IV. EBI STEAM azoka hartu du San Fidel Ikastolak
"Bokazio zientifikoak pizteko" helburupean antolatu dute, laugarrenez, STEAM azoka. Besteak beste, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko eta San Fidel Ikastolako ikasleek beraien proiektuak aurkeztu dituzte, gaur goizean zehar.
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolak IV. EBI STEAM azoka hartu du gaur (urtarrilak 23); “bokazio zientifikoak pizteko” helburupean antolatzen den azokan Bizkaiko EBI Elizbarrutiko 18 ikastetxetako mila ikaslek haien proiektuak erakusteko aukera izan dute 10:00etatik aurrera. Hala, Joseba Segura Bilboko gotzainak, Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko hezkuntza delegatuak, eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak inauguratu dute zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak ardatz izan dituen azoka. San Fidel Ikastolako hiru ikaslek agurra dantzatu, eta abesbatzak pare bat abesti abestu dituzte, azokari hasiera emateko.
Gorroñok, azokak bizitzan izan dezakeen garrantzia azpimarratu du, beregain, ikastola goraipatzeaz gain: “Nik hemen, San Fidel Ikastolan, ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Gehiketak eta kenketak egiten. Eta gaur, hemen, horretarako nago; gehitzeko. STEAM programa honek hainbat proiektu aurkezten ditu, eta zientzia, teknologia, artea, ingeniaritza eta matematikak batzeko aukera paregabea da. Mundu hau konplexua da, eta egungo gazteek, proiektu honeen bidez, konplexutasun horri aurre egiteko bide berriak irakasten dituzte. Eta horrek, benetan gehitzen du”.
Giro itzela arnastu da San Fidel Ikastolan goizean zehar. Izan ere, ehun proiektu baino gehiagoko erakuslehioa erakutsi dute hainbat eta hainbat ikaslek. Gainera, diziplina desberdinak izan dira protagonista; hala nola, proiektu zientifiko eta berritzaileak ere aurkeztu dituzte. Horren erakusle izan dira joko elektronikoak, robot automatak, laborategi eta esperimentu kimikoak eta zientifikoak, maketak, laborategiak, 3D inprimaketa, eguzki-panelak, lorategi bertikalak, laserrak edo beso robotizatuak, batik bat.
Elizbarrutiko 18 ikastetxetako ikasleak bertaratu dira, eta horien artean, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko, Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskolako edo Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolako ikasleak hartu dute parte, Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako ikasleez gain. Adin guztietako ikasleak gerturatu dira -Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketa barne-, halaber, euren ikastetxeetan ikasten eta lantzen dituzten irakasgaiei loturiko proiektu zein egungo arazoentzako konponbideak proposatzeko.
Helburu bikoitza.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azokak helburu bikoitza du: “Alde batetik, azokak, hezkuntza sareak bokazio zientifikoak piztu eta sustatu nahi ditu ikasleen artean; mutilen eta nesken artean. Bestetik, azken urteotan ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologia barritzaileen emaitzak erakutsi nahi ditu, batez ere, proiektuetan eta erronketan oinarritutako ikaskuntza”.
Goiz osoan zehar, ikasleak tailer eta erronka zientifiko eta hezitzaileetan murgilduta aritu dira. Alegia, txikienek domino-tailerrak izan dituzte ingelesez, 3D eraikuntzak edo galdera-jokoak; Lehen Hezkuntzan, tailer eta jolasei esker, neska-mutilek material birziklatuz egindako auto bategaz lehiatu dabe, edo kit elektronikoekaz jolastu dabe. DBHko eta Batxilergoko ikasleek orientazio-tailerretan, programazio robotikoan edo odol-analisietan parte hartu dabe.
Hezkuntza taldeak, ikastetxeen bidez eta, batez ere, ikasleen bidez ezarritako metodologia pedagogikoen emaitza agerian uzten duela nabarmendu du EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko zuzendari den Nerea Begoñak. “EBI sarea aitzindaria izan da diziplina zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko hezkuntza eredu aurreratuenetako batzuk ezartzen”, gaineratu du.
Ikaskuntza-eredu horri esker, ikasleek “euren gaitasunak hobetzen dabez, aztertzeko, informazioa behatzeko, hausnartzeko, sakontzeko eta azaltzen jakiteko”. “Lehen esperientzietatik, ikastetxeetan, umeen ezezagunari eta ustekabekoari aurre egiten ikasten dabe, etengabe aldatzen ari dan mundu batean moldatzen ohitzeko”, azaldu du Begoñak. “Gaur egun, gure konpromisorik garrantzitsuena hurrengo belaunaldia mundu konplexu honetarako heztea da”, gehitu du.