Oihana Agirregoitia eurodiputatuak BTWC elkartearen egoitza bisitatu du
EAJko eurodiputatuak Bermeo Tuna World Capital elkarteari egindako bisita ofiziala sektoreko eragile nagusiekin batzartzeko aprobetxatu zuen.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak Oihana Agirregoitia eurodiputatua hartu zuen iragan barikuan [urtarrilak 17]. Bisita ofiziala atun eta hegaluzearen sektorearen erronka eta aukerei heltzeko baliatu zuen EAJko eurodiputatuak.
Agirregoitiak “sektoreko eragile nagusiekin” batzartzeko aprobetxatu zuen, eta BTWCetik adierazi dutenez, industriak dituen erronkei eta Europatik har daitezkeen laguntza-neurriei buruzko “elkarrizketa emankorrak” izan ziren. Nabarmendu dutenez, eurodiputatuak BTWCeko kide diren errakundeek zuzendutako “balio-katea zuzenean ezagutzeko interesa” erakutsi zuen.
Hiru izan ziren Agirregoitiak Bermeon izan zituen jarduera nabarmenenak; Bermeoko Arrantzaleen Kofradiarekin izan zuen bilera, kontserba-sektoreko enpresa buruekin izan zuen bilera eta atunontzi izoztaileen armadoreekin egindako bilera. Kofrafiako ordezkariekin izandako bileran “arrantza-baliabideen kudeaketa iraunkorraren garrantzian”, kofradiaren antolaketaren nondik norakoetan eta Europako politikek artisau-arrantzan duten eraginean sakondu zuten.
Tokiko kontserba-sektoreko enpresa arduradunekin izandako batzarrean, ordezkari nagusiek “sektorearen pisu ekonomikoa” azaldu zioten, baita “kostuak handitzearekin, araudiak betetzearekin eta nazioarteko lehiarekin lotutako erronkak ere”. Atunontzi izoztaileen armadoreekin “funtsezko gaiak” jorratu zituen eurodiputatuak, hala nola, iraunkortasuna, produktuen trazabilitatea eta “EB-Tailandia Merkataritza Libreko Akordioaren balizko eragin negatiboa”. Horrez gain, beste herrialde batzuen aurrean Europako enpresentzat “bidezko lehia-baldintzak” ezartzearen beharrean jarri zuten fokua.
Bisita Eusko Jaurlaritzako Portu eta Arrantza zuzendariekin batera egindako bazkariagaz itxi zuten. BTWCtik azpimarratu dutenez, topaketa horrek harremanak sendotu eta “inguru informalago” batean elkarrizketekin jarraitzeko aukera eskaini zien.
Agirregoitiaren bisita “oso positiboki” baloratu dute elkartekoek, “arrantza-sektorearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzeko nazioarteko lider gisa BTWCk duen zeregina berretsi duelako”. Era berean, instituzioetako arduradun berriei elkartea osatzen duten erakundeen “lankidetzarako borondatea helarazteko” balio izan duela gehitu dute; hau da, beraien jarduerak egiten dituzten tokietan “balioa eta jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzeko, enplegua sortzeko eta tokiko eta nazioarteko garapen ekonomikoari laguntzeko” nahia zabaltzeko.