93 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte, "bizi kalitatea hobetzeko"
Bermeoko Udalak 93 zuhaitz et zuhaixka landatuko ditu, "gehienak bertoko espeziak". Landaketara bideratutako aurrekontua 11.064,90 eurokoa da.
Bermeoko Udalak udalerrian azken aldian egin den zuhaitz landaketa “handiena” abiarazi zuen barikuan [urtarrilak 24]. Guztira 93 zuhaitz landatuko dituzte. Landaketaren helburua herriguneko kale eta berdeguneetan zuhaitz kopurua handitzea dela azaldu dute; era berean, herritarren “bizi kalitatea hobetzeko” eta klima aldaketaren aurrean “herrigunea hobeto babesteko” balioko duela nabarmendu dute, zuhaitzek gerizpea eta “giro freskoagoa” sortzen dutelako.
Landaketa aurrera eramatea udal-lorazainen esku geratuko da, eta horretarako bideratutako aurrekontua 11.064,90 eurokoa da. Landatuko diren “zuhaitz gehienak bertoko espezieak” direla nabarmendu dute udaletik, hala nola, gaztainondoak, aretxak, gereziondoak, astigarrak, ereinotzak edo gurbitzak.
Zuhaitz gehienak —68— herriguneko zenbait tokitan landatuko dituztela iragarri dute, besteak beste, Talan, San Martineko kalistenia gunean, San Migeleko parkean eta Adubidxe kalean, kanposantu aurreko aparkalekuan, Esparrun, Erretenen, Haurreskolan, Aritzatxu Bidean eta Atalden. Atalde izan da lehen zuhaitz berriak hartu dituen eremua, bertan hasi baitzen zenbait egun iraungo duen landaketa. Zehaztu dutenez, kasu jakin batzuetan hildako zuhaitzak ordezkatuko dituzte; beste kasu batzuetan, berriz, “landaketa berriak” izango dira. Gainontzeko 25 zuhaitzak udalaren jabetzakoa den Matxitxako aldeko lursail batean landatuko dira, Peruaristin.