"Inor atzean uzten ez duen aurrekontua" onartu dute Bermeon
Bermeoko Udalak 30.902.128,66 euroko aurrekontua onartu du 2025. urterako, EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da. Aurrekontu "sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak" direla zehaztu du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak.

Hamaika urte eta gero, osoko bilkurak Bermeoko udaletxe historikora itzuli dira. Lehengo osoko bilkura gaur goizean egin dute, eta bertan, EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin 30.902.128,66 milioi euroko aurrekontua onartu du Bermeoko Udalak, 2025. urterako. EAJko ordezkariak abstenitu egin dira.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazi duenez, “dinamika ilusionagarriarekin” aurrera jarraitzen du udal gobernu taldeak, agintaldia hasi zutenean finkatu zituzten helburuak lortzeko lanean jarraitzen baitute. Zehaztu duenez “arrazoizko” aurrekontuak dira, “buruarekin egindakoak”. Nemeh “pozik” agertu da, eta “esfortsu handiz” egindako aurrekontua dela azpimarratu du: “Inor atzean uzten ez duen aurrekontua dela uste dut, erronka argiak dituena, gizarte politikak, balioak, bizikidetza, eta oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituena”.
Iazkoa baino handiagoa.
Diru-sarreren jatorriaren inguruko xehetasunak eman ditu Nemehk, kopururik handiena Udalkutxatik datorrela zehaztuz: 13.447.599 euro. Tasa eta zergetatik, berriz, 9.653.464,79 euro jasoko dituzte: 4.617.502,71 euro zuzeneko zergetatik, 1.397.896.03 euro zeharkako zergetatik eta 3.638.066,55 tasa eta bestelako sarrereratik. Zerga kopururik handiena Ondasun Higiezinen Gaineko Zergatik jasotzen dutela azaldu dute.
Horrez gain, zenbait proiektu aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzatik eta Next Generationen diru-funtsetik ere “hainbat diru-laguntza” jasoko dituzte. Jaurlaritzak, besteak beste Nardiz tar Jon kaleko obrarako 162.119 euro eta Hiri Berroneratzeko proiekturako —gune degradatuen birgaitzerako— 2.187.898,26 euroko diru laguntzak emango dizkie. Next Generationen laguntzak, berriz,, Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroa, digitalizazioa, Alde Zaharra Txukuntzeko Planera eta Historia eta paisaia bultzatzeko wifira bideratuko dira; guztira, 700.000 euro.
“Jasangarritasunerako ekimenak” egiteko ere diru-laguntzak onartu direla iragarri du Nemehk; hala nola. Hidrotermia Turismo Bulegoan —78.862.48 euro—, Geotermia Gaztelugateko San Juan Interpretazio Zentroan —89.460 euro— eta “eraikin publikoetan plaka fotovolkaikoak” jartzea.
EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu dute 2025. urterako aurrekontua
Onartu duten aurrekontua iazkoa baino 500.000 euro handiagoa; izan ere, “sarrera berriak” aurreikusten dituzte hala nola, Kutxa eta Banketxeetako interesak (200.000 euro), eta aurreikusitako ondare salmenta. Hala ere, ia sail guztietan” murrizketak egin behar izan dituzte. “Egonkortze prozesuaren ondorioz aurreikusten den konpentsazio ekonomikoa 405.122.04 eurokoa da. Eta, horrez gain, proiektu ezberdinak egiteko jasotzen ditugun diru-laguntzetarako, Bermeoko Udalak diru kopuru bat jarri behar du proiektu horiek osotasunean gauzatzeko; 195.000 euro inguru dira”, zehaztu du Nemehk.
Aurreikusitako gastuei dagokionez, langileei dagokionez 16.433.245.64 euroko aurreikuspena egin dute. Zor publikoaren kapituluan, berriz, 629.999.91 euro maileguak ordaintzera bideratuko dute. Hala, 2.627.403,49 euroko diru-saila da inbertsio errealetarako geratzen den kantitatea.
Bermeoko Udalak urrian abiarazi zuen aurrekontu parte hartzaileen proiektua, eta abenduan jakinarazi zuten gordeta zuten 50.000 euroko diru-saila San Frantzisko Herri Ikastetxeko jolaslekuak konpontzera bideratuko zela, herritarrak beraien botoen bitartez hala aukeratu zutelako. “Martxan gaude horrekin, eta dagoeneko batu gara ikastetxeko arduradunekin, beharrak identifikatzeko”, azaldu du alkateak.
Sailez sail.
Nemehk, Erakunde Batzordeko buru gisa, sail horretako nondik nondik norakoak azaldu ditu. Administrazio orokorrari dagokionez 223.560 euroko aurrekontua izango duela zehaztu du, udalaren eta udal erakundeen erosketetan “klausula sozialak” jartzeko aukerak dauden aztertuko dutela iragartzeagaz batera. Horrez gain, udal jakinarazpenak “eraginkortzeko” lanak egindo direla jakinarazi du. Alkatzera sailean, udal herriko elkarte eta eragile ezbedinekin dituen “hitzarmenak mantendu” egingo dira, “ikuspuntu sozial eta kultural” batekin. Era berean, “bi hitzarmen berri” egingo dituzte: Bitxos elkartearekin eta Eleizalde Ikastolarekin.
