Urdaibai ezagutzeko ibilbidea, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean
Ekoetxea Urdaibai eta Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuak Urdaibairi buruzko erakusketaren bisita eta "ingurune naturalarekin konektatzeko" kanpoko ibilaldi gidatu bat antolatu dituzte, domekan [urtarrilak 26] Busturiko ingurumen-zentroan. Izena eman behar da.
“Ingurumen-hezkuntza beharrezkoa da planetaren jasangarritasunerako”. Hori da Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuak domekan [urtarrilak 26] ospatuko den Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren atarian. Aurten, 50 urte betetzen dira 60 herrialde baino gehiagoko adituk Ingurumen Hezkuntzako Nazioarteko Mintegian elkartu eta Belgradoko Gutuna idatzi zutenetik. 1975eko urriko gutun horretan herritarrengan kontzientzia pizteko lan egiteko konpromisoa hartu zuten herrialdeek, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna finkatzeagaz batera. Egun horrek herritarrak ingurumenaz eta horren arazoez jabetzeko prestakuntza eskaintzea du helburu, arazo berriak sortzeko talde konpromisoa garatzeko.
Ekoetxea Urdaibai eta Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuak bat egin dute egun horregaz, et esperientzia”ezin hobe” bat prestatu dute, Urdaibairi buruzko erakusketaren bisita eta “ingurune naturalarekin konektatzeko” kanpoko ibilaldi bat barne hartzen dituena. Ibilbideak gidatuak izango dira eta jasangarritasuna “zergatik den posible eta beharrezkoa” ulertzea izango dute helburu, biosfera erreserba adibidetzat hartuta. Izan ere, parte hartzera animatzen denak padurak ikusteko eta hariztian barneratzeko aukera edukiko duela aurreratu dute: “Bizitzaren eta biodibertsitatearen istorioak xuxurlatzen dituzten paduretan ibiliko zara, eta harizti batean barneratuko zara, bere lasaitasun eta edertasunarekin bilduko zaituena”.
Hala, jarduera honetan parte hartzeko deia zabaldu diete hango eta hemengo herritarrei. Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dira, eta bai euskaraz, bai gazteleraz jarraitu ahal izango dira. Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman beharko dute Ekoetxearen web orrialdean. Izena ematean bi euro ordaindu beharko dira, pertsonako.