Gernika Sarietarako hautagaiak otsailaren 7ra arte aurkez daitezke
Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago, otsailaren 7ra bitartean. Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek.
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago. 2005az geroztik, urtero banatzen dituzte sari horiek Gernika bonbardatu zuteneko urteurren egunean, eta 2025eko sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 7an (barikua) amaituko da.
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona anonimoen lana saritzea dute asmo sariok, baita gatazkak konpontzen ahalegintzeagatik eta etorkizunari begirako berradiskidetze prozeduretako oinarriak ezartzeagatik nabarmendu diren liderrak, pertsona ezagunak edo erakunde garrantzitsuak saritzea ere.
Hautagaitzak Gernika-Lumoko giza talde, kultur, kirol edota gizarte eragileen bitartez aurkeztu daitezke, baita udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko batek bermatuta ere. Pforzheimgo Udalak ere proposamenak egin ahalko ditu. Baina talde edo elkarte bakoitzak hautagai bakarra aurkeztu ahal izango du, eta, horretarako, proposatu nahi den hautagaitzari buruzko merezimendu txostena egin eta aurkeztu beharko dute interesatuek.
Hain zuzen ere, dagoeneko Gernika Memoriaren Lekukok aurkeztu du bere hautagaia: UNRWA. Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa emateko “zeregin paregabea” egiten duen UNRWA elkartea saritzea proposatu du, Gernika-Palestina deialdi herritarragaz eta Mundubat elkarteagaz batera.
Hautagai denak kontutan izanda, epaimahaiak erabakiko du sari hori nori eman. Gernika-Lumoko alkateak, udalbatza osatzen duten hiru kidek, Pforzheimgo alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariek, Bakearen Museoaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeko ordezkariak osatzen dute epaimahaia.
Balioak sustatzea.
Aurtengoa, sarion 20. edizioa izango da, apirilaren 26an Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian egingo dena. Sari hau banatzen hasi zirenetik asko izan dira sarituak.
1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak. Euren asmoa udalerritik Bakearen eta Berradiskidetzearen Kulturaren balioak sustatzea izan zen. Eta, ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearen Ikerketa Zentroa sortu zuten, baita Gernikako Bakearen Museoa ere.
Urte hauetan zehar egindako berradiskidetzearen aldeko lana da azpimarratu beharrekoa. Tartean, nazioarteko aitorpena jaso zuten Gernika Sariek; Unescok Europako eskualdeko Bakearen Hiriak Saria 2002-2003 eman zion 2004ko irailaren 9an.
Iaz, Mediterraneoko Justuak eta Bakearen Aldeko Borrokalariak saritu zituzten. Bakearen alde egindako lanagatik saritu dituzte erakundeak, eta sarituak “pozik” eta “eskertuta” agertu ziren jasotako aitorpenagaitik. Gatazka eta okupazioa amaitzeko behar den gizarte azpiegitura eraikitzeagatik saritu zituzten Bakearen aldeko Soldaduak. Bestalde, Mediterraneoaren Justuak 2018ko Bakearen Nobel Sarirako 53 erakunde humanitariok eta merezimenduzko 14 erakunde pribatuk aurkeztutako hautagaitza bateratuaren izena da. Itsasoan aurkitzen dituzten errefuxiatuei laguntzeagatik jaso zuen saria.
Horiez gain, asko izan dira saria hartu dutenak: Daniel Barenboim, Helena Maleno, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren, Jose Mugica, Majors for Peace edo 1000 emakume bakearen alde.