Ligaxka fasean inongo aurkaririk gabe
Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurreko ligaxkara sailkatu dira, lehen faseko azken jardunaldian Leire Garai eta Nora Mendizabal nagusitasun osoz menperatu ondoren.
Olatz Arrizabalagak pauso sendoz jarraitzen du Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketan. Atzo [urtarrilak 26], A multzoaren ligaxka faseko hirugarren jardunaldiari zegokion partiduan, gernika-lumotarrak eta bere bikotekide Arrate Bergara tuterarrak ez zuten aurkaririk topatu, Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Leire Garai gasteiztarra eta Nora Mendizabal andoaindarra izan zituzten arerio, eta ligaxkaren azken norgehiagoka 22 eta 7ko markagailuagaz irabazi zioten.
Argi eta garbi geratu zen Amezketa, zer edo zer izatekotan, herri pilotazalea zela. Izan ere, frontoiko harmailak ikuslez lepo agertu ziren, tartean, etxeko izar eta buruz buruko txapeldun Jokin Altuna. Kantxaraturiko pilotari guztien artean, egungo binakako Bizkaiko txapelduna, Arrizabagala, izan zen distiratsuena. Aurrelariak jarraipen aparta eman zien txapelketan orain arte bistaratutako joko eraginkorrari eta sentsazio positiboei; lehen fasean jokatutako hiru neurketak poltsikoratu dituzte hark eta Bergarak, betiere sendo eta konfiantzaz gainezka agertuz. Garaik eta Mendizabalek, beren aldetik, ezer gutxi egin ahal izan zuten. Aurtengo binakako lehia nagusia ez da inondik inora beraien txapelketa izan: ezin izan dute punturik bildu ligaxkan eta, ondorioz, multzoko azken postuan amaitu dute fase hori.
Hirugarren jardunalduko partiduaren estreinako jokaldietatik, begibistakoa izan zen Arrizabalagaren eta Bergararen nagusitasuna. Aurrelariak ez zuen tantorik barkatu kantxaren aurrealdean; atzelariak, ostera, zegozkion koadroak nahieran dominatu zituen, orain arteko bere garapena islatuz. Arrizabalagak, besteak beste, sakeak probestu zituen, partiduaren haizea hasieratik alde edukitzeko. Arerioek egoera iraultzeko saiakeraren bat edo beste egin arren, ez zen ezelan ere nahikoa izan aurkarien mailari aurre egin ahal izateko. 22 eta 7koa partiduaren noranzkoaren isla garbia izan zen. Arrizabalaga, Lau T’Erdiko Txapelketatik kanpo geratu ondoren, denboraldiko bere helburu nagusia lortzeko bide onetik doa. Hurrengo urratsa finalaurreko ligaxka jokatzea izan du, lehen fasean bere multzoko lehen postua eta hiru puntu patrikaratu ondoren.
A multzoan, Arrizabalagak eta Bergarak lehen postuagaz eta hiru puntugaz amaitu dute lehen fasea; Zabaleta eta Oses izan dira bigarren, puntu bigaz
Bigarren postua, bi puntugaz, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Uxue Oses onatiarrak lortu dute. Hain zuzen ere, Amezketan lehiatutako A multzoko beste norgehiagoka estuagoa izan zen. Zabaletak eta Osesek tanto bakarragatik, 22 eta 21, lortu zuten garaipena Amaia Aldai dimoztarraren eta Nahia Bertiz sunbildarraren kontra. Azken bi horiek 9 eta 0 aurreratzea lortu zuten, baina arerioek gidoia errotik eraldatu zuten, eta partiduari buelta eman. Kostatu, baina, kostatu zitzaien: markagailuak gora eta behera dantza egin zuen uneoro. Zabaleta eta Oses 21 eta 17koagaz aurreratzera heldu zien, baina aurkariek ez zuten etsi. Hala, azkenengo tantoan zirt edo zart egitea egokitu zitzaien. Tanto hartan zortea eta jokoa alde eduki zituzten, eta azkenean 22 eta 21ekoagaz gailendu ziren.
Asteburuan erabakiko da, Arrigorriagan, B multzoko zein bi bikotek jokatuko dute azken ligaxka
Binakako lehia nagusiaren hurrengo jardunaldia B multzoko azkenengoa izango da, datorren asteburuan. Arrigorriagan jokatuko den jardunaldian aditzera emango dira, hortaz, zein bi bikotek jokatuko dute bigarren ligaxka, Arrizabalaga-Bergara eta Zabaleta-Oses bikoteekin batera.