Inoizko parte hartzerik jendetsuena edukiko du VII. Etxera Trailek
Orain arteko kopuru denak hautsiz, ia 1.500 mendizale inguru elkartuko dira, domeka honetan [urtarrilak 26], kirola eta aldarrikapen soziala uztartzen dituen Etxera Trailen.
Mendizaletasuna, kirola eta aisialdia aldarri sozialagaz uztartzen du Etxera Trail mendi lasterketa eta martxak. Euskal preso eta iheslarien etxeratzea helburu, asko eta asko dira urtarrilean Gernika-Lumora hurreratzen diren mendizale nahiz mendi lasterkariak. Aurtengo VII. ekitaldiak, baina, orain arte ezarritako marka guzti-guztiak apurtu egingo ditu. Izan ere, datorren domekan [urtarrilak 26], Pasealekuko irteera zein helmuga eremuan 1.500 lagun inguru bilduko dira. Egun bitarteko marka oro gaindituko du, horrenbestez, etxera trailek.
Antolatzaileak “harrituta” azaldu dira mendizaleen erantzun apartagaz, baina, era berean, zelan edo halan “prest” harrapatu ditu kopuru mardul horrek: “Ez genuen inondik inora 1.400 lagunetik gora inguru elkartzerik espero, baina, iazko 1.200en ondoren, aurreikusten genuen aurtengo aldia ere jendetsua izango zela”. Parte hartzaileek, urtero legez, hiru aukera edukiko dituzte domekan: martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa. Antolakuntzatik iragarri dutenez, 500 lagunetik gora daude martxa luzerako izena emanda; 208, laburrerako; 700etik gora, lasterketarako. Era berean, jatorria izango da partaideen nortasun ikur nagusi. Izan ere, “Hego eta Ipar Euskal Herri osotik” bertaratuko dira mendizaleak: “Toki guztietatik etorriko dira mendizaleak; adibidez, bada Kataluniatik hurbilduko den talde bat ere”.
Antolatzaileak prestakuntzari azken ukituak egiten ari dira egunotan. Ibilbideak garbitzea eta mendi bide eta zidorrei azkenengo gainbegirada egitea izan dira azken atazak: “Lan handia egin dugu, baina ibilbideak garbi eta seguru utzi ditugu; lurraldea eta eguraldia kontuan izanda, lokatza topatuko dute parte hartzaileek, baina gainontzeko dena txukunduta dago”. Aurkitu duten traba nagusia zuhaitzen enborrak bidezidorretatik baztertzea izan da: “Horietako bat, Ganaga inguruan, bertan utzi behar izan dugu, eta gainetik ihesbidea atondu dugu”.
Aukera luzeak eta lasterketak 16 kilometroko luzera eta 600 metro positibo inguruko desnibel metatua edukiko ditu. Gernika-Lumo inguruko hiru tontor entzutetsuenak topatuko dituzte bidean hala martxalariek, nola korrikalariek: Maiaga, Ganaga eta Kosnoaga edo Aixerrota. Aukera laburra hautatzen dutenek, ostera, 6 kilometroko ibilbide errazagoa egingo dute: “Aixerrotara igoera egingo dute; horixe da udalerriko mendizaleon gailur entzutetsuena”. Antolakuntzak aurreratu du ez dela “zailtasun tekniko handirik” egongo ibilbide guztietan.
Martxa luzeko zein laburreko parte hartzaileek egunean bertan izena eman ahalko dute. Laskerketarako dortsalen bat soberan suertatuz gero, horiek ere proba orduko ahalbidetuko ditu antolakuntzak. Lehendabizikoak 09:00etan abiatuko dira, eta bigarrenak, aldiz, 10:45ean. Tartean, lasterkariek 10:30ean ekingo diote lehiari. Sari banaketa ekitaldia 13:00etan egingo dute aurreratu dute. Pasealekuan, gainera, jai aldartea nagusituko da 2025ean ere. Izan ere, partaide bakoitzak herriko tabernetan pintxopotea egin ahal izateko bina txartel jasoko ditu izen emateagaz batera. Aurretiaz izena emandakoek bisera eta katilua jasoko dituzte opari; egunean bertan egiten dutenek, berriz, “beste oroigarriren bat”.
EGITARAUA
URTARRILAK 25, ZAPATUA.
19:00-20:00. Lasterketako dortsalen banaketa.
URTARRILAK 26, DOMEKA.
08:00-08:45. Martxa luzerako izen ematea.
09:00. Hasiera ekitaldia eta martxa luzearen hasiera.
09:00-10:15. Lasterketako dortsalen banaketa.
10:00-10:30. Martxa txikiaren izen ematea.
10:30. Lasterketaren hasiera.
10:45. Martxa txikiaren irteera.
13:00. Sari banaketa eta zozketa, Erreten musika taldeak girotuta.
13:15. Pintxo potea, taberna laguntzaileetan.