Iraganetik etorkizunera, elkarrekin berrasmatzen
Amesten jarraitzen duen ikastola da Seber Altube. Ikasleak erdigunean, aniztasuna aberastasun gisa ulertuz eta euskal kultura transmitituz, komunitate konprometitu bati esker. Amesten, saretzen, sortzen.
Laura Etxabe, Delia Jauregi, Lur Guede (DBH, LH eta HHko irakasleak) eta Saioa Badiola (gurasoa) Seber Altube Ikastolaren inguruan aritu dira.
Zein harreman daukazue ikastolarekin?
Delia Jauregi eta Lur Etxabe: Oso-oso estua. 21 urterekin hasi ginen, beraz, 40 urte baino gehiago daramatzagu hemen. Ia-ia sorreratik gaude, eta gure bigarren etxea bezala da. Familia bat izango balitz bezala da guretzat gune hau; langileak eta ikasleak, gure familia dira. Zenbat belaunaldi pasatu diren urteak joan ahala, eta guzti horiek gure aurretik pasatzen ikusi ditugu. Lehen gure ikasle izandakoen seme-alabak ditugu orain ikasletzat.
Ikastolaren aldeko hautua egin zenuten guraso zein langile bezala. Zein izan zen arrazoi nagusia?
D.J eta L.E: Lehenengo eta behin, praktiketan etorri ginenean jaso genuen tratu bikaina. Hori ez genuen kanpotik ekarri, hemen ikusi genuen dena. Bigarrenez, euskara bultzatzearen erronka. Euskara eta euskal kultura bultzatzea izan dugu, eta daukagu, egun, ipar. Horrez gain, proiektu propioa daukagu, non ikaslea beti erdigunean kokatzen dugun. Beraz, curriculum propioa izanik, gure nortasuna, izaera eta filosofia lantzen ditugu. Azken finean, filosofia hori gure izaerarekin bat zetorren.
Lur Guede: Zentzu horretan, atzetik etorritako irakasleok lekukoa hartu dugu: aitzindari izateko izpiritu hori aurrekoengandik jaso dugu, eta garai berrietara egokitu gara.
Zein da ikastolaren esentzia zuen ustez?
D.J eta L.E: Harremanek duten garrantzia eta euskara, batez ere. Gure helburua beti izan da euskara. Euskal kultura zabaltzea. Erronka bat izan da azken hau. Ze, euskaraz ikasteko sortu zen ikastola; gainontzeko eskoletan ez zegoen modurik, eta euskara berriz ari da erronka bihurtzen, tamalez. Hutsune handia nabaritzen dugu berriz ere euskararekiko. Euskara gure nortasuna eta gure izaera da, eta beti bezain erne jarraitu beharra dago gurea den hizkuntza lau haizetara zabaltzeko.
L.G: Euskararekin batera, esperimentatzeko ausardia: probatzeko eta berritzeko gogo hori. Beti ere, ikasleekin bidea eginez, euren erritmo, interes eta izaera kontuan hartuta.
Zelako garrantzia du, beraz, euskarak ikastolan?
D.J eta L.E: %100. Bultzatu, landu, erabili eta bere ildoa galdu barik jarduten dugu ikastolaren sorreratik, euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan sakonduz. Klase barruan egiten den lanketaz gain, komunitatean eta herrian euskara sustatzea ezinbestekoa da euskaraz biziko bagara. Horregatik, hezkuntza ez formalean ere gure hezkuntza-proiektua garatzearen aldeko hautua berretsi dugu. Horren adibide, ikastolan sortutako Seberbaz Euskara Taldearen ekintzak, Seberbametroa euskara erabileraren neurketa kasu, edota asteburuetan eta oporretan herrian antolatutako euskarazko aisialdi ekimenak. Ezin aipatu gabe utzi kirol taldeetan euskaraz bizitzeko egiten den apostua: entrenamenduetan, partiduetan, guraso eta ikasleen arteko harremanetan eta monitoreen hizkuntza erabileran.
Zer esango zenieke ikastolara etortzea baloratzen ari diren gurasoei?
D.J eta L.E: Gure ateak zabalik daudela. Etorri, ezagutu, ikusi, probatu, galdetu. Gure eguneroko giroa ikustera animatzeko esango genieke. Nor garen, zer nahi dugun eta nola lan egiten dugun ezagutzea, eta gero, erabakitzea.
Saioa Badiola: Ikastolara hurbiltzeak merezi duela, hezkuntza proiektua ezagutzeko, eta ikastolan espazio bakoitzeko proiektuak daudela bertatik bertara ikusteko, baita familiek beraien seme-alabekin egon daitezkeen profesionalak ezagutzeko aukera izan dezaten, eta profesional horien ahotsetik hezkuntza ereduak ezagutu ahal izateko ere.
