Gobernu taldearen "kudeaketa txarrak" liburutegiaren ordutegia murriztu duela salatu du EAJk
Udal gobernu taldearen "aurreikuspen txarra" erabiltzaileek ordaindu beharra leporatu die EAJk EH Bildu eta Guzani. Bermeoko Udaletik ordutegia ordu erdi murriztea "ezusteko" egoera batek eragin duela azaldu dute: lau langileetatik hiru baja hartuta daude.
2023-2027 agintaldia aurrera doan heinean, Bermeoko udal gobernu taldeak “bere promesak betetzeko dituen zailtasunak” azaleratzen doazela salatu du EAJk. Izan ere, EH Bilduk eta Guzanek, alkatetzara iritsi zirenean, “ikasketa gelak 24/7 prestatzeko” konpromisoa hartu zutela gogoratu du alderdi jeltzaleak, “hitza ez betetzea” leporatuta: “Ordutegia murrizten dute, langile falta argudiatuta”.
Gainera, langile falta udal gobernuaren lan egiteko moduaren “isla fidela” dela gehitu du: “Inprobisazioan oinarrituta, inolako aurreikuspenik gabe”. Ikasketa gelak 24 orduko ordutegia izatea Guzanek bere hauteskunde programan eraman zuen ekimena dela nabarmendu dute, “bereziki azpimarratu” zuten gaia izan zela aipatzeagaz batera. Zehaztu dutenez, libutegiaren erabiltzaileak ez dira “aurreikuspen txarraren eta gobernu-taldearen kudeaketa-gaitasun faltaren ondorioak” ordaindu behar dituztenak.
Horrez gain, ordutegi aldaketaren berri emateko udal komunikazio kanalak ez erabiltzea leporatu diote udal gobernuari: “Atean kartel bat besterik ez dute jarri, hara iritsi arte ez dago aldaketaren berri izateko modurik! Beste gai batzuetarako, udal komunikazio kanal guztiak erabiltzen dituzte”.
3 langile bajan.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, “ezusteko egoera batengatik” ari dira egunotan liburutegiko ateak 19:30ean ixten. Izan ere, bertako lau langileetako hiru baja hartuta daude, eta horrek arratsaldeko ordutegia ordu erdi murriztea ekarri du.
Era berean, egoera “ahalik eta arinen” konpontzeko lanean daudela jakinarazi dute, hori arin bideratzea espero dutela azalduta. Ordutegi aldaketak sortutako eragozpenengatik barkamena eskatu dute.