"Nik galtzen doazenen eta ikuskizunaren alde egiten dut"
Zesta-puntaren eta ikuskizunaren arteko zubi lanaren sinonimo aparta da Unai Narbarte. Arratzuarrak astelehenero gidatzen du Eusko Label Winter Series txapelketa, speaker eta aurkezle lanak eginez.
Astelehenak joan, astelehenak etorri, puntistek tanto doinudun abesti ederrez girotzen dute Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua. Baina bada zesta-puntaren orkestra hori gidatzen duen ahots berezi bat. Unai Narbarte arratzuarra da Eusko Label Winter Series txapelketari zuzeneko berotasuna ematen dion aurkezle eta speakerra.
Nondik datorkizu speaker lanetan aritzeko gaitasuna?
Umea nintzenetik, amonak spliker deitzen ninduen, dena esplikatzeko abilezia erakusten nuelako. Betidanik hainbat kirol praktikatu ditut (futbola, esku pilota, errugbia, saskibaloia…), eta Oizmendi Telebistan egin nituen lehen urratsak, komentarista modura. Gerora, egun Eraman Jai Alai enpresan dabilen Gaizka Muniategigaz harremandu nintzen, zesta-punta eta musika uztartzen zituzten ikuskizunetan. Ordutik aurrera, zesta-puntaren egoerak gora eta gora egin du Jai Alain, eta ni ere horren eskutik joan naiz.
“Umea nintzenetik, amonak spliker deitzen ninduen, dena esplikatzeko abilezia erakusten nuelako”
Zesta-puntaren katedralaz gain, baina, beste hainbat frontoitan ere ibilitakoa zara.
Bai. Markina-Xemeinen, Munitibarren, Berriatuan, Lekeition eta Euskal Herriko beste hainbestetan lan egin dut. Frontoi eta publiko bakoitzak itxura jakin bat du; hainbat eta hainbat dira han-hemen pilatu ditudan bizipenak.
Pilotaleku bakoitzeko, eredu jakin bat?
Jakina. Jai Alai agertokirik lirainena da; Uni, kirol aldetik garbizaleena; Mendibarren edota Miruaitz, aldiz, oso alaiak dira.
Formatua da, agian, Winter Seriesek alde duen balio erantsia?
Hori da. Jai Alaiko giroa ez da kirolera bakarrik mugatzen. Denetarik du: aldartea bera, partiduaren soinua bertatik bertara entzutea, musika, jan-edana, eta abar. Formatu horri erantzuten dio, agian, txapelketaren azken urteotako hazkundeak.
Zelan bizi izan duzu zuk hazkunde hori?
Poztasun handiz. Lehen urteko oroitzapen ederrak ditut, adibidez. Jesarlekuak zenbaki gabekoak ez zirenez, harrigarria zen ikustea jendea zein goiz heltzen zen frontoira, beroketa bera ere zelan ikusten zuten, buruagaz pilota alde batera eta bestera zelan jarraitzen zuten. Horrez gain, puntisten maila ere nabarmendu behar da, zalantza barik.
“Egun, zesta-puntaren neguko geltokirik esanguratsuena da Winter Series, eta puntakoenek bertan jokatu gura dute”
Zein zentzutan?
Lehen, gaitzagoa zen munduko puntistarik onenak plaza berean eta txapelketa baten aterkipean biltzea. Egun, zesta-puntaren neguko geltokirik esanguratsuena da Winter Series, eta puntakoenek bertan jokatu gura dute. Alderdi tristeena, kirol aldetik, sarritan lehiketan jarraikortasunik ez dutela da, hau da, pilotariek lehiaketa egutegian oraindik hutsuneak dituztela. Adibidez, Urreistik asteon jokatu du, baina arinagoko partidua Ameriketara joan aurretik lehiatu zuen; jarraikortasuna behar dute puntistek.
Zelan definituko zenuke zeure aurkezle estiloa?
Asko du inprobisaziotik eta naturaltasunetik. Ez dut aurretiaz ezer prestatzen. Lehen aldian, esaterako, antolatzaileei okurritu zitzaien, postu batean geldirik egon ordez, haririk gabeko mikrofonoa eskutan hartu nezakeela, eta harmailetan nahiz kantxan barrena oinez aurkezle lanak egin. Beharbada, ezezko bat espero zuten, baina oso-osoan animatu nintzen. Orduko hura bikain atera zitzaigun, eta horri eusten diogu.
