Lagako mendebaldeko duna "txikitu" egin dute
Lagaren Aldeko Herritarren Plataformak hondartzaren mendebaldeko duna "goitik behera" bota dutela salatu du, "inongo gainbegiratze zientifiko-biologiko barik". Antzinako tiro eremuaren birnaturalizatze lanen ondorioz sortu dira kalteok. Plataformak "informazioa eta herritarren parte hartzea" exijitu ditu.

Lagaren Aldeko Herritarren Plataformak aditzera eman duenaren arabera, Ibarrangeluko hondartzaren mendebaldeko alderdian kokatutako duna “ezabatu” egin dute. Plataformako kideek azaldu dute hondeamakinek “hilabetea baino gehiago” daramatela arestian tiro eremu izandako esparruan, baina asteon kargutu dira makinok egin duten “kalte itzelaz”. Tiro eremua atontzeko eta duna eremua zabaltzeko nahiz birnaturalizatzeko helburuz ari ziren beharrean han, aurretiaz onartutako proiektu bati jarraiki. Eremu horretan egin ohi ziren mortero frogetarako murruak eraitsi zituzten lehenik, eta hormigoizko gunea moldatu ere bai, sasiak garbitzeaz gain. Edozelan ere, lanek eragin zuzena eduki dute duna horretan, “goitik behera eraitsi” baitute.
Hain zuzen, plataformak argitu du 100 metro inguruko “interbentzio erasokorra” egin dutela: “Dunaren hegala guztiz hondatu dute, berreskuratu ordez”. Hareatzaren mendebaldeko duna horretan, urteetan zehar sortutako ekosistema egon dela eta orubea “guztiz egonkortuta” zegoela azaldu dute: “Bertan, babestutako landaredia berezia zegoen, 20-25 urtetan barrena hazitakoa, guztiz sustraitutakoa, eta denborak emandako barne egitura sendoduna, hau da, haizearen indarraz eta modu naturalean egituratutakoa”. Landeria “berriro” landatuko dutela uste dute kideek, baina egindako kalte guztia “ez dela konponduko“. Hori horrela, triskantza salatu gura izan dute.

Duna eremua, eraitsi orduko. Argazkia: Lagaren Aldeko Herritarren Plataforma.
Partaideek azpimarratu dute azken hondamena aurretiaz indarrez “inposatutako” proiektuaren fruitua dela: “Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak Lagan egin gura duen proiektuaren inguruko informazio ezaren eta etengabeko hutsuneen ondorio da. Inork ez daki zertan den proiektuaren norazkoa eta egitea; uste dugu ez dagoela benetako ingurumen zuzendaritza tekniko egokirik. Jakin gura genuke esku hartze hain agresiboa egin dutenek ba ote duten Bizkaiko Foru Aldundiaren edota Urdaibaiko Patronatuaren informerik, ala guztia beren kabuz egiten ari ote diren”.
“Nahitaezkoa da herritarrak informatzea; informatu ez ezik herritarren adostasunagaz egin beharko lirateke lanak”
Parte hartze kolektiboa.
Plataformak salatu du, ingurugiroagaz eta naturagaz zuzeneko lotura duen proiektu oro egiteko, herritarrei informazioa luzatu beharra dagoela: “Erakundeei informazioa helaraztea garrantzitsua den neurri berean da nahitaezkoa herritarrak ere informatzea; informatu ez ezik, herritarren adostasunagaz egin beharko lirateke tankerako egitasmoak, alegia, gizartearen oniritziagaz”. Nabarmendu dute “ezin dela bedeinkatu” bakarrik ingurugiroaren izenean diharduena: “Ororen gainetik, proiektuen oinarria adostasunean, informazioan eta elkarlanean ardaztu behar da”. Horregaz adierazi gura izan dute lanok tokiko herritarren iritzia kontsultatu barik eta informaziorik luzatu gabe egin dituztela.

Argazkia: Lagaren Aldeko Herritarren Plataforma.
Mendebaldeko lanak “ingurumenarentzako onuragarriak” izan behar direla azaldu dute: “Kontu handiz egin behar dira, kirurgiazko interbentzioak bailiran; hortaz, lanei buruzko informazioa eskatzen dugu, baita obrak modu egokian aurrera eroatea ere. Hondeamakina gutxiago eta buru gehiago: lan horiek maitasunez egin ditzatela”.