Egindako ahaleginak dakarren aukera
Gernika Atletismo Taldeko lau korrikalarik Espainiako Kros Txapelketa lehiatuko dute asteburuan, Getafen. 16 urtez azpikoetan ariko dira Amaiur Etxeandia, Peru Luengo eta Jon Garate, eta 20 urtez azpikoetan, aldiz, Alluitz De Bilbao. Euren maila erakustea dute helburu, lasterketagaz gozatzea. Izan ere, Espainiako lehian aritzea "egindako lanaren eta ahaleginaren" emaitza da.
Zapatilak jantzi, lokarriak lotu eta hegan egiteko prestatzen dira korrikalariak. Irteera lerroaren atzean kokatu eta beste batzuez inguratuta, dena emateko asmoz abiatzen dituzte lasterketak. Badira kilometroak urduri hasten dituztenak, behar baino bizkorrago lehiari ekiten diotenak, edota erritmoa apurka-apurka hartzen dutenak. Denak helburu bakarragaz: euren marka edo postua hobetzea.
Eta horrela kokatuko dira hainbat eta hainbat atleta asteburuan. Getafen lehiatuko dute Espainiako Kros Txapelketa, hainbat kategoriatan banatuta, eta, kirolari horien guztien artean ariko dira Gernika Atletismo Taldeko lau kide: Amaiur Etxeandia, Peru Luengo, Jon Garate eta Alluitz De Bilbao.
Etxeandia, Luengo eta Garate lehenengoz lehiatuko dira Espainiako txapelketan; 16 urtez azpikoen kategoria da eurena. Egindako lanaren ondorioz lortutako saria da hori, egindako esfortzuaren emaitza. Izan ere, emaitza bikainak eskuratu zituzten laurek Espainiarako sailkapena eskaintzen zuen Euskadiko Kros Txapelketan.
Luengok irabazi egin zuen bere mailako lasterketa, eta lehenengoen artean ibiltzea espero zuen arren, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan krosean lortu duen lehen garaipena izan zen Ordizian lortutakoa: “Oso gogorra izan zen lasterketa, baina asko entrenatu dugu, eta hau horren emaitza dela esango nuke. Nire helburua bazen irabaztea, lehen postuagatik borrokan ibiltzea, baina oraindik ez nuen lasterketarik irabazi Euskadi mailan, eta pozgarria izan zen”.
Kategoria berean seigarren sailkatu zen, aldiz, Garate. Pentsatu baino hobeto aritu zen, eta lortutako emaitza horrek Espainiako Txapelketan aritzeko “ezusteko” aukera eman dio: “Justu-justu sailkatu nintzen; ez nuen espero, baina oso pozik nago”. Orain, gozatzea du helburu.
Etxeandia, aldiz, hirugarren sailkatu zen, espero zuen maila eskainiz: “Ordura arte nire aurretik ibili zirenak gertu izan nituen, berdintsu ibili ginen, eta emaitzagaz gustura nago”. Beraien lasterketan anabasa egon zen, ibilbidea laburtu zietelako azken unean, 800 metro gutxiago egin behar izanez.
Bilbaok, bere aldetik, 20 urtez azpikoen lasterketan bigarren egin zuen Ordizian: “Espero nuen bigarren egitea, eta hala izan zen”. Onartu du ez zuela Ordiziako zirkuitua ezagutzen, eta “oso gogorra” izan zela, lokatz asko zegoelako eta “ezin zuelako korrika ondo egin”.
Behin Espainiakora sailkatuta, denek dute helburu bera: gozatzea. “Asko entrenatuta lortu dugu sailkapena, eta uste dugu momentu ona dela gozatzeko, gure kirolaz disfrutatzeko”, azaldu du Garatek. Hain zuzen ere, sailkapenaren erdiko postuetan egotea espero du berak, horregaz “gustura” geratuko litzatekeela esanda. Helburu bera du Etxeandiak: “Kros denboraldiko nire helburua Espainiako txapelketara sailkatzea zen, banekielako gai nintzela. Izan ere, Euskadikoan hirugarren geratu nintzen arren, aurreko lasterketetan ere maila ona erakutsi nuen”. Luengok, bere aldetik, lehen 25 korrikalarien artean helmugaratu nahi du. Bere helburua, hala ere, “ondo pasatzea” dela azpimarratu du.
Etxeandia, Luengo eta Garate lehen aldiz ariko diren arren, ezagutzen duen Getafeko zirkuitura bueltatuko da Bilbao, iaz ere bertan lehiatu zuelako Espainiako txapelketa. “Nire helburua lehen 30en artean sailkatzea da”, dio. Aurten asko ari da entrenatzen, «inoizko gehien eta inoizko jarraituen», eta helburua iazko denbora hobetzea dela onartu du: “Helburu ona izango litzateke iazko nire denbora hobetzea. Izan ere, aurten iaz baino hobeto ari naiz lehiatzen, forma hobean nago”.
