Kultura, adierazpen desberdinetatik

Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren… topagunea da Gernika-Lumo. Asko dira udalerrira bertaratzen diren konpainiak, musikariak, aktoreak zein dantzariak. Eta horiek ekartzeaz arduratzen da Gernika-Lumoko Kultur Etxea.
Urteko jaien kudeaketaz eta programazioaz arduratzen da, denetariko ekintzak antolatuz: antzerkia, zinema, dantza, bakarrizketak, musika, Arbolapean, bonbardaketa… Horietako %79 arte eszenikoak izan ziren iaz, eta %21 familientzako ikuskizunak. Hizkuntzari erreparatuta, edukien %75 eskaini zituzten euskaraz, %13 gaztelaniaz eta %12 beste hizkuntza batean. Izan ere, beti egiten dute edukiak euskaraz lantzeko ahalegina, eta hori diote datuek.
Gainera, hiru ardatz nagusitan banatzen du bere jarduna kultur etxeak: arte eszenikoak, familia ikuskizunak eta zinema.
Arte eszenikoei dagokienez, War Baby antzerki dibertigarriaz eta Go!azenen ikuskizunaz gozatzeko aukera egon da urtarrilean. Otsaileko eskaintza ere ederra da: zapatuan Itzulera lanak beteko du Lizeo Antzokia, eta, astebete geroago, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak antzezten duten Arizona ikusteko aukera egongo da. Komediak dira biak, gaur egungo errealitateaz hitz egiten dutenak. Martxoan ere, arte eszenikoek ez dute hutsik egingo, Tanttakaren Heisenberg obra bertaratuko baita; Ramon Agirrek eta Naiara Arnedok gizakien arteko konexioa zein ziurgabea eta komikoa izan daitekeen erakutsiko dute.
Musika ere ez da faltako, ze, Petti eta bere banda egongo dira martxoaren 22an, Lizeoan.
Familientzako ikuskizunek ere badute tokia: otsailean Moko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Obrak enpatiari buruzko hausnarketa bideratzen du, Bilintx bihurtzen den ume baten abenturak kontatuz. Martxoan, berriz, doluari buruz hausnartuko dute, Elara, bidaia bat izarretara obragaz.
Bestalde, kolorez beteko dute liburutegia otsailaren 28an, liburutegiko jardueren barruan. Inauterien testuinguruan, makillaje tailerra prestatu dute, eta, martxoan, irakurzaletasunean sakonduko dute, Mari Sorginarekin irakur-jolas txokoan bilduko baitira familiak. Irakurzaletasunaz familian gozatzeko eta ikasteko jarduera da.
Horiez gain, Lizeoteka ere egiten dute, asteburuetako ohiko emanaldi zinematografikoen osagarria dena. Gai eta genero desberdinak lantzen dituzte filmen aukeraketa zainduagaz, ohiko eskaintzatik at dagoen beste zinema mota batez gozatzeko.