Eako urak eta basoak lehengoratzeko lanean jarraitzen dute
Eako Udalak Ulla eta Bekoerrekako basoak lehengoratzeko lanekin jarraitzen du, lurrak erosiz eta horiek lehengoratzeko lanak sustatuz. Iaz hiru partzela erosi zituzten Natxituan, ia 9 hektareakoak, eta baso autoktonoa berreskuratzeko lanen lehen fasean ari dira.

Eak zaharberritze hidroforestaleko proiektuagaz jarraitzen du, Agiñerreka eta Bekoerreka ibaien goi-ibarreko ingurumena lehengoratzeko lanean ari baita. Hain zuzen ere, Ulla eta Bekoerrekako basoak lehengoratzean ari da lanean, Eako urak eta basoak lehengoratzeko esparru proiektuaren laugarren fasean; hala, 2020an abiatutako Ola ingurua lehengoratzeko lanei jarraipena ematen ari dira udalerrian.
Lanokin hasi aurretik, Eako lurren %99 pribatua zen, eta ehuneko “oso handi bat” eukaliptozko monolaborantzaz betetakoak zirela dio Keko Alonso biologoak eta proiektua bideratzen duen Besaiako arduradunak. “Pribatutasun horrek eta lurrak monolaborantzara bideratutakoak izateak hainbat baliabide arriskuan jartzen zituen: lurzorua, lurzoruaren ura hartzeko ahalmena, uraren zikloaren erregulazioa edota baso suteen hedapena”, dio. Gainera, eukaliptoz beteta ez zeuden basoak pinuz beteta zeudela azpimarratu du, bi espezieak baso suteak hedatzea errazten dutela gehituta. Horrez gain, biodibertsitatea, paisaia zein natura aldatzen zituztela aipatu du.
Ondorioz, faktore horiek erregulatzeko eta basoak bertoko baso bihurtzeko epe ertain eta luzerako lan ildoa zehaztu zuten Besaiak eta Eako Udalak; hau da, lurra erostea eta lur horietan ingurumena zein basoa berreskuratzeko proiektuak garatzen hastea adostu zuten.
Ordutik, udalak hainbat lursail erosi ditu ur baliabideen inguruan, izan ere, lurrak inguru horietan erostea lehenesten da, monolaborantzak inguru horietan eragiten dituen kalteak oinarri hartuta. Hala, udalak erosi dituen lursail guztiak arro hidrografikoen ingurukoak dira, batez ere goi ibarretakoak, hau da, Eako itsasadarrera ura isurtzen duten erreka horien jaiotzetan eskuratutakoak. Ze, Alonsok dioenez, lurzoruak ondo kontserbatuta baldin badaude, lurrak ondo erregulatzen du uraren zikloa, baina monolaborantzaren ondorioz zuhaitz guztiak aldi berean mozten badira, horrek lurzorua erabat suntsitzen du, lurzoruak belaki modura funtzionatzeari uzten diolako. “Eta hori zen lur horietan gertatzen zena. Ondorioz, basoa eta basoko biodibertsitatea zein paisaia berreskuratzen saiatzen ari gara, lurrak ur ibilguen inguruan erosiz eta horiek lehengoratuz”, argudiatu du.
Lur erosketa hori, beraz, 2020az geroztik gauzatu dute, eta ordutik, 30 hektarea ingurutan jardun dute. Esaterako, Ulla inguruan, bi baso partzela erosi zituen udalak 2023an, aurretik erositako Ola eremuaren inguruko lurren mendebaldean. Hala, baso masa publikoa bost hektarea baino apurbat gehiago handitu zen. Bestalde, iaz, hiru partzela erosi zituen udalak Bekoerrekaren goialdean, Natxituan, Zuluaga eremuan, ia bederatzi hektareako azalerakoak. Bertan, baso autoktonoa berreskuratzeko eta mendi horretan mugitzeko lanen lehen fasean ari dira beharrean.
Hain zuzen ere, aurten hektarea horietan hektaera bat landatzen hasiko dira, eta, Natxituko inguru horretan korrika egiteko, entrenatzeko edo paseatzeko bide zirkular bat ere egingo dute, paisaia gune interesgarrietatik igaroko dena, eta gelditzeko edo atseden hartzeko guneak izango dituena.