Zirkuituari buruz, “korrika egiteko aukera” eskaintzen duen ibilbidea dela dio kortezubitarrak: “Hirugarrenez ariko naiz Getafen. Lehenengo aldian, zirkuitu benetan gogorra egin zuten, eta iaz, hori aldatzea erabaki zuten. Ibilbide honek aldapa gutxiago ditu eta korrika egiteko aukera eskaintzen du. Eta horrek nire alde egiten du”.
Denek egin beharko diote aurre zirkuitu horri, nork bere kategorian, eta eguraldiari dagokionez, Gernikako taldeko denek nahiago dute euria egitea: “Euriak lokatza dakar, eta horrek lasterketa gogortzen du, denontzat. Horrek gure alde egiten du, gu beste batzuk baino ohituago gaudelako lokatzera”.
Ibon Bilbao atletismo taldeko ordezkaria “pozik” dago lau taldekideek Getaferako bidea egingo dutelako: “Uste dut lehenengo aldia dela taldetik horrenbeste kirolarik urte berean Espainiako txapelketa lehiatzen dutena. Normalean, bi joaten dira, eta aurten gehiago izatea garrantzitsua da. Sailkapen hauek sari bat dira, gauzak ondo egiten ari diren seinale”. Lau horiez gain, Jon Zuazaga gernikarra ere handik ibiliko dela dio; lehen taldekoa zen, baina ikasketak tarteko, beste talde batekin entrenatzen du orain.
Kirolaz harago
Espainiako txapelketan leku guztietako atletak bilduko dira, eta, horrek, kirolariei euren arteko saretzeak ehuntzeko aukera eskaintzen die. Hori da, hain zuzen ere, Bilbaok azpimarratzen duena. Izan ere, Etxeandia, Luengo eta Garate legez, berak ere 16 urtez azpikoetan lehiatu zuen lehenengoz Espainia mailan. “Nire lehenengo aldian ez nuen inor ezagutzen, klubetik ez zen beste inor joan, eta ereduen falta hori sumatzen nuen. Txarto pasatu nuen. Hala ere, horrelako txapelketetan aritzeak jende asko ezagutzea eta lagunak egitea ekarri dit. Orain, niretzat Espainiako txapelketara joatea lagunak ikustea da”, azaldu du kortezubitarrak. Lagunen arteko sarea zabaltzeko aukera eskaini dio atletismoak Bilbaori, eta alde polit horren garrantzia nabarmendu du.
Horrez gain, kirol arloan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik kanpo zelako maila dagoen ikusteko aukera eskaintzen duela dio taldeko ordezkariak: “Kirol mailari begira, ondo dator ikusteko zelako maila dagoen hemendik harago. Hemen ondo aritu arren, Espainia mailako txapelketetan lehia handiagoa da. Hau sari bat da, merezimendu osoz lortu dutena, eta presioa kentzeko balio die. Izan ere, lasterketa gozatzeko aukera da”.
Aurrera begira
Espainiako txapelketagaz amaituko dute kros denboraldia korrikalariek, eta gero, pista edo mendiko lasterketetan jarriko dute begirada. “Neguan, denak ibiltzen dira krosean, eta gero banatu egiten dira: batzuek pistan lehiatzen dute; beste batzuek, mendian”, azaldu du taldeko ordezkariak.
Bilbaok, esaterako, pistan 5.000 metroko lasterketan parte hartu gura du, eta gero, mendian aritzeko asmoa dauka. “Mendian atletismoko federazioa eta mendikoa daude, eta apirilera bitartean, atletismoko lasterketa laburragoak eta azkarragoak egin gura ditut. Gero, mendiko lasterketa solteak ditut begiz jota“, onartu du.
Etxeandia pistako lehian ariko da buru-belarri, 3.000 metrokoa edota 1.500 metrokoan parte hartu nahi du-eta. Garate eta Luengo ere pistara joango dira. Luengok, esaterako, Espainiako pista estaliko lehian aritzeko gutxieneko marka dauka, eta martxoan Ourensen ospatuko den txapelketan parte hartuko du. Gero, aire librean ariko da, eta bai Garatek, bai Luengok mendian ibiltzea ere espero dute, apur bat bada ere.
Bitartean, kirolak eskaintzen dien horretaz gozatzen jarraituko dute. Izan ere, diziplina eskaintzeaz gain, “lagunekin egoteko aukera, deskonektatzekoa, ondo pasatzekoa edota osasuntsu bizitzekoa” eskaintzen die atletismoak.