“Aurkezterakoan, oinez noala, denborak oso ondo neurtzea beharrezkoa da: noiz berba egin, noiz isildu”
Eta zein da zure sekretua, aurkezterakoan?
Aurkezterakoan, oinez noala, denborak oso ondo neurtzea beharrezkoa da: noiz berba egin, noiz isildu. Autodidakta izan naiz beti, baina Jesus Eguzkiza Eguzki izan da neure erreferenteetako bat. Ez dago sekreturik: tripatik berba egitea, natural agertzea eta lotsarik ez izatea. Gainontzekoa eskarmentuak irakasten du.
Azaldu astelehen bakoitzerako duzun protokoloa.
18:30ak aldera iristen naiz Jai Alaira. Langileak eta zesta-punta eskoletako umeak agurtzea gustatzen zait lehenik. Gero, telebistaren erritmora doitzen naiz, eta ikuskizuna hasten da.
Jardunaldi bakoitzera egokitzen al duzu zure lana?
Ez. Guztiz naturala naiz. Jendea harritu egingo litzateke, jakingo balu noiz edo noiz partiduaren egunean bertan jakin dudala nortzuk jokatuko zuten. Oro har, ez dut ezer prestatzen aurretiaz.
“Ikuskizunak eta lehiak irabazten dutenean pozten naiz gehien”
Zelan kudeatzen duzu inpartzialtasuna?
Ezelan ere ez: ez naiz inpartziala. Nik galtzen doazenen eta ikuskizunaren alde egiten dut beti. Argi dudana da ni ez naizela komentarista edo narratzailea: dinamizatzailea naiz. Beraz, ikuskizunak eta lehiak irabazten dutenean pozten naiz gehien.
Zein da zure lanaren alderik positiboena?
Egun ona badut, ospatzeko motiboak ematen dizkit; eguna txarra bada, horri buelta emateko arrazoiak. Hori bai, egoera zailak ere bizi izan ditut: Winterreko lehen aurkezpena 39ko sukarragaz egin nuen; hurreko senide bat bezperan zendu ostean ere bai, eta gaupasa eginda ere joan izan naiz aurkeztera.
Partidu gogoangarriak ere memorian iltzatuta izango dituzu.
Asko. Esaterako, Iñaki Osa Goikoetxearen agur partidua gogoratzen dut; hunkigarria izan zen.
Zelan bizi duzu zesta-puntaren hazkundea?
Ameriketako denboraldiaren atsedenaldiak probesten genituen hasieran; Barikuetan Jai Alai moduko egitasmoak ere giltzarri izan ziren. Horrelako proiektuek sarri asko eduki ohi dute zortetik. Hori bai, Winter Series modukoak puntista gazteentzako haztegi eta erakusleiho dira, eta hori baloratu beharra dago. Egun, zesta-punta sendo, jarraipen handiagaz eta erabateko hazkundean dago.
“Ortzi Aldazabal Argoitia-k. 17 urtegaz egin du Winterreko debuta, denok zur eta lur utzi gaitu”
Haztegi horretako zeinek deitu dizu arreta?
Adibidez, Ortzi Aldazabal Argoitia-k. 17 urtegaz egin du Winterreko debuta, Julen Del Rioren ordez. Denok zur eta lur utzi gaitu. Bestalde, tokian tokiko zesta-punta eskolen lana goraipatu beharra dago: egundokoa da domeka goiz batez umeak frontoira sartzen ikustea. Alde horretatik, Goikoetxeak lan itzela egiten du: txapeldunetan txapeldunena zen kantxan, eta bere egiteko berrian, beste horrenbeste.
Nork irabaziko du aurten?
Iazko berberek: Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak. Elkar hoberen ezagutzen duen bikotea da. Horri Erkiagaren magia gehitu behar zaio. Egia da Eñaut Urreisti, Thibault Basque, Johan eta Gorka Sorozabal anaiak edo Thomas Urrutia gazteak edonori aurpegia erakusteko prest daudela, baina, aurtengorako, Erkiaga-Ibarluzea bikotea da hautagai nagusia.