L.G: Pozik gaude gainera, betidanik gure komunitatea sendoa izan delako, baina beste leku batzuetatik etorri diren familia asko ere gurera hurbildu direlako.
Ikastola hitz batekin deskribatu beharko bazenukete, zein izango litzateke?
D.J eta L.E: Gure oinarri den euskara kenduta, familia eta adiskidetasuna. Lankidetza hemen, ikastolan, ezinbestekoa izan da. Edonor dago edozetarako prest, beti. Gure helburua ikasleak etorkizuneko bizitzarako osotasunean prestatzea da, bai ikasle moduan, bai pertsona moduan, bai profesional moduan. Kaletik gure ikasleak izandakoak ikustean, oraindik harremanak mantentzen dira, era batera edo bestera. Hori oso polita da. Tratu oso hurbila dago ikastolan, orokorrean.
L.G: Nik laguna hitzarekin deskribatuko nuke. Ikasle garaian pila bat lagun egin nituen, gaur egun ere oraindik lagun ditudanak. Ikaskideez gain, nire irakasle izandako asko ere gaur lagun ditut, izan ditudan haurren guraso asko bezala.
S.B: Ikasle ohi ikuspegitik, guztiz ados nago. Guraso bezala, ordea, komunitate hitzarekin deskribatuko nuke ikastola. Ikastolaren definizioa, batzuentzat, ikasteko espazio bat da. Beste batzuentzat, hezkuntza eredu bat da. Niretzat, berriz, komunitate bat da; garrantzia handia du komunitate barruan, bai ikasle, bai irakasle, bai langileak, elkarrekin lan egiteko espazio bat izateak. Seber Altube Ikastola, gainera, hezkuntza, hizkuntza, kultura eta balioak elkarrekin eraikitzen dituen komunitatea da.
Zer dauka ikastolak eskaintzeko?
L.G: Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako hezkuntza proiektu propio bat, non proiektu pedagogikoak ikertzen, garatzen eta berritzen ari garen etengabe; Hezkuntza eraldatuz, gizartea eraldatzeko. Hau da, familia guztientzako hezkuntza eredua da ikastola, pertsonak erdigunean izanik. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan gauden hezkuntza eredu bakarra gara, elkartasuna eta auzolana oinarri dituen sare zabalean antolatzen garena, denei zabalik, pertsonak heztea eta haztea helburu; herriarentzat eta herritarrentzat, hezkuntzatik, euskalgintzatik eta herrigintzatik eraikiak ingurunea eraldatzeko eta belaunaldi berriei etorkizun hobea eskaintzeko.
Zergatik aukeratu zenuten ikastola?
S.B: Gogoratzen naiz gure semea lehenengoz ze hezkuntza zentrotara sartu erabaki behar genuenean, nire bikoteak derrigorrezko hezkuntza etapa osoa zentro berdinean egiteko aukera ematen duten zentroak lehenesten zituela. Horrek babesa eta segurtasuna ematen zuela uste zuen. Lantalde egonkor bat zegoen zentroak ere lehenesten zituen, haurrak jarraipen egokia izan dezan. Aldiz, nik, garrantzia handiagoa ematen nion hezkuntza proiektuari. Uste dut ikastolan pertsonan ardaztutako proiektu bat dagoela, eta umea erdigunean dagoen pertsona bezala ikusten dela hemen. Pertsonak bere dimentsio guztietan garatzea ahalbidetzen duen hezkuntza proiektua dago; eta ez bakarrik arlo akademikoan, baizik eta arlo sozialean eta emozionalean ere jartzen da fokua. Azken finean, nire semea bizitzarako prest egotea nahi dut, eta gaur egungo bizitzari aurre egiteko gaitasunak izatea. Bizitza oso aldakorra den arren, argi dago arlo jakin bateko espezialistak izateaz gain, gaitasun oparo batzuk beharrezkoak izango direla, bai lan munduan, bai norberaren bizitzan. Eta uste dut ikastolak guzti hori lortzen duela.
Ikastolaren eta gurasoen arteko harremana nolakoa da?
S.B: Estua eta hurbilekoa. Eta horrek familiok ikastolan lanean dauden profesionalengan konfiantzazko harreman bat izatea ahalbidetzen digu. Eta alderantziz.
L.G: Ados. Ikastola moduan pertsonak erdigunean jartzen ditugu, eta hori komunitatean oso errotuta dagoen ideia da. Guretzat, familiekiko elkarlana eta eguneroko harremana funtsezkoak dira.
S.B: Guraso kooperatiba bat garen heinean, gurasook gure seme-alaben heziketaren inguruko erabakietan parte hartzeko ahalmena dugu, gainera. Nolabait, bide horretan beraien kide izanik.