EAJk 2025eko udal aurrekontuarekiko abstentzioaren zergatia azaldu du
Bermeoko Udalak 30.902.128,66 aurrekontua onartu du; EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da, "proposatutako finantzaketa ereduarekin bat ez datorrelako".

Gaur goizeko [urtarrilak 30] osoko bilkuran Bermeoko Udalak 2025. urterako aurrekontua bozkatu du. Aurretik, baina, gai-zerrendako lehen puntua Ander Garate Ormaza EAJ taldeko zinegotziaren kargu-hartzea izan da. Izendapenak eginda, aurrekontuen bozkaketa egin da, eta EH Bildu eta Guzanen botoekin 30.902.128,66 euroko aurrekontua onartu da. EAJ, berriz, abtenitu egin da, “proposatutako finantzaketa ereduarekin bat ez datorrelako”.
Idoia Platas Bermeoko EAJko zinegotzak aurrekontuak ez onartzearen arrazoiak azaldu ditu: “Ezin ditugu babestu aurreko urteetako kudeaketa arduratsuari esker lortutako eta herriarentzako onuragarriak diren tamaina handiko proiektuak gauzatzea ahalbideratuko liguketen aurrekontuak”. Azaldu duenez, onartu den aurrekontuarekin, zeuden “aurrezki apurrak” aurten agortuko dira, eta “Bermeok ez du maniobrarako tarterik izango”.
Hiru zuzenketa.
Alderdi jeltzaleak hiru zuzenketa aurkeztu zizkion udal gobernu taldeak helarazi zion aurrekontuaren zirriborroari, eta, jakinarazi dutenez, “partzialki” onartu dizkiete. Gogoratu dutenez, iaz Atalden komun publikoa jartzea eskatu zuten, eta, aurten, EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernuak diru-sail bat aurreikusi du horretarako: “50.000 euro bideratzea onartu dute”.
Bigarren zuzenketan EAJk Hermanoetan bi padel pista proposatu zuen; Platasek zehaztu duenez, gobernu taldean zeudela “aurreratuta” utzi zuten proiektua, 150.000 eurotan balioetsia zegoena. Onartu berri den aurrekontuan, baina, padel pista bakarrera murriztu dute proiektua, eta jeltzaileentzat “nahikoak ez diren 50.000 euro” bideratuko dira hori eraikitzera.
Azken zuzenketak Zubiaur tar Kepako zebra-bideak eta “udalerriko beste puntu batzuk” argiztatzea eskatzen zen, “oinezkoen segurtasuna hobetzeko”. Proposamena “neurri batean” onartu zuela azpimarratu du Platasek, “hobekuntzak non egin talde guztien artean erabakitzeko konpromisoarekin”. Aurrekontuan 15.000 euroko diru saila aurreikusi dute, jeltzaleek partida “50.000 eurotan handitzea” eskatzen zutenean.
Abstentzioaren zergatia ere jorratu du: “Jarrerak hurbiltzeko duten prestutasuna baloratzen dugu, baina planteatzen genituen gure hiru zuzenketetako bat bakarrik onartu izana sentitzen dugu”, nabarmendu du EAJko zinegotziak. Era berean, alderdi jeltzalearen “oposizio propositibo eta eraikitzailearekin” duen konpromisoa berresten dutela zehaztu du: “Gure borondatea akordioak elkarrizketaren bidez lortzea izan da, da eta izango da”.
“Kezkatuta”.
Udal gobernu taldeak bere proiektua gauzatzeko duen “kudeaketa gaitasunik ez duela” aldarrikatu du talde jeltzaleak: “EH Bildu eta Guzan aurreko agintaldian aurreratutako proiektuak gauzatzera mugatzen ari dira, hala nola, Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa, turismo bulegoaren eraberritzea…”. Era berean “estrategia zehatzik” ez dutela azpimarratu du, “funtsezko arazoei erantzunik eman gabe” jarraitzen dutela salatuta.