Bermeoko XIX. Herri Lasterketa bertan behera geratu da
Domekarako [urtarrilak 26] haizeagatik ezarrita dagoen alerta laranjak behartu du Bermeoko Udala lasterketa bertan behera uztera. Lasterketa beste egun batean egiteko "ahalegina" egingo dutela adierazi dute.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, domeka honetan lehiatzekoa zen Bermeoko XIX. Herri Lasterketa “bertan behera” gelditu da. “Asko sentituta eta pena handiz” eman dute erabakiaren berri, izan ere, lasterketaren egunerako alerta laranja dago ezarrita, haizeagatik. Egoera horren aurrean, udalak “zuhurtziaz” jokatu behar duela azpimarratu dute.
Hala ere, lasterketa “beste egun batean ospatzeko ahalegina” egingo dutela iragarri dute, herritarrek “ilusioz eta gogotsu” hartzen duten eguna delako.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak ere bertan behera utziko ditu “kanpoan” egiten diren Eskola Kirolaren Programako jarduera guztiak, hau da, lehiaketak eta hastapen eta jolas-jarduerak.