Erroxape Emakumeen Elkarteak narrazio laburren lehiaketa abiarazi du
Ohi legez, emakumea izan beharko da lehiaketara aurkeztutako narrazioen gaia. Otsailaren 14a [barikua] da lanak aurkezteko azken eguna.
Martxan da Erroxape Emakumeen Elkarteak bi urterik behin antolatzen duen Kontakizun Laburren Lehiaketa. Ohi legez, aurtengoan ere emakumea izango da narrazioek jorratu beharreko gaia. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 14ko [barikua] 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte beraien idatziak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “18 urtetik gorako edozeinek” parte hartu dezake lehiaketan, eta lanak euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahal izango dira, Erroxapek Erretenen duen lokalean, udal liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean edo Bermeoko 115 posta kutxan.
Oinarriak.
Erroxapetik jakinarazi dutenez, kontakizunek lau eta sei orrialde artean izan beharko dituzte eta lanak “orrialde batera” idatzi beharko dira, hutsune bikoitzean eta orriko 1.200 karaktererekin. Irizpide horiek betetzen ez dituzten lanak “zuzenean kanporatuak” izango dira. Era berean, egile bakoitzak gutun-azal itxi batean hiru kopia aurkeztu beharko dituela zehaztu dute; bertan, aurkezten duten idatziaz gain, beste gutun azal bat ere sartu beharko da, egilearen izen-abizen, helbide eta telefono zenbakiarekin.
Lehiaketara ezingo dira beste edozein lehiaketan saritutako lanak aurkeztu. Kontakizunek, gainera, “jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak” izan beharko dute.
Epaimahaiak egile bakoitzaren lan bakarra sarituko du, eta edozein sari banatu gabe uzteko eskubidea izango du. Era berean, saritutako lanak Erroxape Emakume Elkartearen jabetzan geratuko direla azpimarratu dute; saririk jaso ez dutenak, berriz, ekainaren 1etik aurrera batu ahal izango dituzte egileek.
Sariak.
Lan sarituak emakume elkarteak Martxoak 8rako antolatuko dituen ekintzen barruen jakinaraziko dela iragarri dute. Bertan, euskarazko eta gaztelaniazko narrazio onenek 250 euro eta plaka jasoko dituzte. Finalistek berriz, 150 euro eta plaka eramango dituzte. Accesita lortzen dutenek plaka eramango dute etxera.
Erroxape Emakumeen Elkarteak eta Bermeoko Udalak Kontakizun Laburren Lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.