Ekonomia eta Ogasun Sailean (2.074.470.25 euro), “zenbait ordenantza” berrikustea aurreikusten dute: Bermibusa, terrazak… Modu berdinean, 2025ean “aseguruen egoera aztertu” eta sastarren ordenantza aldatuko dutela jakinarazi du, “lege berria aztertuta eta zerbitzuaren kostua kontutan hartuta”. Etxebizitzari dagokionez, “politikak indartzeko”, Alokabiden sartzen diren etxebizitzek “%50eko hobaria” izango dute OHZn, eta enpresa handiei tipoa igoko die, herritarrentzat inpaktua “txikiagoa” izateko.
Endika Etxebarria Telleria: “Zaintzaren herria eraikitzeko pausuak ematen gabiltza”
Berrikuntza, Gobernu Irekia eta Herritarren Arreta Sailak 478.782,32 euro jasoko ditu, eta Nemeh iragarri duenez, martxak jarriko dituzte herritarrek “udaleko kudeketan parte hartzeko aukerak” zabaltzeko hobekuntzak: “Zerbitzu karten kudeaketa sistema eraginkortuko da eta partaidetza eredu berria sortzea da asmoa: Bermeo-LAB”.
Endika Etxebarria Telleria Herritarrak Batzordeko buruak udal gobernu taldearentzat herritarren ongizatea “oso garrantzitsua” dela aipatu du, Etxez Etxeko zerbitzua Langileria Sailaren “helburuetako bat” izango dela azpimarratuta. Gizarte Zerbitzuetara 1.446.825,15 bideratuko dituztela azaldu du: “Pertsonetan zentratutako arreta eredua dugu gure Zaharren Egoitzan. Langileen formakuntzaz gain, 2025an zehar eredu honek eskatzen dituen bakarkako espazioen erreforma ere egingo da. Gainera, iaz Bermeora ekarri ditugun programa pilotoekin aurrera jarraituko dugu —nahi ez den bakardadean laguntzeko programa, gurasotasuna lantzen programa…— Zaintzaren herria eraikitzeko pausuak ematen gabiltza, eta Berdintasun Sailarekin elkarlanean, udaletik lehenengo esku-hartzeekin eta ekintzekin hastea da helburua”, adierazi du.
Herri berdinzalea.
Berdintasun Sailean “apustu sendoa” egin nahi izan dute, Gazteria Sailagaz batera diru-kopurua indartu den sail bakarra izanik (94.377). 2025ean zehar puntu seguruen sarea indartzea da sailaren “helburu garrantzitsuenetariko” bat. “Herri berdinzalea lortzeko asmotan, Hezkidetza Mahaia sortu da, eta aurten, hori indartzea da helburua. Honekin lotuta, martxan dago Jabekuntza Eskola, emakumeen saretzea delako sail honen ardatzetako bat”, azaldu du Etxebarriak. Era berean, LGTB diagnostikoa “azken urratsetan” dagoela iragarri eta horri lotutako “aurkezpena, hausnarketa eta ekintzak” burutu nahi dituztela jakinarazi du. Gazteria Sailari dagokionez, (201.753 euro), Gaztelekua martxan jartzea da helburu nagusia.
Kultura eta Hezkuntza Sailak 630.485 euroko aurrekontua izango du, eta heburu nagusitzat finkatu dute “herriko artisten lanak eta herriari buruzko lanak herrira ekartzen jarraitzea”: “Gorka Perez de la Peñaren Bermeoko Arkitektura Garaikidea liburua plazaratuko da”. Horrez gain, “urte luzez” jaso duten eskaera bati hasiera emango diotela iragarri dute: udal herriko Erraldoien panpinen proiektua lantzeko lanekin hasiko da, “2026rako panpinak izateko itxaropenarekin”. Era bidean, musika eskola guztientzat “eskuragarriagoa” egiteko ahaleginak egingo dituztela azaldu du.
“Euskal nortasuna sustatzeko apustua egingo da”, adierazi du Etxebarriak, Euskaraldia eta irakurle feminista txokoa bezalako ekintzak antolatzen jarraituko dutela esanez. Gainera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa Bermeon izango dela eta herriko ikastetxeetan LH6. mailako ikasleentzat bertsogintza eskolak jarriko dituztela iragarri du, besteren artean.
Udalak gainera, artxibo historikoen digitalizatze prozesuarekin jarraituko du, eta, horrez gain, erakunde barruko artxibo eta dokumentuak digitalizatzeari ere ekingo diote, “kudeaketa aldetik eraginkorragoak eta azkarragoak izateko asmoz”.
