Okaren emari ekologikoak murriztearen aurkako helegitea aurkeztu dute
Ekologistak Martxan eta Eguzki Talde Ekologistak aurkeztu dute errekutsoa, Busturialdean gutxieneko emari hori murrizteak "biodibertsitatea mehatxatzen duela" argudiatuta. Oka, Mape eta Golako ibaietan emari ekologikoen murrizketa "orokorra" dela salatu dute.
Ekologistak Martxan eta Eguzki Talde Ekologistak Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren 2024ko maiatzaren 27 Ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Ebazpen horretan, Oka Unitate Hidrologikoak Urdaibaiko Biosfera Erreserban dituen emari ekologikoen behin-behineko aldaketa onartu zen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen 2024ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez berretsi zena.
Gutxieneko emariak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologian ezarrita zeudela gogoratu dute ekologistek. Plan hori hidrologikoen berrikuspena onartzen duen 35/2023 Errege dekretuaren bitartez onartu zen, iragan barikuan. Talde ekologistek salatu dutenez, Busturialdean gutxieneko emari hori murrizteak biodibertsitatea mehatxatzen du, “argi eta garbi”. Horrez gain, “erregulartasunez” herritarrak hornitzeko arazoak izaten dituela gehitu dute.
Elkarte ekologisten esanetan, “bereziki garrantzitsua” da Oka ibaiaren eta haren ibaidarrak diren Mape eta Golakoren ibai-sarea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dagoela nabarmentzea. Izan ere, horren babesa Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeko 5/1989 Legeak arautzen du. Modu berean gogoratu dute RAMSAR espazioetan —Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneei buruzko Konbentzioa— ezin dela lehorte-kasuetan gutxieneko emariak murriztea ahalbideratzen duen araudia aplikatu. Horregatik, helegitea aurkeztu dioten legea “Plan Hidrologikoa eta Urdaibaiko Legea, Plan Zuzentzailearen Dekretua eta Natura 2000 Sareari eta RAMSAR Hitzarmenari buruzko nazioarteko araudiak baino txikiagoa” dela argudiatu dute Eguzki eta Ekologistak Martxanek.
Murrizketa orokorra.
Emari ekologikoen murrizketa “orokorra” da Oka, Mape eta Golako ibaien ibilguaren tarte guztietan —ur altu, baxu eta ertainetan—: “Kasu batzuetan egungo balioen %60ra iristen da”. Ekologistak Martxan eta Eguzki elkarteen ustez, “ez da beharrezkoa” emari ekologikoak murriztea, “ezta behin-behinean ere”. “Garrantzitsua da iraganetik ikastea, eta Mape ibaia 2020ko udan lehortzea bezalako kasuak ez errepikatzea”, azaldu dute. Izan ere, uda horretako lehorteak eskualdea urtez hornitzeko emaria “emari ekologikoaren azpitik” utzi zuen, eta fiskaltzak inguruko fauna eta florarentzat “arriskutzat” jo zuen.
Erakunde ekologistek ohartarazi dutenez, emari ekologikoa murriztea bezalako erabakiek Biosfera Erreserbaren “ingurumen-babaseren maila murriztea” dakarte. Horrez gain, ingurumenaren babesa murrizten duten beste erabaki batzuekin bat egiten dutela gehitu dute, tartean, itsas lehorreko jabari publikoaren babesaren mugaketarekin. Izan ere, horiek guztiek “turistifikazio masiboko proiektuetara luxuzko alfonbra bat” zabaltzea dakarte, “non Guggenheim Urdaibai proiektuak argi propioz dir-dir egiten duen”.
Aldundiaren jarrera.
“Ez dakigu zein den Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera; izan ere, Biosfera Erreserban biodibertsitatea babesteko organo eskuduna da, eta haren txostena nahitaezkoa zen”, azaldu dute talde ekologistek, “behin eta berriz” eskatu dutela gogoratzeagaz batera. Gainera, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren txostenak “garrantzia gutxi” duela salatu dute: “Ur-edukietara mugatzen da, ekosistema hidroflubialak osatzen dituzten beste elementuak kontuan hartu gabe, hala nola ibaiertzeko basoen babeskien egoera, uraren tenperatura, kutsatzaile eta esku-hartze eza eta legez kanpoko bilketen kontrola”.
Biosferaren Erreserba “tentsio eremua” dela eta hori kontserbatzeko ibaiak “ezinbestekoak” direla zehaztu dute: “Ibaiek ez dute gehiagorako ematen”.