Bizitzaren melodia irudimenez lantzen duten marrazki bizidunak
Estreinatu dute ‘Loa eta Laia’ euskarazko marrazki bizidunen hirugarren denboraldia, eta hamar ataletan, musikak bizitzan duen garrantzia azpimarratuko du. ‘Bizitzaren melodia’ izenburupean, besteren artean, bakearen aldeko aldarria eta Maritxu Tellatukoaren omenezko kanta dira osagai berri batzuk.

Asko dira bizitzaren melodiak, batzuk erritmo bizikoak, beste batzuk lasaiagoak; batzuk abestuak, beste batzuk musikalak; batzuk alaiak, beste batzuk tristeak. Hain zuzen ere, mundu osoko erritmo ezberdinak landuko dituzte Loa eta Laia marrazki bizidunek dagoeneko aurkeztu duten hirugarren denboraldian. Bizitzaren melodia izenburupean, eta 10 ataletan banatuta, bizitzako garai ezberdinetan musikak duen garrantzia azpimarratuko dute.
“Musikaren aniztasuna eta unibertsaltasuna erakutsiko ditu hirugarren denboraldiak, Euskal Herritik begiratuta eta mundu osoko erritmo ezberdinak landuz”, azaldu du Josu Bergara ideiaren sortzaile eta musika egileak. Izan ere, uste du txiki-txikitatik, eta hazten joan ahala, musikarekin ikasten, jolasten, gozatzen dutela txikienek, sentimendu desberdinei ere aurre eginez. “Musika ezinbestekoa da gure egunerokotasunean, lagundu egiten digu. Beraz, uste dut garrantzitsua bezain lagungarria dela txikitatik musika maitatzen ikastea, eta ideia hori familiek musikarekin duten esperientziarekin lotu gura dugu denboraldi honetan”, arrazoitu du Bergarak. Hala, asmo hori transmititu gura diete txikienei, ikuspegi dibertigarri eta didaktikoan oinarrituta. Izan ere, bakeari, errespetuari, maitasunari, zaintzari, partekatzen ikasteari buruzko abestiak eta istoriak landuko dituzte denboraldi honetan, musika oinarri izanda.
Izan ere, musikariak dira proiektuaren atzean daudenak: Bergara bera, Ane Martinez, Leire Aparicio, David Sanchez eta Nerea Alberdi. Paul Caballerok, berriz, musikariek sortutakoak marrazki bizidun bihurtzen ditu. “Marrazki bizidunak egiten ditugu, animazioa da azken emaitza, baina taldeko gehienak musikariak gara. Beraz, nahiz eta Loa eta Laia marrazki bizidunak izan, musikak garrantzia asko dauka proiektu honetan. Garrantzi berezia ematen diogu musika erakargarria egiteari, itsaskorra izateari, musika ezberdina bilatzeari”, azaldu du sortzaileak. Eta, azpimarratu du umeentzako prestatutako musika dela eurek garatzen dutena, ez umeen estilokoa, baizik eta estilo unibertsala daukana: “Estilo unibertsalak edo desberdinak bilatzen ditugu, horiek umeentzat erakargarri izateko, eta askotarikoak eta desberdinak izateko. Ze, mundu mailako marrazki bizidun askotan, musika pop-rockean oinarritzen da, formatu zehatzetan, eta gu saiatzen gara formatu aberatsak edo desberdinak bilatzen, umeei ikusarazteko musika estiloak askotarikoak izan daitezkeela, musika egiteko modu asko daudela”.

Loa eta Laiaren hirugarren denboraldiko kartela.Iratxe Etxeandia
Hala, musika oinarri izanda eraikitzen dituzte atalak. Hilabetetik hilabetera kaleratzen dituzte horiek, hau da, nahiz eta hirugarren denboraldiko lehen atala estreinatuta egon, otsailean kaleratuko duten bigarren atala osatzen ari dira oraindik. Prozesuka lan egiten dute: lehenengo, Bergarak pentsatzen ditu letrak, eskoletatik zein irakasleengatik jasotako ekarpenetatik abiatuta; gero, gitarragaz eta ahotsagaz konposatzen ditu lehenengo oinarriak, ostean Sanchezek oinarri horretatik abiatuta musikaren orkestrazioa egiteko, aukeratutako estiloaren arabera; behin horiek musikaren oinarria orkestratuta dagoenean, ahotsak grabatzen dituzte Martinezek eta Apariciok. “Musikarekin amaitutakoan, beste bilera bat egiten dugu eta letrekin adierazi nahi dugunetik abiatuta, Paulekin biltzen gara storyboard bat osatzeko. Gidoia pentsatzen digu, protagonisten nondik norakoak zehaztu eta Paulek magia egiten du, asmo eta ideia horiek marrazki bizidun bihurtuz”, azaldu du Bergarak.
