Bermeoko pentsiodunek lehen mailako arretaren "egoera kritikoa" salatu dute
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak zapaturako [otsailak 1] deitu dituen manifestazioei babesa helarazteko elkartu dira gaur Bermeoko Pentsionistak. Eusko Jaurlaritzaren "murrizketek eta pribatizazioek gora egiten" jarraitzen dutela salatu dute.
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak osasun publikoaren aldeko manifestazioak deitu ditu zapatuan [otsailak 1] Bilbo, Gasteiz eta Donostian, Indartu eta defendatu gure osasun publikoa! Promesa gehiagorik ez! Konponbideak errealak, orain! lelopean. Beste hainbat eragilegaz batera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du deialdiagaz, eta bat egite hori helarazteko elkarretaratzean bildu dira gaur goizean Bermeoko Pentsionistak.
Anbulatorio aurrean elkartu dira, Eusko Jaurlaritza “osasun publikoa desegiteko eta pribatizatzeko” bidean jarraitzen duela salatzeko: “Osakidetzaren gero eta hondamendia handiagoa bizitzen ari gara, eta, gainera, zerbitzuaren kalitatea eta herritarren osasuna kaltetzen ari dira”. Era berean, Osakidetzako langileen “lan-baldintzak okertzen” dituztela, eta “kudeaketa autoritarioko eredura” bideratzen ari dela gehitu dute, herritarrek beraiei eragiten dien erabakietan “parte hartzeko eskubidea urratuta”.
Lehen mailako arretaren “egoera kritikoan” jarri dute fokua, horren funtzionamendu onari eragiten dioten zenbait faktore nabarmenduta: “Mendekotasun egoerak zaintzeko edo osasunaren determitzaile sozialetan jardute ezak osasun ereduari kalte egiten dio”. Modu berean, “profesionalen eta gizartearen parte hartzeko ezintasunak”, eta sistemak dituen “giza baliabide eta ekonomiko ezak” Osakidetzaren eredua definitzen zuten “funtsezko elementu gehienak” galtzea dakarrela aldarrikatu dute, hala nola, irisgarritasuna, unibertsaltasuna, integraltasuna, arretaren jarraitutasuna, ekitatea eta orientazio komunitarioa. unibertsaltasuna
“Osasun Sistema Publikoak norabide aldaketa behar du. Gaur egun promesa asko entzuten ditugu, baina ez dugu aldaketarik ikusten”, aldarrikatu dute Bermeoko pentsionistek. Hala, “murrizketek eta pribatizazioek gora” jarraitzen dutela, eta “mobilizazioei eutsi beharra” dagoela azaldu dute, “egoera hori salatzeko”. Horreagatik, zapatuan Bilbora bertaratuko direla iragarri dute.
“Konponbide errealak”.
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta, “konponbide errealak”, osasun sistema indartzeko “promesak baino, inbertsio handiagoak eta hobeak” behar direla aldarrikatuko dute zapatuan Bilbo, Donostia eta Iruñako kaleetan zehar: “Inbertsio hobeak, lehen arretari lehentasuna emanez, bidezkoena den eredua delako, prebentzioan eta osasunaren sustapenean zentratzen delako, gastu txikiagoa sortzen duelako, arreta hobea eskaintzen duelako eta sistemaren iraunkortasuna bermatzen duelako”. Era berean, herri plataformak profesionalen “lan-baldintza prekarioak” amaitu behar direla nabarmendu du.
Sistemaren pribatizazioari aurre egiteko klinika eta enpresa pribatuei “euro bakar bat ere ez” ematearen garrantzia aldarrikatuko dute, diru hori lehen arreta “giza baliabideekin eta baliabide ekonomikoekin” hornitzera bideratu beharko litzatekeela gehituta. Hala, herritarrei manifestazioekin bat egiteko deia egin die, “kudeaketa gardena eta parte parte hartzaile baten alde”.