Bermeo inguruak ezagutu dituzte berbalagunek
Hurrengo irteera otsailaren 23an [domeka] izango dela aurreratu du Bermeoko Berbalagunek. Hitzordua 9:30ean jarri dute, Taraskan.
Ariketa fisikoa egin eta bitartean euskara praktikatzeko helburuagaz, Bermeoko inguruak oinez ezagutzeko irteera antolatu zuen Bermeoko Berbalagunek domekan [urtarrilak 19]. Deialdiagaz bat egin zuten 20 lagunek “zailtasun gutxiko” 16 kilometroko ibilbide zirkularra egin zuten.
Hitzordua 09:30ean zuten jarrita, Taraskan, eta azaldu dutenez domeka goizeko hotza lagun izan zuten ibilbidean zehar aldapak igotzeko orduan: “Lehenengo zatia errotetatik gora egin genuen, Nafarrolatik Tribisera heltzeko”. Bidea leuntzean, talde argazkia atera eta hamaiketakoa hartzeko aprobetxatu zuten.
Indarrak berreskuratu ostean, mendi bideetatik jarraitu zuten, Katillotxu albo batera utzi eta Mundakaranzko bidea hartuta. Berbalagunetako batzuk aurreikusita zegoena baino arinago itzuli ziren etxera, Demiku aldetik, baina hala ere, “talde ederra” geratu zen Betrokolatik Erroxapera jaisteko. Hala, “goiz ederra” pasatu eta gero, 14:30ak aldera iritsi ziren Artzara, eta bertan agurtu ziren hurrengo irteeran berriz elkar ikusi arte.
Bermeoko Berbalagunek jakinarazi duenez, hurrengo irteera otsailaren 23an [domeka] izango da, eta aurreko domekan egin bezala, 09:30etan jarri dute hitzordua, Taraskan.