Prozesu horri segika, lehen atalean bakea lantzea erabaki zuten. Izan ere, gaurko egunez (urtarrilak 30) hil zuten Mahatma Gandhi, eta, hori dela eta, nazioartean Indakeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna bezala da ezaguna gaurko eguna. Hala, bakearen aldeko aldarrikapena egiteko aukera baliatu dute sortzaileek: “Telebista edo Internet begiratuta denok ikusten dugu nola dagoen mundua, eta, guk, musikari eta sortzaile modura, ekarpen bat egin dezakegula uste dugu. Ekarpen pedagogiko eta didaktikoak egin ditzakegu, baina baita aldarrikapenak ere. Eta gure aldarrikapena da bakezaletasunaren ade egitea: erakutsi nahi dugu munduari begiratzeko gure modua da elkartasuna aldarrikatzea dela, herrien arteko gertutasuna bilatzea, besteekiko errespetuan oinarritzea, integrazioa… Eta kontu horiek landu ditugu bakeari buruzko lehen atal honetan. Eta, egia esan, harrera oso ona izan du, zentro desberdinetatik gaia jorratzea eskertu baitugute”.
Helburu didaktikoen artean, gainera, sormena eta irudimena lantzea ere eskatu dietela diote, eta horretarako musika baliagarria dela uste dute: “Musika tresna baliagarria da bai gizakion arteko harremenetarako, bai elkar ezagutzeko, bai bizikidetzarako, bai sormenerako”. Horrez gain, ahots desberdinak landuko dituzte beste atal batzuetan, eta Maritxu Tellatukoa bueltatuko dela ere aurreratu dute, bertoko folkloreko pertsonaia berreskuratu nahi izan dutela aipatuta. “Horiez gain, beste gai batzuk landuko ditugu, sinpleagoak direnak, baina umeen egunerokotasunean presentzia handia dutenak; esaterako, autobusari kantu bat eskainio diogu. Ze, ume askok euren egunerokotasunean hartzen duten garraioa da”. Izan ere, Loa eta Laiaren protagonistak umeak direla diote, 2 eta 7 urte bitartekoak, eta euren bizipenetan oinarritutako abestiak egin nahi dituzte. “Ondorioz, helduentzat autobusari buruko abesti bat tontakeria bat izan daiteke, baina eurentzat euren errealitatea da. Musika eta errealitatearen arteko lotura hori bultzatu gura dugu”, esan du Bergarak.

Loa eta Laia hirugarren denboraldiko lehen atalean.Loa eta Laia
Izan ere, Loa eta Laia eskoletan zein etxeetan erabiltzeko “tresna baliagarria” da, askok familian ikusten dutena: “Iluntzeko 20:00ak da telesaila gehien ikusten den ordua. Familia askok elkarregaz ikusten dute, eta, ondorioz, gune seguru bat Loa eta Laia”. Gainera, azpimarratu dute euskaratik eta euskaraz pentsatutako edukia dela, modu didaktikoan egindakoa: “Ikuspegi horretatik, familia askok esan digute horretarako beharra zegoela”. Gehitu du euren publikoa dela zorrotzena, eta sei abesti nabarmendu dituztela umeek, besteen gainetik entzuten dituztenak: Oparirik politena, Euskararen egunekoa, Egun on, Gabon, Hortzak garbitzeko ordua edota Kaka egingo dugu. “Erantzun horietatik ari gara gu ere ikasten, edukiak sortzen”.
Aurreko balorazioak.
Hirugarren denboaldiari ekin diote, aurreko denboraldien balorazio ona eta gero. Izan ere, “sekulakoa izan da” telesailak izan duen harrera: “Uste genuen baino hobea izan da. Ze guk gure apaltasunetik sortu genuen proiektua, funtzionatuko zuen edo ez jakin barik. Euskarazko marrazki bizidunak izatearen beharretik jaio zen ideia, baina ez genekien marrazki bizidunak nola egiten ziren, zer suposatzen zuen animazioko telesail bat egiteak. Berriak ginen, eta ilusio askorekin ekin genion lan honi”. Gerora, ikusi dute “gero eta ezagunagoak” direla Loa eta Laia, geroz eta jende gehiagok erabiltzen dituela. “Euskal Herri osoko jendearen iritziak jasotzeaz gain, Madrildik, Bartzelonatik, Argentinatik eta Idahotik ere ikusi dute telesaila”.