Horretarako, pista batzuk aprobetxatuz, bidezidor zirkular bat egokitu dute, bi helbururi erantzuten diena: batetik, mendi hori baso autoktono bihurtzeko prozesua kontrolatzea; eta, bestetik, bertako biztanleei bertara sartzen uztea. “Izan ere, basoan ibiltzeko, korrika egiteko eta naturarekin konektatzeko leku egokia da hori. Haizederreko ikasleentzako baliagarria izango da mendi hori, ikastetxeko ateetatik 600 metrora baitago”, azaldu du Besaiakoek. Esan dutenez, dagoeneko bidea marratu dute, baina hori lisatzea, garbitzea eta markatzea falta da, jendea joan dadin.
Habia kutxak.
Halaber, espezie exotikoak eta inbaditzaileak kontrolatzeko eta desagerrarazteko ere lan egingo dute aurten, eta orain arte hegaztientzako zein saguzarrentzako jarritako babeslekuak zaintzen jarraituko dute, hegaztiei habiak sortzeko aukera eskainiz. “Habia-kaxa dezente jarri ditugu hegazti eta saguzarrentzat. Izan ere, normalean, zuhaitz zaharrenek izaten dituzte habiak egiteko lekuak, hegazti txiki zein ertainei habiak egiteko balio dietenak. Eta eremu horretan horrelako zuhaitzik ez dagoenez, 20 habia-kaxa jarri ditugu. Biodibersitatea mantentzeko balio dute, hegaztiak gure basoetan jarrai dezaten”, azaldu du Alonsok. Dioenez, jarri dituzten habia guztiak bete egin dira, eta hegaztiek erabili egiten dituzte: “Baliagarriak dira, eta erabiltzen direla egiazta dezakegu. Hala ere, jarraipena egin eta horiek garbitu beharra dago, hegaztiek horiek erabiltzen jarrai ditzaten”.
Gainera, anfibioentzako eta landare akuatikoentzako putzuak ere egin dituzte zenbait lekutan, denbora gutxian floraz betetzen direnak: “Kostu txikiko egiturak dira, eta anfibioak berreskuratzea ahalbidetzen dute; izan ere, anfibioen populazioa da klima aldaketaren ondorioak gehien jasaten dituena”.
Eremuak lehengoratzeko proiektu honetan, Besaiakoez gain, herritarrek ere parte hartu dute. Izan ere, bi urte eta erdiz landaketa saioak egin dituzte erositako eremu desberdinetan, Gim Berdearen proiektuaren baitan. “Eskolako ikasleekin zein nagusiekin garatu genuen proiektua da, landatzeko saioak eta landatutakoak mantentzeko saioak barnebiltzen zituena. Zazpi saio egin ditugu guztira”, gogoratu du Alonsok. Izan ere, lehen landaketa 2022ko apirilean egin zuten Urtubiagan, eta iazko apirilean, beste 10 espezie autoktono baino gehiago landatzeko landaketak egiteaz gain, lehen landaketetako zein Ullan egindakoak aztertu zituzten.
Lanean segitzeko asmoz.
Laugarren fasea aurten amaitzen den arren, Besaiakoek Eako eremu horretan lanean jarraitu gura dute. Ondorioz, eta Natxituko lursaila oso handia denez, bertan beste proiektu bat egiteko diru laguntza eskatzea aurreikusi dute: “Udalak argi dauka lursailak erosi eta ekoizpenerako zein kontzerbaziorako basoak bultzatu gura dituela, eta horretarako lan egingo dugu”. Izan ere, Alonsok dio garrantzitsua dela naturatik hurbil dauden kontserbazio masak zein ekoizpeneko masak sortzea.
Izan ere, Kolore guztietako basoak proiektuagaz aurrera jarraitu gura dute. “Proiektu horretan bi norabide zehaztu ziren: alde batetik, lurzorua, paisaia eta biodibertsitatea berreskuratzea zehaztu zen, baso ekosistemei modu askean garatzeko aukera emanez; bestetik, kalitate handiko egurra sortzeko basoak berreskuratzea aurreikusi zuten, ustiapenerako erabilgarriak ziren lurrak izateko, zeintzuetan zuhaitz guztiak ez ziren aldi berean moztuko”, arrazoitu du Alonsok.
Hala, biologiak azpimarratu du proiektu hauek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren eta udalen finantziazioari esker direla posible: “Laguntzak eskaintzen dituzte, eta horiek zabaldu gura ditugu, gero eta bertoko baso gehiago sortzeko”.