso eta bidali egingo ditugu, jendeak horiek irakurtzeko, besteen iritziak ezagutzeko eta hortik abiatuta sormena edo pentsamendu berri bat jasotzeko”.
60 lagun bazkaltzen.
Espazio ireki eta hausnarketekin amaitu eta gero, 60 lagun geratu dira bazkaltzen Astran. Batzuek Ortutik Ahora Elkarteak bertoko produktuekin prestatutako jatekoa bazkaldu dute, eta beste batzuek nork bere etxetik erpandakoa. Eta, ostean, Fredi Paya eta Arkaitz Estiballes bertsolari beteranoek hartu dute hitza: gune irekiaren moldeagaz bat eginez, modu librean aritu dira.
Behin bertsoak amaitutakoan, Astratik atera eta udalerriko kaleak hartuko dituzte. Kalejira egingo dute, eta horrela amaituko dute Independentea Eguna: musika, dantza, bertso eta kantu artean.