Xabier Ortuzar Butron Lurralde Batzodeko buruak azaldu ditu gainontzeko sailen nondik norakoak. Kirol Sailari dagokionez, aurrekontua 843.224,74 eurokoa izango da, besteak beste, bermeotarrek eskatutakoari erantzunez, Areneko kiroldegiaren atzean padel pista bat egingo dutela iragarri du. Zerbitzu Sailean (3.337.878,10 euro), berriz, “mugikortasunaren aldeko apustu sendoa” egin nahi dutela azaldu du; “Uste dugu herrian oso lagungarria dela mugikortasun sistema indartsu bat izatea, horregatik, Bermibus zerbitzuaren kontratu berria aztertu eta landuko da”. Era berean, “segurtasuna hobetu aldera” zebra-bide batzuk argiztatuko dituzte, eta Atalde kalean komun publiko bat jarriko dute.
Gaztelugatxe indartzea.
Lurgintzari dagokionez (112.800 euro) “iazko ildotik” jarraitzea aurreikusi dute, “auzoetan inbertsioak egiteko gaitasuna mantenduz”. Hala ere, “erronka garrantzitsu bat” ere badutela iragarri dute: baratze komunitarioaren ekimena aurrera eramatea. Hirigintza eta Ingurumen Sailak 2.829.004,99 euroko diru saila izango du, aipatutako diru-laguntzak barne hartuta, eta martxan dauden dauden “programa nagusiak egitea” da asmoa: Ekoturismorako Next Generation programa eta Hiri Berroneratze programa. Ekintza ekoturistei dagokienez, Gaztelugatxeko Interpretazio zentroa —Areilza kaleko udal eraikinean egingo da— eta turismo bulegoko “birgaitze energetikoa” nabarmentzen dira. Bestalde, Hiri Berroneratzeari dagokionez, Itxasbegi kaleko irisgarritasuna hobetuko dutela azaldu dute, Txibitxiagan ibilgailua jarrita.
Xabier Ortuzar Butron: “Gure identitatea eta herri kultura zabaltzeko ekimenak bideratuko dira”
Gaztelugatxeko gunea indartzeko ekintzak bultzatuko dituztela nabarmendu dute, “turismo jasangarria erakartzeko bidean, eta beti jasangarritasuna kontuan hartuta”. Horretarako, Turismo eta Garapen Ekomikoa Sailerako 396.479,99 euroko diru saila aurreikusi dute. “Gure identitatea eta herri kultura zabaltzeko ekimenak bideratuko dira, gure eskaintza turistikoaren berezitasuna indartzeko”, gehitu du Ortuzarrek, “herrian erosteko kanpaina bat” martxan dutela iragartzeagaz batera. Amaitzeko, udaltzaingoak 82.500 euroko aurrekontua izango duela eta herriko sergurtasunean oinarrita, “gune estrategikoetan” kamara sistemak jarriko dituztela adierazi du Ortuzarrek.
Bost ardatz.
2024an egin bezala, udalaren aurrekontu berriak bost ardatz nagusi ditu: Danontzako Bermeo, Bermeo Bizia, Bermeo Jasangarria, Bermeoko Eraldatzailea eta Bermeo Gertua. Azken horrek aurrekontu guztiaren %62,6 hartzen du eta gardentasuna, parte hartzea, eraldaketa digitala eta euskararen sustapena biltzen ditu, besteak beste. Bermeo Jasangarriak (%23,8), berriz, eraldaketa urbanistikoa, auzoen garapena, irisgarritasuna eta Alde Zaharraren biziberritzea, ditu aurreikuspenen barruan.
Bermeo “soziala eta berdinzalea” eraiki nahi dutela nabarmendu du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak
Danontzako Bermeo ardatzak %6,4 darama, eta bertan kokatzen dira gizarte-politikak, balioak eta bizikidetza eta oinarrizko zerbitzuak, “Bermeo sozial eta berdinzale bat eraikitzeko, etxebizitza, osasuna, bizi-kalitatea eta inklusibitatea oinarri izanda”. Bermeo Biziak, berriz, %6 hartzen du, “kultura, kirola, euskara, gazteriaren aisialdia, sormena eta jaia sustatzeko”. Gainontzeko %1,3 Bermeo Eraldatzaileak jasoko du, jarduera ekonomikoa eta enplegua, ekintzailetza, turismoa eta hezkuntza indartzeko ardatzak.
Bermeo “soziala eta berdinzalea” eraiki nahi dutela nabarmendu dute udal gobernuko ordezkariek, aurrekontu “sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak” lortu dituztela aldarrikatzeagaz batera. Amaitzeko, prozesuan zehar berarekin batera lankidetzan ibili diren guztien lana eskertu du alkateak: “Eskerrik asko teknikariei, zinegotziei eta oposizioari, denbora guztian borondate kooperatiboa agertu dutelako, eta prozesu guztian elkarlanean aritu garelako”.