Bestalde, proeiktuaren lehen bi denboraldiak sortzaileek eurek ordaindu behar izan zituztela gogoratu dute: “Proiektuaren diru iturri garrantzitsuenak babesletzak dira, eta horiek instituzionalak dira gehienak. Hirugarren denboaldi honetarako lortu dugu aldundia izatea babesle nagusia —bigarrenean ere lagundu zuen, baina oraingoan laguntza sendoagoa eskaintzen du—, eta hori garrantzitsua da, ze gu ez gara proiektu honetatik bizi, baina ordu asko eskaintzen dizkiogu, gure asmoa gizarteari ekarpena egitea delako. Hala, eskaintzen diogun denbora hori bueltan etortzea nahi dugu, eta hirugarren denboraldi honetan ordainsari txiki bat izango dugu, zerbait duina, motibazioa ere ematen duena aurrera egiteko. Eta pozik gaude”.
Gainera, ekarpen berritzaileak ere jaso dituztela diote, ikuskizun bat egiterarena, esaterako. Oraindik gauza asko dituzte horri buruz zehazteke, baina denak ados baldin badaude aurrera egitea da euren asmoa: “Denok ados baldin bagaude, udazkenetik aurrera ikuskizun bat eskaintzea da asmoa, eta hori izatea areto, kultur etxe, antzokietan egitekoa. Oraindik iraupena ez dugu zehaztu, baina ordubetekoa edo izatea da asmoa, familiei zuzendua izateaz gain”. Zehaztu barik dute, baina buruan duten kontua da: “Zerbait polita izatea nahi dugu, musikaren aldarrikapena egiten duena, euskarazkoa dena, eta gure kulturan oinarritzen dena. Ze, gure naturari, tradizioari egiten diogu keinu telesailean, gure animaliei, gure musikari… Argizaiolak, zorioneku eskua… agertzen dira. Beti saiatzen gara keinu horiek egiten”.

Loa eta Laiaren sortzaile taldea, Durangoko azokan.Iratxe Etxeandia
Euskaratik eta euskaraz.
Euskaratik eta euskarazko marrazki bizidunak izatearen beharretik abiatu zuten proiektua, eta horren alde egin dute. “Ondo dago gure umeek nazioarteko edo Japoneko marrazki bizidunak ikustea, Frantziakoak, nazioartekoak… baina Euskal Herrian egindako marrazki bizidun oso gutxi zeudela ikusi genuen, eta beste era batera lantzen hasi ginen. Badaude bertatik eta euskaraz jaiotako beste hainbat proiektu oso politak direnak: Ene kantak, Pirritx eta Porrotx… Eta gu horien alde gaude, ze gure umeak eta gu horiekin hezi gara, baina uste dugu badagoela bertokoari keinu egiteko leku bat ere bai”, azaldu du Bergarak.
Hala ere, marrazki bizidunen panorama “anizta bezain zaila” dela dio: “Gertatzen dena da gure garaitik gaur egunera arte telesailak kontsumitzeko kanalak asko aldatu direla. Lehen hiru aukera zeuden, eta orain milaka milioi daude. Kontua da nola eskaini dakiokeen munduari Euskal Herrian egindako gauza bat, bertoko klabeetan oinarrituta dagoena”.
Hala ere, izan duten erantzuna bikaina izan da, eta proiektua gero eta gehiago zabaltzen ari dela dio eatarrak: “Guk harpidedunak ditugu, eta Youtubeko gure kanalera zerbait igotzerakoan zuzenean ikusten dute batzuek; dagoeneko 3.000 harpidedun ditugu, eta oso pozik gaude babes hori izateaz. Gainera, EiTBko Makusi plataforman ere ikus daiteke telesaila, baita Primeran plataforman ere”. Kalean ere badute presentzia Loak eta Laiak, batzuk pertsonaia horietaz mozorrotzen baitira.
Gainera, iaz abiatutako baliabide didaktikoak sortzeko bideari jarraipena eman diote aurten ere. Ze, telesaiari buruzko marrazkiak deskargatzeko eta inprimatzeko aukera eskaintzen dute, doan, euren webgunean. Horrez gain, Miko-miko jolasa ere sortu dute, hori deskargatzeko aukera eskainiz. “Eta ideiak botatzen badizkigune, saiatuko gara egiten”.